Maratoirako prest

Gaur hasiko da Binakako Txapelketa, eta lau hilabete luze iraungo du. Altuna III.ak eta Ezkurdiak elkarren aurka jokatuko dute

Mikel O. Iribar.
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Pilotariek ez dute atsedena hartzeko betarik. Joan den igandean Lau eta Erdiko Txapelketari amaiera eman eta bost egunera, Binanako Txapelketari ekingo zaio. Aurtengo txapelketa, gainera, are luzeagoa izango da. Lehiaketak apirilaren 5a bitarte iraungo du, eta, guztira, 65 norgehiagoka izango ditu. Beraz, lau hilabete iraungo du. Gaur hasiko da maratoia.

Pilotazaleek aspertzeko aukerarik ez dute izango aurtengo Binakako Txapelketan. Lehenik eta behin, zortzi bikotek osatutako lehen ligaxkan 56 partida jokatuko dituzte. Lehen ligaxka horretan, iazko formatu berean ariko dira nor baino nor gehiago, bi itzulitan. Aurtengo txapelketan, ordea, bada berrikuntzarik; ligaxkako lehen bi bikoteak zuzenean finalerdietarako ligaxkarako sailkatuko dira, eta beste bi bikoteak, berriz, kanporaketa bidez erabakiko dira. Hau da, hirugarren bikoteak seigarrenaren aurka jokatu beharko du, eta laugarrenak bosgarren bikotearekin neurtu beharko ditu indarrak. Bi partida horietako irabazleek finalerdietarako lekua eskuratuko dute. Ligaxka horretan, lau bikote elkarren aurka lehiatuko dira, eta, guztira, sei partida jokatuko dira. Ligaxka horretatik aterako dira, hain zuzen ere, apirilaren 5ean Bizkaia frontoian jokatuko duten bi bikote finalistak.

Estreinaldi erakargarria

Binakako Txapelketari gaur emango zaio hasiera Azkoitiko (Gipuzkoa) Gurea pilotalekuan, eta joan den igandean Lau eta Erdiko finala jokatu zuten bi pilotariengan dituzte pilotazale gehienek begiak jarriak, hau da, Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunarengan. Amezketarrak igandean jaso zuen kolpea leundu nahiko du, Ladis Galartza bikote duela. Halere, Altunak ez dio garrantzirik eman nahi. «Mina barruan daramat, baina orain egoerari buelta eman behar zaio. Kirola horrelakoa da. Orain beste txapelketa bat hasiko dugu, eta oso motibatua nago». Arbizuarra, berriz, Lau eta Erdiko txapeldun izan berritan, bolada onari segida ematen ahaleginduko da, eta, horretarako, Julen Martija etxeberriarra izango du atzealdean. Ezkurdiak aitortu du zaila dela «txipa aldatzea» finalean pilatutako tentsioarengatik. Iaz ere, Ezkurdiak Lau eta Erdiko Txapelketa irabazita Altunaren aurka jokatu zuen binakako lehen partidan. «Txapelketa luzeagoa da, eta oso kontzentratua egon behar duzu».

Gaur iluntzean jokatuko den lehiak ikusmin handia sortu du pilotazaleen artean, hamabi urte igaro baitira Gurea pilotalekuan Binakako Txapelketako azken partida jokatu zenetik. 2007ko otsailaren 10ean izan zen partida hura, eta Augusto Ibañez Titin eta Oscar Lasa nor baino nor gehiago lehiatu ziren Asier Olaizolaren eta Ruben Belokiren aurka.

Asteburuan zeharreko partidetan, azpimarratzekoa izango da Erik Jakak etaUnai Lasok Binakako Txapelketan egingo duten debuta. Bestalde, ikusteko dago Mikel Urrutikoetxea lesiotik nolako sasoian itzultzen den kaiolara. Zaratamoko (Bizkaia) pilotariak, 2016an bezala, Aimar Olaizolarekin osatuko du bikotea. Andoni Aretxabaletak, berriz, Jon Mariezkurrenari zegokion lekua hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.