Osasuna utzi ostean, Mallorca futbol taldea entrenatzen dabil Jagoba Arrasate, eta hango gizartearekin eta hizkuntzarekin konpromisoa duela erakutsi du. Bideo bat grabatu du, apirilaren 5ean eta 6an Felanitxen (Mallorca, Herrialde Katalanak) egitekoa den Acampallengua ekitaldian parte hartzeko deia egiteko.
Euskaraz eta katalanez egiten du Arrasatek bideoan. «Egun on, bon dia», agurtu ditu ikusleak. «Acampallenguara gonbidatzen zaituztet, jai eta erreibindikazio asteburu batera». Hitzorduaren datak eman ostean, hara joateko arrazoi bat eman du: «Gure hizkuntzak batu, indartu eta garena egiten gaitu». Jaialdian kontzertu bat izango dela iragarri du, «%100 kalalanez». Horrez gain, antolaturiko ekitaldien artean Euskal Herriko kirolen erakustaldia eta tailerrak egingo dituztela azaldu du.
🫵I tu, fes cas al míster, ens veim a l’#Acampallengua2025!
— Joves per la Llengua (@JovesLlengua) March 28, 2025
⚽️Jagoba Arrasate, entrenador del @RCD_Mallorca et convida a venir a Felanitx el cap de setmana del 5 i 6 d’abril, anima-t’hi! pic.twitter.com/I2Y8Wmb3s9
Joves per la Llengua gazte taldeak antolatu du ekitaldia, eta eurek zabaldu dute Arrasateren bideoa sareetan. Talde hori 1994. urtetik dabil lanean, Mallorcako gazteen artean katalana bultzatzen. «Egin kasu entrenatzaileari; Acampallenguan ikusiko dugu elkar», idatzi dute. Aurtengo kontzertuan zazpi bakarlari eta taldek joko dute: Pep de la Tona, La Fumiga, O-Erra, Maria Hein, Fades eta Pitxorines musikariek.
Iruñearen falta sumatzen duela azaldu zuen Arrasatek BERRIAn joan den asteburuan, Eñaut Agirrebengoak eginiko elkarrizketan. Hala ere, adierazi zuen Mallorcan pozik dagoela, eta Osasunatik irtetea izan zela «erabakirik egokiena».
Ikusi gehiago