Txirrindularitza. Italiako Giroa

Maletan ez dago zalantzarik

Ion Izagirre eta Beñat Intxausti izango dira Movistarren bi taldeburuak aurtengo Italiako Giroan. Prestaketa lan zorrotza eginda, etapa bat irabazteko eta lehen hamarren artean sartzeko erronkak jarri dizkiete euren buruei. Bihar hasiko da proba, 17,6 kilometroko taldekako erlojupekoarekin.

Ion Izagirre eta Beñat Intxausti, herenegun, Loiuko aireportuan, Italiara joateko hegazkinera igo baino lehentxeago. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bai, bai, sailkapen nagusia lehiatzera goaz». Ez saiatu esan horretan zalantzarik txikiena bilatzen, Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989) eta Beñat Intxaustik (Muxika, Bizkaia, 1986) konfiantza goiko muturreraino igota ekingo diotelako Italiako Giroari. Ez Nairo Quintana eta ez Alejandro Valverde. Bi euskaldunak izango dira Movistarren taldeburuak, lehen hamarren artean sartzeko erronkarekin. Azken uneko aldaketa bat dela medio, Igor Anton ere ondoan izango dute biek. «Ondo merezita dauka», hasi du azalpena Izagirrek. «Asturiasko Itzulian erakutsi berri du ondo dagoela. Oso indartsu ikusi dut, irabazteko gai izan da, eta bere buruarengan konfiantza berreskuratu duela ematen du. Ekarpen handia egin diezaguke Giroan, eta mendiko edozein etapa lehiatzeko gai da».

Euskal Herriko Itzulian «gozatu handia» hartu zuen Izagirre anaietan gazteenak, eta, Paris-Nizako arazoak ahaztuta, Intxausti berriro ondo sentitu zen etxeko proban. Gutxi-asko, «atseden hartzera» mugatu da izagirretar gazteena ordutik, eta Gaztela eta Leongo Itzulian findu du sasoia Intxaustik, «lasterketa bigarren postuan amaituta». Elkarrekin apartamentu txiki bat hartuta, azken egunotan Andorra aldean egin dituzte altuerako entrenamenduak. «Baina ez dugu egin lan handi-handirik ere, Euskal Herriko Itzulia amaituta hilabete falta zelako artean Italiako Girorako, eta etaparik gogorrenak azken zatian iritsiko direlako». Taldekidearen gisan, Intxausti ere «gustura» dago azken asteotan egindako lanarekin. Mendate luzeak igo, orduak pilatu... «Lan zehatza egin dugu, baina intentsitatea ez da izan altu-altua ere». Girora bidean Intxaustik Gaztela eta Leonen egindakoa Asturiasko Itzulian egin zuen Izagirrek.

Quintanaren alde gogotik lanean ibili ondoren, azken erlojupekoari esker Euskal Herriko Itzuliko podiumera igo zen Izagirre. «Eta ondo dago hori». Baina denboraldi hasieran ere aitortu zuen «beste pauso bat» eman nahi zuela. «Hiru asteko lasterketetan desberdina izaten da dena. Itzuli handietan, orain artean, ez dut erakutsi sailkapen nagusia lehiatzeko gai naizela, baina aukerarik ere ez dut izan». Aukera horren bila ibili da azken urteotan. «Eta iritsi da nire ordua». Ez da erotuko, hala ere. «Lehen hamarren artean sartzea da helburua, horretan saiatuko naiz buru-belarri, baina, ezin bada, zehaztuko ditugu beste helburu batzuk».

Intxausti, erabat osatuta

Girora bidean gorabehera gehiago izan du Intxaustik, Paris-Nizako etapa nagusian erretiratu egin behar izan zuelako, gaixorik. «Hura ahaztuta dago, ordea». Urrun dago. «Sasoia berreskuratu dut ordutik, eta oso lasai nago, ez Ion eta ez ni ez garelako faborito argiak Giroan goi-goian ibiltzeko. Presiorik gabe goaz, eta egunero baliatuko ditugu aukerak».

Talde orekatua eta askotarikoa eramango du Movistarrek Italiara: Izagirre eta Intxausti sailkapen nagusirako; Andrey Amador eta Giovanni Visconti esperientziaren izenean; Jesus Herrada, Ruben Fernandez, Dayer Quintana eta Igor Anton mendateetan agerpen politak egiteko; eta Juanjo Lobato esprintetarako. «Oso talde indartsua daramagu, etapa guztietarako aproposa, eta ezeri ez diogu uko egingo». Intxaustik aitortu du, hala ere, taldekako erlojupekorako «talde aproposagoak» badaudela aurtengo Giroan, eta bihar lehen maglia arrosa janzteko aukerarik ez dutela izango. «Sky, Tinkoff... Oso talde indartsuak daude tartean, eta haiek izango dira lehen etapa irabazteko faboritoak».

«Oso gustuko» dute biek Giroko ibilbidea, baina barre txikiarekin erantzun diete aurtengoa samurragoa dela diotenei. Gehienetan itzulinguru askorik gabeak izaten dira analisirik argigarrienak, eta bide hori hartu dute Movistarreko bi txirrindulariek ere. «Giroko ohiko ibilbidea da», azaldu du, motzean, Izagirrek. «Giroa beti izaten da Giroa; ez dago Giro samurrik», lagundu dio Intxaustik. Ohi baino etapa motzagoak badaudela aitortu du ormaiztegiarrak. «Baina denetik dauka, erlojupeko luze-luzea tartean».

Bestela ezin eta, gipuzkoarrak aitortu du asko gustatzen zaiola etapa hori. «Nahiz eta inoiz lehiatu gabe nagoen hain erlojupeko luzea. Baina orain arte ondo ibili izan naiz lan horretan, eta mesede egingo didala uste dut, 14. etapan nola gauden ikusi egin beharko den arren». Intxaustik ere ez dauka gogoan inoiz hain erlojupeko luzerik egin izana. «Ez dut uste». Orain bi urtekoarekin gogoratu da segidan, 54,8 kilometroko harekin. «Oso antzekoa izan zen». Eta argi dauka saio horrek izugarri sakabanatuko duela faboritoen taldea. «Oso test garrantzitsua izango da, Giroko garrantzitsuenetakoa».

Antolatzaileek azken astean pilatu dute gogortasuna. Madonna di Campiglio, Mortirolo, Cervinia, Finestre... Euren ezaugarriak kontuan hartuta, gehitxo, akaso? «Ez, ez. Batere beldurrik gabe goaz», erantzun du, serio, Izagirrek. «Nahiko ondo bukatu ditut lehiatu ditudan hiru asteko itzuliak, nahiz eta egunero ez naizen ibili egurrean. Baina erabateko konfiantza daukat neure buruarengan». Intxaustik ere errespetua bai, baina beldurrik ez dio azken asteari. «Ikusiko dugu nola gauden etapa erabakigarri horiek iristen direnean. Oso gogorra izaten da beti edozein itzulitako azken astea, eta garrantzitsua izango da aurretik indar pixka bat gordetzea». 2.000 metrotik gertu edo pixka bat goitik dauden mendateak dira asko. «Oso luzeak, gogorrak eta serioak. Etapa ikusgarriak izango dira, eta ibilbideak berak bere lekuan jarriko du bakoitza».

Sailkapen nagusiari begiratu nahi diote biek ala biek, baina aitortu dute Alberto Contador (Tinkoff) dela faborito argia. «Richie Porterekin batera», zehaztu du Intxaustik. «Baina Tourrean, Giroan, Vueltan... Urteotan ia ez du hutsik egin, garaipen zerrendari begiratu besterik ez dago, eta, haren ezaugarriak aztertuta, Contador da faboritoa». Izagirrek erlojupekoari heldu dio, berriz ere, australiarraren aukerak areagotzeko. «Oso-oso sasoi onean dago, eta motibazioz gainezka, gainera. Beste pedal kolpe batekin ikusten ari naiz aurten, eta alde izango du 14. etapako erlojupekoa».

Podiumerako apustuka

Horien atzetik zerrendatu dituzte biek Fabio Aru (Astana), Rigoberto Uran (Etixx), Domenico Pozzovivo (Ag2r), Ryder Hesjedal (Cannondale), Leopold Koenig (Sky), Roman Kreuziger (Tinkoff), Damiano Caruso, Darwin Atapuma (BMC), Ilnur Zakarin (Katuxa)... «Izen garrantzitsu asko izango dira irteeran, eta guztientzat lekurik ez dago. Gogorra eta polita izango da borroka». Apustuan hasita, podiumari izenak jarri dizkiote biek: «Contador, Porte eta Zakarin», horixe Izagirreren apustua. «Arriskatzea erabaki dut, bestela denok berdina esango dugu eta...». Irribarre txiki batekin, gutxiago arriskatu du Intxaustik: «Ordena ez dakit, baina Porte, Contador eta Uran ziurrenik, gure ezustekoa ahaztu gabe, noski».

Giroan etapa bana irabazita dago Movistarreko bikoa. 2013an egin zuen balentria Intxaustik, egun batez liderraren maillota jantzita, gainera; eta 2012an lortu zuen Izagirrek ordura arteko garaipenik ederrena. 16. etapa zen bi kasuetan, eta helmugara iristeko hiru kilometro pasatxo falta zirela jo zieten erasoa biek iheskideei.

Lehenik eta behin, «etapa garaipen bat» eskatu dio Intxaustik aurtengo Giroari. «Lasterketa horretan bi besoak altxatzeko sentsazioa biziberritu nahi dut». Eta «sailkapen nagusiko lehen hamarren artean sartzea», erronka horixe jarri dio Izagirrek bere buruari. «Hori bai, ez sartzea ez litzateke ikaragarrizko kolpea». Konfiantzaren izenean hitz egin dute biek Italia aldera joateko hegazkinera igo baino minutu gutxi lehenago. «Prestaketa lan ona egin dugu, eta ea barruan daukagun guztia emateko gai garen». Borondaterik ez zaie falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.