Marcel Queheille txirrindulari ohi zuberotarra zendu zen atzo, 91 urterekin, Oloroeko ospitalean (Biarno). Deabru gorria ezizena zuen tropelean, eta 1957tik 1963ra artean izan zen profesional. Jacques Anquetil eta Raymond Poulidor txirrindulari historikoentzat lanean aritzea egokitu zitzaion, baina bere ibilbidean izan zuen loriarako aukerarik: 1959an, Frantziako Tourreko etapa bat irabazi zuen, Bordele eta Baiona artean jokatu zena. Bi marka ezarri zituen garaipen horrekin: Euskal Herrian bertan etapa bat irabaztea lortu zuen lehenbiziko euskal ziklista izan zen, eta, horrez gain, etapa bat irabazi duen zuberotar bakarra da. Aurtengo ekitaldia bukatu bezperan zendu da.
Queheille Zalgizen jaio zen, 1930eko martxoaren 16an, eta jaioterrian bizi izan zen heriotzara arte. "Hemen sortua naiz, Zalgizen, eta hil nahi nindukezu Zalgizen", adierazi zion Euskaldunon Egunkaria-ri 2002an eman zion elkarrizketa batean. Tourreko etapaz gain, bertze garaipen handi bat du palmaresean: Dauphine Libere astebeteko itzuli ospetsuko etapa bat, 1959an irabazia, Tourrean besoak altxatu zituen urte berean.
Profesionaletan egin zituen zazpi urteetan, Frantziako lau Tourretan parte hartu zuen, eta Espainiako hiru Vueltatan. Txirrindulari txikia eta arina zen, eskalatzaile petoa. Tourreko sailkapen nagusian 21.a izan zuen posturik onena, eta Vueltan, berriz, 26.a (biak 1961ean).
Baionako garaipena
Queheilleren izena estu lotuta gelditu da Baionako helmugan lortu zuen garaipenari. Tourra 1903an sortu zutenetik Euskal Herrira anitzetan ailegatua bazen ere (Baionara nagusiki, baina baita Miarritzera, Hendaiara eta Donostiara ere), zaleek sekula ez zuten etxeko txirrindularirik ikusi helmuga lehenbiziko tokian gurutzatzen. Zuberotarra izan zen lehenbizikoa hori egiten. 1959ko ekitaldiko bederatzigarren etapan izan zen.
Ez zen, preseski, Queheillerentzako ibilbide egokia, Bordele eta Baiona artean bidea arruntean laua baitzen. Ihesaldi bat antolatu zen, eta zuberotarra tropeletik bakarrik atera zen haien bila. "Haiekin ibili naiz, eta, Euskal Herrira heldu ginelarik, 25 kilometro Baionatik, nihaur bakar batean eskapatu naiz, eta finitu dut lehen. Hala irabazi dut etapa", kontatu zion Egunkaria-ri.
Queheilleren ondotik, bertze hiru euskal txirrindularik lortu dute etxean etapa bat irabaztea: Jose Nazabalek, Gasteizen (1977); Miguel Mari Lasak, Miarritzen (1978); eta Miguel Indurainek, Donostian (1992). Indurainek, gainera, maillot horia jantzi zuen etapa irabazita.
Urtebete Kasen
Queheille 1950eko hamarkadaren hasieran hasi zen bizikletan ibiltzen, lan istripu baten ondoren sasoia berreskuratzeko. Frantziako Federazioan lizentzia atera, eta lasterketak lehiatzen hasi zen. 1957an lortu zuen profesional egitea, eta punta-puntako taldeekin aritu zen. Urte gehienak Mercierrekin egin zituen (1957-1960), eta 1961ean euskal talde batek fitxatu zuen: Kasek. Arabako freskagarrien markak babesten zuen taldeak Oloroeko Royal Asport bizikleta markarekin bat egin zuen, eta Frantziako tropeleko txirrindulariak fitxatu zituen. Horiekin joan zen Queheille.
Hala, denboraldi batez taldekidetzat izan zituen, bertzeak bertze, Patxi Gabikagogeaskoa, Benigno Azpuru eta Eusebio Velez euskal ziklistak. Urte ona egin zuen Queheillek. Vueltan, hurbil izan zuen Euskal Herrian etapa bat irabaztea (hirugarren egin zuen Donostia eta Iruñea artekoan, Marcel Rohrbach garailearengandik bortz segundora helmugaratuta); baita Tourrean Pirinioetan garaipen bat lortzea ere (Eddy Pauwels garailearengandik bortz segundotara helmugaratu zen han ere, Tourmalet buruan pasatu ondotik).
1963an utzi zuen txirrindularitza, 33 urterekin, jarraitzeko eskaintzarik izan ez zuelako. "Ez nuen deus ahal egiten. Fini, eta Zalgizera. Ebanista lotu nintzen lanean". Jaioterritik hurbil, Atharratze-Sorholüzen eginen diote azken agurra, etzi. Zuberoan haren omenez La Marcel Queheille bizikleta martxa egiten da urtero. Aurten, heldu den abuztuaren 8an egitekoa da, Mauletik abiatuta. Inoiz baino bereziagoa izanen da.