Mikel Idoate. Asegarceko pilotaria

«Mapatik kanpo egon ondoren, orain gozatzen ari naiz pilotan»

Irujo sailkaturik dagoela, gaur jakingo da nor izango den buruz buruko bigarren finalista: Retegi edo Idoate. Partida estua espero du Idoatek, baina sufritzeko prest dago.

jon eskudero
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Lehen, marka jarri zuen, eta orain, marka hautsi nahi du Mikel Idoatek (Iruñea, 1989) buruz buruko txapelketan. Laugarren parte hartzean, hirugarren aldiz ariko da finalerdietan, eta finalerako sailkatzeko aukera bikaina izango du gaur, Labriten, Julen Retegiren aurka. Orain arte jokatutako bi finalerdietan ametsa gauzatzeko pauso bakarrera geratu izan da; hurrenez hurren, Xalaren aurka 18an eta Irujoren kontra 19an galduta. Bada, beste aukera bat izango du orain. «Zail izango dut finalera sailkatzea, baina badakit saria ikaragarria dela, eta ilusioz lepo nago». Ilusioz ez ezik, prestakuntza aldetik ere ondo prestatuta dago nafarra «profesionaletako partidarik garrantzitsuenerako».

Atzerapenak atzerapen, iritsi da eguna. Prest al zaude?

Egia esan, luze egin zait itxaronaldia, baina prest nago, bai. Entrenamendu gogorrak egin ditut, eta psikologikoki ere neure burua zailtzen saiatu naiz. Ahal izan dudan neurrian partidan ez pentsatzen ahalegindu naiz, eta, pentsatu dudanetan, nola jokatu behar dudan aztertu dut.

Eta nola jokatu behar duzu?

Pilotari batek egoera guztiei aurre egiteko egon behar du prest, baina uste dut partida gogortzea komeni zaidala. Sufritzea tokatzen den gehienetan eroso sentitzen naiz, baina horrek ez du esan nahi tantoa ahalik eta azkarrena amaitzen saiatu behar ez dudanik. Momentuak erakutsiko dit nola jokatu.

Gertu ikusten al duzu finala?

Ez, oso urrun ikusten dut. 22 tanto egitea asko kostatzen da beti. Retegi Bik Olaizola II.ari irabazi zion aurreko kanporaketan, eta oso indartsu dago. Hori bai, ezin dezaket uka aukerak ikusten ditudala irabazteko, eta hori lortuko banu, munduko pertsonarik zoriontsuenetakoa izango nintzatekeela.

Eskerrak buruz buru aritzea ez zenuen gustuko...

Egia da. Afizionatu mailan uste dut bi txapelketa soilik jokatu nituela buruz buru, eta ez nintzen batere ongi moldatzen. Profesionaletako lehen entrenamenduan ere gaizki aritu nintzen, eta ez nuen parte hartu nahi txapelketan. Jokin Etxanizek [Aspeko kirol zuzendariak] hala gomendatuta ekin nion lehiari, eta uste baino askoz emaitza hobeak lortu ditut gerora. Lau urtetan parte hartu dut buruz buruko txapelketan, eta finalerdietara sailkatu naiz hirutan. Orain hor goian ageri da nire izena, eta albiste ona da hori niretzat.

Asegarcek buruz burukoan lehian duen pilotari bakarra zu zara. Enpresak ere kontuan hartuko du hori.

Ez dakit hala egingo duen. Nik ez daukat ezer aldarrikatu beharrik. Egunero gogotsu aritzen naiz lanean, ilusioz gainezka, eta hori da nire aldarri bakarra. Emaitzak begi bistakoak dira, baina ez dute balio, nonbait, beste txapelketa batzuk jokatzeko. Binakako txapelketa martxan dagoenetan, adibidez, mapatik desagertuta egon ohi naiz, eta asko sufritzen dut horrekin. Neure buruari galdetzen diot: atzera geratzen ari ote naiz? Baina, tira, orain gozatzen ari naiz, eta txapelketa honetan ongi jokatzeak udan torneoren bat jokatzeko balio baldin badit, askoz hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.