Marianne Vosek irabazi du Giroko bigarren etapa

Van Vleuteni eta Brandi hartu die aurre esprintean, eta Santesteban zazpigarren izan da. Nieuwadomak maglia arrosari eusten dio

Marianne Vosek irabazi du Giroko bigarren etapa.
Julen Etxeberria.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Marianne Vosi (CCC-Liv) ez zaio irabaztea ahaztu. Inoizko txirrindulari onenak denbora darama Anna van der Breggen (Boels) eta Annemiek van Vleutenen (Mitchelton) itzalean, baina oraindik ere eutsi egiten dio indarrari, kalitateari eta irabazteko goseari. Atzo erakutsi zuen, Italiako Giroko bigarren etapan nagusituta. Italiako lasterketan lortu duen 22. garaipena da. Zortzi ekitaldi ezberdinetan lortu ditu. Uzta eder horri esker, hiru aldiz irabazi du Giroa, 2011n, 2012an eta 2014an.

32 urteko ziklista herbeheretarra izan zen azkarrena Viun hasi eta toki berean amaitu zen saioan. Esprintean gailendu zitzaien Giroa irabazteko hautagai guztiei. Haren atzetik sailkatu zirenen zerrenda ikusi besterik ez dago garaipenaren distiraz jabetzeko: Van Vleuten, Lucinda Brand (Sunweb), Van der Breggen, Soraya Paladin (Ale Cipollini) eta Amanda Spratt (Mitchelton) helmugaratu ziren Vosen atzetik, hurrenez hurren. Zazpigarren iritsi zen Ane Santesteban (WNT-Rotor), lan bikaina eginez. Haiekin batera ailegatu zen Katarzina Niewiadoma (Canyon) liderra. Beraz, poloniarrak maglia arrosari eusten dio. Bi taldekide ditu atzetik: Omer Shapira eta Alena Amialiusik, hamabi eta hemeretzi segundora, hurrenez hurren. Santesteban da lehen euskal herritarra, 22. postuan, 1.50era. Eider Merinok (Movistar) hamabi segundo galdu zituen atzo, eta 24. da nagusian, 1.53ra. Enara Lopezek (Bizkaia-Durango), azkenik, 47 segundo galdu zituen, eta 74. da, 6.01era. Gaur, hirugarren etapa jokatuko dute. Goian amaituko da, Piedicavallo mendatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.