Maletatxoak auzitara

Hasi da Osasunaren agintari ohien aurkako epaiketa. Partidak erostea eta kontuak faltsutzea egotzi diete. Gaur hasiko dira deklaratzen

Miguel Artxanko presidente ohia, lehen lerroan, eskuinean, eta gainerako auzipetuak, atzo, epaitegian. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Osasunaren historiako aro ilun baten ikur izan ziren Miguel Artxanko eta Angel Bizkai. Iruñeko taldeko presidente izan zen Artxanko bi urtez, 2012tik 2014ra. Bizkai, berriz, klubeko kudeatzaile izan zen 24 urtez. Atzo, Nafarroako Auzitegiko akusatuen aulkian eseri ziren biak ala biak, Osasuna auziko epaiketaren lehen egunean. Bi horiekin batera, epailearen aurrean azaldu ziren Osasunako zuzendaritza taldeko beste lau kide ohi —Txuma Peralta, Juan Pascual, Sancho Bandres eta Diego Makirriain—; Betis Espainiako futbol taldeko hiru jokalari ohi —Xavi Torres, Antonio Amaya eta Jordi Figueras—; eta higiezinen enpresa bateko bi agente —Albert Nolla eta Cristina Valencia—. Bi partida erosi izana leporatzen diete, eta, Osasunako agintari ohien kasuan, baita kontuak faltsutzea eta dirua bidegabeki erabili izana ere.

Atzoko saioan, kontu teknikoak aztergai izan zituzten aldeek. Horietako bat izan zen epaimahaiaren osaketa bera: zigor arloko bigarren aretoa aztertzen ari da auzia, baina epaimahaiko hiru kideetatik bi, Jose Francisco Cobo eta Ricardo Gonzalez, gaixo daude. Iragan astean izendatu zituzten ordezkoak: Mari Paz Benito eta Margarita Perez-Salazar. Aldaketa hori helduleku gisa baliatu nahi izan zuten akusatuen defentsek, prozesua atzeratzeko. Artxankoren abokatuak esan zuen magistratuen aldaketa ostiralean jakinarazi zela, epaiketa hasi baino egun bat lehenago, eta «horretarako motiborik eman gabe» egin zela.

Epaileek, ordea, ez zuten auzia atzeratzeko arrazoirik ikusi, eta bertan behera utzi zuten defentsen eskaera. Epaimahaiko presidenteak onartu zuen magistratuen izendapena eta horren komunikazioa «bizkor» egin zutela, baina «legeak ezarritakoaren arabera», betiere: «Saiatu gara prozesua behar baino gehiago ez luzatzen».

Bizkairen aitortza, auzitan

Espainiako Futbol Liga Profesionala akusazio partikular gisa aurkeztu izanaren aurka ere azaldu zen Artxankoren abokatua: «Ligak ezin du bere burua kaltetu gisa aurkeztu, ez baita ondasun eta diru horien jabe». Fiskalak erantzun zion Espainiako Ligari dagokiola kirolaren «joko garbia eta egonkortasun ekonomikoa zaintzea», eta, hortaz, akusazio izan daitekeela. Artxankoren defentsari egotzi zion «denbora galdu» nahi izatea.

Auzipetuek ustez erosi zituzten bi partidak 2012-2013ko eta 2013-2014ko denboraldietan jokatu ziren. Auzia ez zen azalera atera, ordea, 2015. urtera arte: Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile ohiak urte horretan Espainiako Futbol Liga Profesionalari aitortu zion taldea Lehen Mailan mantentzeko partidak erosi zituela.

Hain zuzen, Bizkairen mezu elektroniko pribatuak epaiketan aintzat hartzeko eskatu zuen Artxankoren abokatuak, haren esanetan, mezu horiek agerian utz dezaketelako Bizkaik adierazpen horiek egin zituela «indarpean edo mehatxupean». Epaimahaiak atzera bota zuen eskaera hori ere, alde batetik, «auziarekin zer ikustekorik ez dutelako»; eta, bestetik, mezuok argitara ateratzeak «akusatuaren intimitate eskubidea urratuko lukeelako».

Gaur deklaratuko dute epaileen aurrean Artxankok —asteazkenean agertzekoa zen, baina agerraldia aurreratu dute—, Bizkaik, Bandresek eta Peraltak; bihar, berriz, Pascualek, Makirriainek, Valenciak eta Nollak; eta ostegunean, berriz, Betiseko jokalari ohiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.