TXIRRINDULARITZA

Marc Hirschik irabazi du Donostiako Klasikoa

Hirschik indar erakustaldia eginda irabazi du Donostiako Klasikoa, buruz buruko eder batean Julian Alaphilippe gainditu ondoren. Suitzarrak denboraldiko 63. garaipena eman dio UAE taldeari

Hirschik esprintean garaitu du Alaphilippe. GORKA RUBIO / FOKU
Hirschik esprintean garaitu du Alaphilippe. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2024ko abuztuaren 10a
19:09
Entzun

Euskal Herriko errepideak are maiteagoak izango ditu aurrerantzean Marc Hirschik (UAE). Joan den urtean Ordiziako (Gipuzkoa) lasterketa irabazi bazuen, euskal lurretan bigarren garaipena eskuratu du gaur suitzarrak. Besteak beste, Donostiako Klasikoaren 44. ekitaldia irabazi du, buruz buruko eder batean Julian Alhapilippe (Soudal-Quick Step) gainditu ondoren. Bi txirrindulari horiek indartsuenak izan dira Pilotegi azken mendatean gora, eta elkarrekin ziztu bizian egin dute gainetik helmugarako bidea. Bada, azken metroetan pedal kolpe indartsuagoa azaldu du garaileak; errematatzaile sena berretsi du, eta arazorik gabe altxatu ditu bi besoak helmugan. Hala, denboraldiko laugarren garaipena erdietsi du, eta UAE taldeari sasoiko 63. garaipena eman dio. Hirschiren eta Alaphilipperen atzetik, Lennert van Eetveltek (Lotto Dstry) osatu du podiuma.

Beste behin, UAE taldearen lana eta agintea begien bistan geratu dira. Tadej Pogacar taldeko izarrak lasterketan parte hartu ez duenez, beste ziklista batzuek askatasunez jokatu ahal izan dute, eta ez alferrik. Mailaz eta garaipen kopuruz talderik onena hura dela berretsi du UAE-k, eta Hirschik ederki biribildu du lana helmugan. Taldekideen inguruan hitz onak izan ditu etapa amaitu berritan. «Luzaroan egon naiz hainbeste gozatu gabe; gustura sentitu naiz euskal errepideetan. Azken kilometroetan burutsu jokatu du talde osoak, eta esprintean errematea jarri diot lan horri guztiari. Etapa gogorra izan da, baina garaipenak izugarri ase nau. Nire kirol ibilbideko garaipen garrantzitsuenetakoa da». Joan den astean Txekiako Tourrean nagusitu zen Hirschi.

Lasterketako 236 kilometroei ez ezik, bero sapari ere aurre egin behar izan dio tropelak hasieratik. Ihesaldi saiakerak ugari izan dira lehen kilometroetan, baina pelotoiak ez du horretarako baimenik eman denbora puska batean. Hots, azkenean hamar txirrindularik osatu dute taldetxo bat aurrean: Simon Carr (Education Easy Post), Warren Barguil (DSM), Amanuel Ghebreigzabhier (Lidl-Trek), Sylvain Moniquet (Lotto Dstny), Davide de Pretto (Jayco AlUla), Jesus Herrada (Cofidis), Ben Zwiehoff (Red Bull), Thibaut Guernalec (Arkea), Adne Holter (Uno Mobility) eta Pierre Latour (Total Energies). Elkarlan polita egin dute denek, baina lau minutukoa izan dute alderik handiena. Izan ere, Visma-Lease a Bike taldea serio aritu da lanean tropelean, gerora Jonas Vingegaard liderrak zerbait egin zezakeen esperantzan.

Vingegaardek, kale

Jaizkibel mendatean gora abiatzearekin batera sakabanatu dira iheslari guztiak, eta Carrek soilik bereganatu du lasterketa burua. Lan handia egin du luzaroan, baina Erlaitz mendateak jarri du bakoitza bere tokian. Baita Carr ere, hango malda handietan geratu baita atzean. Mugimendu interesgarriak izan dira, eta Alaphilippek jo du erasorik bortitzena. Soilik Florian Lipowitzek (Red Bull) eta Pavel Sivakovek (UAE) jarraitu diote, eta Klasikoa irabazteko faborito nagusiak kale egin du: Vingegaardek. Indarrez hustuta geratu da, ohikoa duen abileziarik eta gorputzaldirik gabe, eta haren taldeak ordura arte egindako lana ezerezean geratu da segundo gutxi batzuetan. Lasterketa burua, berriz, Sivakovek eskuratu du, eta haren atzetik hemezortzi txirrindulariz osatutako taldea eratu da. Tartean ez zen euskal ziklistarik; are atzerago ziren Mikel Landa (Soudal Quick-Step) eta gainerakoak.

Gauzak hala, Sivakov lasterketa buruan zen, eta bizkarra ederki babestuta zeukan, atzeko taldetxoan beste hiru taldekide zituen eta; Hirschi, haien artean. Hala, UAE-k ez du erreleborik eman behar izan taldetxo horretan, eta indarrak gordetzea garrantzitsua zen azken kilometroei begira. Aparteko lana egin du Sivakovek aurrean, baina jakina zen Pilotegik emango zuela azken epaia. Mendate beldurgarri horretan minutu erdiko aldearekin sartu da iheslaria, baina azkar irentsi du taldetxoak. Mugimenduak bata bestearen atzetik izan dira, baina aparteko sakabanaketarik ez da izan. Maila parekatuan aritu dira txirrindulariak, baina berriz ere Alhapilippe bilakatu da protagonista. Hark piztu du eromena, bakoitzak ahal bezala egin du aurrerako bidea, eta soilik Hirschik eutsi ahal izan dio frantziarraren erritmoari. Mendatearen gogortasuna neurrigabea izan arren, oso alde txikiak izan dira gainaldean.

Nor baino nor gehiago Alaphilippe eta Hirschi geratu dira azken kilometroetarako, eta soilik zazpi segundora zetorkien atzetik Van Eetvelt. Hortaz, aurreko biak behartuta zeuden erreleboak zintzo eta ongi ematera, bien mesederako baitzen. Bazekiten oker txiki bat nahikoa zutela beste norbait etapa garaipenaren lehian sartzeko. Ez da halakorik gertatu, eta buruz burukorako prest ziren aurreko biak. Elkar ezin hobeki ezagutzen dute; ongi zekiten bata bestearen berri, eta urrutitik abiatu dute esprinta. Hirschik jo du helmugarako ehun metro falta zirela, konfiantzaz eta indarrez ongi sentitu da, eta aise irabazi du. Aurrez indarrak ongi gorde izanak urrearen balioa izan du, eta hunkituta agertu da helmugan.

Palestinako banderak nonahi

Lasterketan zehar toki ugaritan agertu dira Palestinako banderak. Izan ere, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak Palestinako herriari elkartasuna agertzeko eskatu du. Horretarako, zera eskatua zuten: «Gure ikurrei Palestinako ikurrak gehitzea». Aurrez, Gernika-Palestinak eskatua zuen Israel-Premier Tech txirrindulari taldeari Donostiako Klasikoan parte hartzea galarazteko, baina erakundeek ez dute halako neurririk hartu.

SAILKAPENA

1. Marc Hirschi (UAE) 5.46.12

2. Julian Alaphilippe (Soudal) d.b.

3. Lennert van Eetvelt (Lotto) 7ra

4. Kevin Vermaerke (DSM) 17ra

5. Jhonatan Narvaez (Ineos) 25era

6. Neilson Powless (Education) d.b.

7. Patrick Konrad (Lidl) d.b.

8. Michael Woods (Israel) d.b.

9. Jan Christen (UAE) 36ra

10. Brandon McNulty (UAE) 37ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.