Maratoilaririk azkarrenen topalekua

Kenyako Rift Haran Handia probintzian dago Txapeldunen Etxea bezala ezagutzen den Iten hiria. Hiri horretan eta inguruko eskualdean daude distantzia ertaineko eta luzeko atletarik onenen entrenamendu esparruak.

Lasterketa bat Tambacheko atletismo pistan, Itenetik gertu (Kenya). AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA
Lasterketa bat Tambacheko atletismo pistan, Itenetik gertu (Kenya). A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
Iten (Kenya)
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Atleta izan nahi zuen. 20 urte inguru zituela hartu zuen erabakia. Gurasoen etxea utzi eta Kericho haranetik Eldoret hirira (Kenya) joan zen. Ehun kilometro baino gehiagoko bidaian, aurrezturiko diru guztia gastatu zuen. Eldoreten ez zuen inor ezagutzen, baina bazekien Kenyako korrikalaririk onenak han entrenatzen zirela eta haiekin lehiatzera iritsi nahi zuen Anthony Maritimek (Kericho, Kenya, 1986). Izan ere, Afrikako herrialde horretako gizon eta emakume azkarrenen topaleku dira Eldoret eta inguruko Kaptagat eta Iten hiriak. Horregatik deitzen diote azken horri Txapeldunen Etxea.

Ia bi hamarkada daramatza Maritimek han bizitzen. Atleta da. Mundu mailako talderik garrantzitsuenetako baten parte izatera iritsi zen, eta garaipenak lortu zituen Europako zenbait lasterketatan. Alemaniako Kolonia hirian lehiatu zen, estreinakoz, maratoi batean; eta lehen postuan helmugaratu zen. Ordutik korritu dituen hamahiru maratoietatik, hamabitan helmugaratu da lehen hamarretan; tartean, garaipenak lortuta Bartzelonan, 2018an; eta Linzen (Austria), 2015ean eta 2017an.

Maila horretara heltzeko bidea, ordea, ez da xamurra izan. Xehetasun handiz du gogoan etxea utzi eta Eldoretera iritsi zen eguna. Ez zeukan dirurik, ez lo egiteko tokirik, eta ez zuen inor ezagutzen. Keino Kipchoge atleta ohiaz gogoratu zen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan munduko lasterkaririk onenetako bat izan zen 1.500 eta 3.000 metroko probetan. Maritimek bazekien hirian kirol denda bat zeukala, baita korrikalarientzako entrenamendu esparru bat ere.

Anthony Maritim maratoilaria Iten hiriko ostatu bateko lorategian. AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA
Anthony Maritim maratoilaria, Itengo ostatu bateko lorategian. A. GARMENDIA ETXEBERRIA

«Eldoretera iritsi nintzenean, autobus gidari bati galdetu nion dendagatik. Goizeko bederatzi eta erdiak izango ziren heldu nintzenean, baina Kipchoge ez zen ageri. Ordu erdiz itxaron, eta, iritsi zenean, neure burua aurkeztu nion, nondik nentorren azaldu eta entrenatzeko asmoz nenbilela esan». Maritim eskola garaian baino ez zen lehiatu atletismoan, eta ez zeukan entrenamendu esparru batera sartzeko balioko zion emaitzarik. «Esan zidan ezin zuela ezer ere egin».

Etxaldetik, entrenamendu esparrura

Gazteak ez zeukan beste aukerarik, eta, azkenean, Kipchogek bere etxaldera eraman zuen. Ez zuen entrenatzen, baina, lan egitearen truke, lotarako toki bat eskaini zion atleta ohiak. Hiru hilabetez egon zen Kipchogerentzat lanean, eta, jarraian, beste baserri batera eraman zuten. «Han behiak zituzten, eta entrenamendu esparru batetik hurbil zegoen. Goizean goiz esnatzen nintzen, esne marmitak autoan sartu eta herrira eramaten nituen. Goizeko sei eta erdietarako, ukuilua garbitu eta libre izaten nintzen.Orduan, entrenatzen hasi nintzen, korrikalari talde bati jarraika. Eta, arratsaldean, berriz ere lanera».

Hala hasi zen Maritim atleten bizimodura hurbiltzen. Eta baserria ere utzi zuen: «Baten batzuk ez zeuden nirekin gustura, eta ni etxaldetik kanporatzea nahi zuten. Hori ikusita, pentsatu nuen… 'A, bai? Ados, libre naiz. Hau ez da nire lana; ni atleta naiz'». Entrenamenduetan zenbait lagun eginak zituen, eta, haiei esker, Iten hirian amaitu zuen, Eldoretetik 35 kilometrora. Pare bat hilabete geroago, Herbehereetako Global Sports Communication kirol agentziaren entrenamendu esparruan sartzeko probak gainditu zituen.

Munduko talderik garrantzitsuenetako baten parte izatera iritsi zen. Agentzia hark kudeatzen duen NN Running Team taldean aritu zen 2014tik 2019ra bitartean. Taldearen entrenamendu esparruan bizi zen, entrenatzaile bat zeukan, eta mundu guztian zehar hasi zen lasterketak korritzen. Jada atleta zen. Garai horretan lortu zituen emaitzarik onenak. Eta orduan ezagutu zuen beste Kipchoge bat, Maritimen taldekidea izan zen Eliud Kipchoge. Maratoiko proban, urrezko domina irabazi du azken bi Olinpiar Jokoetan, eta faborito nagusia da hiru hilabete barru jokatuko den Parisko Olinpiar Jokoetarako.

Kiptumen heriotza

Kipchogeren nagusitasuna amaitzeko hautagai nagusia zen Kelvin Kiptum. Iaz, Chicagoko maratoian (AEB) munduko errekorra hautsi zuen 24 urteko kenyarrak. Kipchogerena zen ordura arteko markarik onena, baina Kiptumek hori hobetu zuen, eta, lehen aldiz, 42 kilometro pasatxoak bi ordu eta minutu bat baino gutxiagoan osatu zituen. Atleta gaztea, baina, joan den otsailean hil zen. Bihar beteko dira hiru hilabete Eldoretetik Kaptagatera bidean auto istripua izan eta han zendu zenetik.

Otsailaren 11ko gauean gertatu zen ezbeharra. Eta hurrengo egunean, ohi bezala, goizeko seiak alderako eguna argitu zen Itenenen. Eguzkia Rift Haran Handitik ateratzen da 2.400 metrotara dagoen hirian. Eta lehen argi izpiek behe laino leuna zeharkatzearekin batera, ehunka korrikalari agertzen dira errepide ertzetako bideetan. Otsailaren 12an, 6:30ean elkartu zen CloudNine taldea —babeslerik ez duten zenbait korrikalariri laguntza eta nazioartean lehiatzeko aukera ematen die talde horrek— Itengo sarrerako arkuaren alboan. «Ongi etorri Txapeldunen Etxera», jartzen du arkuan. Entrenatzaileak eguneko saioa azaldu ostean, gaueko gertakaria hartu zuen hizpide, bizitza beste edozeren gainetik dagoela adierazi zien korrikalariei, eta minutu bateko isilunea egin zuten Kiptumen omenez. Jarraian, hemeretzi kilometroko entrenamendu «lasaiari» ekin zioten.

Keniako egunkarien azalak Kelvin Kiptum hil eta bi egunetara. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Kenyako egunkarien azalak, Kelvin Kiptum hil eta bi egunera. A. GARMENDIA ETXEBERRIA

Entrenatzen ari diren bitartean, ia ez dute hitzik egiten kenyarrek; bada, egun hartan, are eta urriagoak izan ziren hitzak. Telebista kateetan beste albisterik ez zen, egunkarietako azal guztiek atleta gaztearen irudia zekarten, eta hurrengo egunetan nonahi egin zizkioten omenaldiak. Itenen ere egin zuten ekitaldi xume bat Kiptum oroitzeko. Haren argazki baten aurrean kandelak piztu zituzten. Itengo herritarrak eta korrikalari kenyarrak baino, atzerritik entrenatzera joandako atletak izan ziren han batu ziren gehienak. Izan ere, azken urteetan gero eta gehiago dira korrikalari kenyarren sekretuaren bila atzerritik bertaratzen direnak.

Kenyarren nagusitasuna

Inoiz egin diren hogei maratoi azkarrenetatik hamalau kenyarrek irabazi dituzte. Eta nagusitasun hori ez da 42 kilometroko probetara mugatzen. Azken hamarkadetan, distantzia ertaineko eta luzeko lasterketetan —800 metrotik 42 kilometrora artekoak— nagusi izan dira kenyarrak. Azken Olinpiar Jokoetan, Tokion, esaterako, distantzia horietako proban jokoan zeuden 36 dominetatik hamar irabazi zituzten; bost gizonezkoetan eta bost emakumezkoetan, guztiak atleta ezberdinekin. Lasterketa horietan domina gehien eskuratu zuen bigarren herrialdea AEBak izan ziren; bost eskuratu zituzten, kenyarrek lortutakoen erdiak. Aurreko jokoetan are eta ageriagoa izan zen nagusitasuna: Rio de Janeiron —2016— hamaika domina eskuratu zituzten kenyarrek distantzia horietako probetan; Londresen —2012—, hamahiru; eta Beijingen —2008—, hamasei. Joko horietan guztietan gehien hurbildu zitzaien herrialdea Etiopia izan zen.

Nagusitasun hori dela eta, atzerriko atleta ugari hasi dira Kenyako lur gorritan euren zapatila garestiak zikintzen; oinetakoek kolore gorria hartzen duten moduan, haiei ere kenyarren gaitasuna erantsiko zaien esperantzarekin. Mzungu deitzen diete hangoek azal zurikoei, eta haurrek kasu egiten diete ikusten dituzten bakoitzean. Maritimek galderak erantzun dituen ostatuan, esaterako, hura da lanean ari ez den kenyar bakarra. Lorategiko zaintzailea, sukaldariak eta masajista izan ezik, ostatu hartuta dauden guztiak atzerritarrak dira: estatubatuarrak, alemaniarrak, danimarkarrak edota japoniarrak, besteak beste. Bertakoentzat diru iturri bihurtu da atletismoa. Ohikoak diren denda txiki, jatetxe eta aroztegiez gain, orain kirol dendak, korrikalarientzako hotelak, masaje zentroak eta sauna zein krioterapia guneak ere badaude Itenen.

Iten hiriaren sarreran dagoen arkua. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Txapeldunen Etxera ongietorria ematen duen arkua, Itenen. A. GARMENDIA ETXEBERRIA

Kirol turismoa negozio bihurtu da piki-piki eta matatu-entzat ere. Piki-piki deitzen diete motoei, eta matatu-ak furgonetak dira; biek ala biek taxi moduan funtzionatzen dute. Korrika egiteaz nekatu diren atletak ostatuetara bueltan eramaten dituzte motoek, eta furgonetak hartzen dituzte Itenetik Eldoreteko atletismo pistara joan nahi dutenek. Eldoretekoa da inguru horietan lurrezkoa ez den pista ireki bakarra; gainontzekoak pribatuak dira, edo lur gorriaren gainean pintaturiko pistak baino ez.

Korrika, atleta izateko

Atletismo pistara joateko soilik ez, familiarekin egoteko ere joaten da Anthony Maritim Eldoretera. Han du etxea, eta asteburuak han pasatzen ditu emaztearekin eta seme-alabekin. Itenen igarotzen du astea, entrenatzeko gune egokiagoa baita. Han, beste korrikalari batzuekin batera bizi da, eta bere egunerokoa honela laburbiltzen du: «Entrenatu, atseden hartu eta entrenatu». Igandea izan ohi da entrenamendurik gabeko eguna kenyarrentzat; familiarekin egoteko eta mezetara joateko erabiltzen dute asteko azken eguna. Maritimek, baina, NN taldean zegoela, ezin izan zuen jasan etxekoekin horren denbora gutxi igarotzea. Hori izan zen taldetik ateratzeko arrazoi nagusietako bat.

Atleta talde bat entrenamenduari ekin aurretik. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Atleta talde bat entrenamenduari ekin aurretik. A. GARMENDIA ETXEBERRIA

«Beste zenbait gauzatan ere ez geunden ados, baina arrazoi nagusia familia izan zen: emaztea ez zegoen ondo osasunez. Astelehenetik ostiralera egoten nintzen entrenamendu esparruan, eta emazteak laguntza behar zuen; gainera, gure alaba ere jaio zen ordurako». Orain, emaztea sendatuta eta seme-alabak koskortuta, Maritim atletaren egunerokora itzuli da berriro ere. Ez du talderik, baina noizean behin lortzen du atzerriko lasterketetara joatea. Hilaren 26an Edinburgoko maratoian (Eskozia) hartuko du parte.

Etorkizunean entrenatzaile izan nahi du, baina oraindik erretiroa ez du gertu ikusten. Bere burua entrenatzen du, baita beste lauzpabost korrikalari ere, baina oraingoz lasterketetan jarri nahi du gogoa, eta maratoiko bere marka —02:06:54— hobetzea du helburu: «Lasterketak utzi eta entrenatzaile bete-betean izan aurretik, bi ordu eta bost minutu edo gutxiagoko marka egin beharra daukat». Maritimek, oraingoz, atleta izaten jarraitu nahi du. Izan ere, Kenyan ez dute lasterka egiten argaltzeko edota herriko lasterketan kuadrillakoei irabazteko; Kenyan, korri egiten duenak atleta izateko egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.