Maletak hartu, futbolari izateko

21 urterekin Boli Kostatik joan zen Amani, futbolean maila gorenera iristeko ametsa zuela. Bada, bigarren denboraldia du Lehen Mailan, Eibarrekin.

Bernadette Amani Kakounan Eibarreko jokalaria. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Bernadette Amani Kakounan Eibarreko jokalaria. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Eibar
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nortasuna da Bernadette Amani Kakounan Eibarreko jokalariaren (Oume, Boli Kosta, 1997) euskarazko hitz gogokoena. Eta, hitza gustatzeaz gainera, nortasuna izan ere badu; zelaian erakusten du, asteburuero, eta baita hortik kanpo ere. 

2019an, 21 urte zituela, maletak egin eta Boli Kosta atzean utzi zuen Amanik, futbolari izateko ametsa zuela. Espainiako Ligan jokatzeko aukera sortu zitzaion, eta horren aldeko apustua egin zuen, asmo argi batekin: maila gorenera iristea. Lehen urtean Extremaduran jokatu zuen, eta gero sasoi bat Friolen, beste bat La Solanan eta beste bat Logroñon, Euskal Herrian lur hartu zuen arte. 2023-2024ko denboraldian Eibarrek fitxatu zuen erdilaria, eta bigarren denboraldia du hau Gipuzkoako taldean.

Bertan egin zuen debuta Lehen Mailan, iaz. Nabaritu du jauzia: «Jokalari oso onak daude: Alexia, Aitana... Baita nire taldean ere, adibidez, Arene Altonaga eta Ane Campos. Diferentzia antzematen da. Baliabideetan ere aldea dago: zelaietan, gimnasioetan...». Ondo egokitu da, ordea. Yerai Martin teknikariarentzat funtsezko jokalaria da. Hasieratik aritu da sasoi honetako partida guztietan, azkenekoan izan ezik, Bartzelonaren kontra: bost txartel hori pilatuta, ezin izan zuen jokatu.

Eibarren «pozik» dagoela aitortu du: bai taldekideekin, bai entrenatzaile taldearekin, eta baita herrian ere. «Lagunak ditut bertan. Eta badago ezagutu ez arren kalean geratzen nauen jendea ere. Gustura nago hemen». Honaino iristeko bidea, baina, ez da erraza izan. Zaila egin zitzaion Boli Kostatik joateko erabakia hartzea. «Nire aitak, hasieran, ez zuen nahi. Ikasketekin han jarraitu nezan nahi zuen, ez zuen konfiantzarik. Amari esker bidaiatu ahal izan dut, eta lortu dut nahi nuena. Momentu hartan aukeratu beharra nuen: ikasketak edo futbolean aritzeko aukera. Hemen nago».

Ekonomiako ikasketak egiten ari zen Boli Kostan. Azkenean, abenturari ekin zion; han geratu ziren haren lagunak eta familia. «Ez nekien hemengo hizkuntzan hitz egiten; ez nekien zertara nindoan. Zaila izan zen, baina, aldi berean, liluragarria. Halako zerbait sentitzen nuen: joan egingo naiz, ea zer deskubritzen dudan, zer dagoen, eta nora irits naitekeen».

Eta urtez urte, ari da urratsak egiten. «Behetik gora egin dut, gainera», azpimarratu du. Boli Kostako selekzioarekin ere jokatzen du: «Gustura nago. Orain ez gara ari nahi duguna lortzen, baina espero dut nire selekzioarekin gauza politak egitea».

«Gustatuko litzaidake jarraitzea, jendeagatik eta. Baina beste gauza batzuk ere hartu behar dira kontuan»

BERNADETTE AMANI KAKOUNANEibarreko jokalaria

Badago Amanik elkarrizketan maiz errepikatu duen beste hitz bat: zortea. Beti ondo inguratuta egon dela adierazi du, baita Eibarren ere: «Iritsi nintzenetik babestu naute, eta aholkuak eman dizkidate. Guztien konfiantza sumatzen dut». Arrazakeriaz ere hala aritu da: «Nik, nire futbol ibilbidean, zorte handia izan dut. Beti izan dut gertu babestu eta lagundu nauen jendea. Beltzak edo zuriak, beti sentitu dut besteen berdina naizela. Baina errealitate bat da: hitz egin behar da arrazismoaz, eta aurre egin behar zaio, halakoak gertatu ez daitezen».

Bi denboralditarako fitxatu zuen Eibarrek, eta hau du hitzartutako azken urtea. Erdilariak azaldu duenez, oraindik ez du hitz egin klubarekin: «Gustatuko litzaidake jarraitzea, jendeagatik eta. Baina beste gauza batzuk ere hartu behar dira kontuan».

Han edo hemen, badaki nolako jokalaria izan nahi lukeen: «Nahi nuke taldeari laguntzen dion jokalari bat izan. Orokorrean: taldekideei, entrenatzaileari... Ez dakit jokalari hori naizen, baina horretara iritsi nahi dut».

Taldea, ondo

Mailari eustea da Eibarren hasierako helburua, eta asmo horretan fin dabil; zazpi puntutara ditu jaitsiera postuak. Amaniren arabera, taldea «ondo» dago. «Egia da sasoi honetan ez dugula lortu nahi genukeen bezain erregularrak izatea. Lanean segitzen dugu, eta espero dut lortuko dugula».

Bihar izango dute lehen harria jartzeko aukera. Puntuetan berdinduta dagoen talde bat izango dute aurkari: Deportivo. Galizian jokatuko dute, 17:30ean (DAZN).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.