«Pozik, asebeteta eta eskertuta» esan dio agur futbolari Manu Garcia Alaveseko kapitain ohiak (Gasteiz,1986). Erdilariak erretiroa hartu duela iragarri du gaur, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez. Alavesen partida gehien jokatu duten jokalarien artean bigarrena da , 308 partidatan aritu baita. Realaren harrobian hazi zen, baina, hainbat klubetatik igaro ostean, Gasteizera itzuli zen. Bertan, historia egin zuen Alavesekin. Bigarren Mailara igo zen lehendabizi, Lehen Mailara ondoren, eta Espainiako Kopako finala ere jokatu zuen gasteiztarrekin. Azken urtebetea talderik gabe igaro du.
Alaveseko zaleen memorian tokia izango du beti Manu Garciak. Zubietan hazitako jokalariak hainbat taldetatik igaro behar izan zuen goi mailako futbolean lekua egiteko. Gironan, Real Unionen eta Logroñesen jokatu ostean, Alavesek fitxatu zuen, 2.B mailan zegoela, eta historia egin zuen haiekin, 2021ean kluba utzi zuen arte. Lokatzetan aritu ostean, Lehen Mailara egin zuen salto Alavesekin batera, eta Espainiako Kopako finala ere jokatu zuen 2017an, Bartzelonaren aurka. Guztira, hemeretzi gol sartu zituen Alaveseko elastikoa jantzita.
Alavesek omenaldia egin zion 2022an, Alavesek Mirandesen aurka jokatu zuen ligako partida batean. Espainiako talde hartan ari zen jokatzen arabarren kapitain ohia, eta partida hori baliatu nahi izan zuen klubak esker ona azaltzeko. Hala ere, Espainiako taldera joan aurretik, Zipreko Aris Limassol taldean aritu zen urtebetez.
⚽️ 😍
— Ⓜ️ANU (@ManuGarcia19) November 12, 2024
Eskerrik asko Fútbol!
Te seguiré disfrutando! pic.twitter.com/vop5z4ra4z
Sare sozialetan zabaldu duen bideoan, bere ibilbidea errepasatu du jokalari arabarrak, eta eskerrak eman nahi izan dizkio klub bakoitzari. «Nire bizitzako etapa honetan lagundu didaten pertsona guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaidake», erantsi du. Baina, batez ere, Alavesekin oroitu da agurrean: «Logroñon lortutako errendimendu onari esker, haur guztiek amesten duten deia jaso nuen. Alaves zen. Igoera bat, Bigarren Mailako debuta, Jaen –bertan lortu zuten Bigarren Mailan mantentzea–, beste igoera bat, Lehen Mailako debuta, Kopako final historikoa, hainbeste sufritutako azken denboraldiak... Bederatzi denboraldi izan dira, denetan berezienak. Eskerrik asko, Alaves: bizitza aldatu zenidan, une paregabeak bizi izan nituen, eta amets guztiak bete nituen».