Maratoiaren aurretik bezala dago Binakako Txapelketa

Zortzi jardunaldi igaro ondoren, hautsi xamar dago sailkapena goitik zein behetik. Txapela irabazteko faboritoak hirugarren eta laugarren daudela uste du Aretxabaletak: Elordi-Zabaleta eta Artola-Mariezkurrena

Artola-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta bikoteen partida, abenduaren 28an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Artola-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta bikoteen partida, abenduaren 28an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 10a
05:05
Entzun

Gabonetako maratoiaren ondotik, duela hilabete bezalaxe dago Binakako Txapelketako sailkapena. Abenduaren 15ean jokatu zen hirugarren jardunaldiko azken partida, Bartzelonan. Bada, hogei egunen buruan bost jardunaldi jokatu ondoren, bere horretan jarraitzen dute zortzi bikoteek. Postu berean, alegia. Hautsita dago sailkapena goitik zein behetik, ohiko emoziorik gabe. Unai Laso-Martxel Iztuetak eta Joseba Ezkurdia- Beñat Rezustak ongi bideratua dute lehen bi postuen artean sailkatzeko bidea. Kontrara, txapelketatik kanpo hanka bat dute Jon Ander Peña-Jon Ander Albisuk, eta batez ere Peio Etxeberria-Julen Martijak. Dena den, sei jardunaldi falta dira oraindik lehen fase luzea amaitzeko, eta inork ez du esan azken hitza.

Adi-adi ikusten ari da txapelketa Andoni Aretxabaleta, Baikoko pilotari ohia (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992). Esatari lanak ere egin zituen jaialdi batean ETBrako, eta, kirol emaitzez gainera, gauza bat nabarmendu du: pilotalekuetan ibili den jendetza. «Oraingoz irabazten ari direnak pilota enpresak dira. Binakakoak beti funtzionatu izan du ondo, baina apustu berriak ongi ateratzen ari dira». Adibidez, Durango (Bizkaia) bisitatu du txapelketak. «Durangokoa esanguratsua izan zen, esku pilotak hainbeste tradizio izan ez duen tokietan ere jendetza bildu baita frontoira. Bilboko Deportibon ere festa giroa nabari zen harmailetan».

Hain zuzen, pilotalekura joatea plan bilakatu dela uste du Aretxabaletak, pilota gustatu edo ez. Gabonetan, batez ere. «Egun askotan zalaparta giroa nagusitu da pilota giroaren gainetik». Zehazki, hogei egunetan hemezortzi jaialdi jokatu dira Gabonetan. Soilik abenduaren 24an eta 31n ez zen partidarik egon. Arriskuaz ohartarazi du markinarrak. «Pilotariek partida gehiegi izan dituzte oso denbora gutxian, eta ongi eutsi diote erritmoari, oso lesio gutxi egon baitira. Halere, ez zait gustatu aurtengo ideia, eta pentsatzen dut pilotariak kexatuko direla». Enpresek euren burua soilik izan dute kontuan, haren esanetan. «Berdin jarraituz gero, egoera lehertu egingo da egunen batean».

Faboritoak ez daude buruan

Kirol jardunari erreparatuta, bikote bakar bat ere ez da gai izan jokaturiko partida guztiak irabazteko. Sailkapenaren buruan Laso-Iztueta eta Ezkurdia-Rezusta daude, zazpina puntu dituztela. Ez zuen halakorik espero Aretxabaletak. «Bi bikote horiek ez nituen faboritoen artean sartzen, baina binakakoan beti egoten dira sorpresak». Iztuetaren lanak harritu du gehien. «Bagenekien maila handiko atzelaria dela, baina txapelketan  oso zaila da erregulartasun horri eustea. Baikok pilotari bikaina lortu du etorkizunera begira». Ezkurdia eta Rezusta ere hain goian ibiltzea ez zuen espero markinarrak.«Duela bost urte faboritoen artean sartuko nuen bikote hori, baina orain ez. Biak oso momentu onean daude; joko horri eustea izango da gakoa».

Dena den, txapela irabazteko hautagai nagusiak hirugarren eta laugarren postuetan daude, Aretxabaletaren ustez: Aitor Elordi-Jose Javier Zabaleta eta Iñaki Artola-Jon Mariezkurrena. Bosna puntu dituzte. Besteak beste, 2023ko txapelduna da Aspeko bikotea. «Zabaleta beti jotzen dut faborito, hura baita binakakoan aldea ezartzen duen pilotaria. Hego haizeak jotzen badu, erne, hankaz gora jar dezake-eta partida. Hori bai, harekin jokatzea ez da erraza, presioa agertzen delako, eta horixe jasaten ari da Elordi». Aspekoa bezala, ahal handikoa iruditzen zaio Artolak eta Mariezkurrenak osatzen duten bikotea ere. Lesioak izan dituzte etsai, Artolak lau partida ezin izan baititu jokatu. «Bikote horrek gaitasuna du pilotakada bakar batean erritmoa aldatzeko, eta, segidan aritzea lortzen badute, txapel gertu Izango dute. Oraindik ez dute euren onena eman».

«Txapelketa luzea da. Eskuetako mina agertuko da hemendik aurrera, eta gauzak alda daitezke» ANDONI ARETXABALETA Pilotari ohia

Haien ondotik Erik Jaka-Ander Imaz eta Jokin Altuna-Aitor Aranguren daude sailkapenean. Biek ala biek hobera egingo dutelakoan dago Aretxabaleta. «Jaka eta Imazek osatzen duten bikotea asko gustatzen zait. Borrokalariak dira oso, Jaka txapelketa ona jokatzen ari da, eta Imazek gora egingo du». Gauza bera espero du Aspekoengatik.«Arangureni buruz asko hitz egiten du jendeak, baina ez da ahaztu behar pilotari aparta dela. Elordiri gertatzen ari zaion gauza bera jasaten ari da: presioa. Altunarekin jokatzea ez da erraza, eta burumakur ikusten dut gipuzkoarra. Halere, oso bikote arriskutsua osa dezakete kanporaketetan».

Peña II.a-Albisuk eta Etxeberria-Martijak zail dute kanporaketak jokatzeko sailkatzea. «Komunikazio falta dute lehenengoek, eta konfiantza falta bigarrenek. Bikote onak dira, baina ez dira moldatzen ari». Dena den, txapelketa luzea dela gogoratu du Aretxabaletak. «Eskuetako mina agertuko da hemendik aurrera, eta gauzak alda daitezke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.