Danimarkan dago Super Amara Bera Bera. Han jokatuko du gaur EHF Kopako ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida, Nykobing Falsterren aurka. Donostiako taldeko kideek maleta konfiantzaz lepo dutela egin dute bidaia. Sasoiko unerik onenean daude. Azkeneko emaitzei erreparatu besterik ez dago. Duela astebete, garaipen historikoa lortu zuten EHF kopan. Astindu galanta eman zioten Irunen (Gipuzkoa) Craiovari, EHF kopako azken txapeldunari: 32-21. Beste horrenbeste egin zuten duela hiru egun Alcobendasen (Espainia). Nagusitasun osoz irabazi zioten etxeko taldeari Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan (21-31), eta, horri esker, oin eta erdi dute Barakaldon (Bizkaia) jokatuko den Kopako azken fasean. Azkenik, Espainiako Ligan, irabazi egin dituzte azken hiru lehiak, eta nor baino nor gehiago jarraitzen dute Ro'Casarekin eta Guardesekin txapeldun izateko lehian.
Horien guztien artean, EHF kopan eginikoak izan du oihartzunik handiena. Ez da gutxiagorako: Bera Beraren gisako talde batentzat, EHF kopako ligaxkan partida bat irabazte hutsa balentria da, eta zer esanik ez aurkaria egungo txapelduna bada eta garaipena halako nagusitasunez lortzen bada. Halakoek sekulako bultzada eman ohi dute.
Garaipen horri esker, gainera, ezinezkoa zirudiena posibleago ikusten da orain, hots, ligaxkako aurreneko bi postuetako bat lortzea eta final-laurdenetarako sailkatzea. Gaur-gaurkoz, Podravka Vegeta da liderra, sei punturekin, eta partida bat gehiago jokatuta. Bigarren da Bera Bera, Craiovarekin berdinduta, bina punturekin,baina errumaniarrek baino gol alde hobearekin eta lehia bat gehiago jokatuta. Nykobing Falster da azkena, punturik gabe. Danimarkarrek galdu egin dituzte bi neurketak: 18-12 Craiovaren aurka, eta 24-28 Podravkaren kontra.
Bera Berak erraz irabazi zion Craiovari, eta errumaniarrek aise hartu zuten mendean Nykobing Falster. Hori horrela izanik, egongo da pentsatuko duenik gaurko neurketa ez dela horren zaila. Bada, oker pentsatuko luke, Danimarkako taldea orain arte erakutsi duen baino askoz gehiago baita. Hala izan behar du derrigorrean Europako liga indartsueneko bigarren sailkatuak eta hango Kopa irabazi berri duenak.
«Gozatzea da helburua»
«Gozatzea da hitz magikoa. Ez diogu geure buruari mesederik egiten sailkatzeko asmoz jokatzen badugu», esan du Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak. Argi du Liga eta Kopa direla «lehentasunak». «Gehiago arduratzen nau Malagak edo Guardesek, sailkatzeak baino». Halere, zehaztu zuen «sinetsita» dagoela gaur garaipena lor dezaketela Craiovaren aurka bezala jokatuz gero. Horretarako, argi du «hasieratik sendo» aritu beharko dutela defentsan, Nykobingek irabaztea beste xederik ez baitu.
Bera Beran inork ondo ezagutzen badu aurkaria, hori Judith Sans da, pibote kataluniarrak herrialde horretan jokatu baitzuen aurreko sasoian, urte erdiz, Herning-Ikast taldean. Nykobingen aurka jokatutakoa da. «Erdiko bikaina du, Kristiansen, eta hegalekoak ere oso eraginkorrak dira: Pedersen, Nielsen, Olsen eta Ikehara. Oso talde indartsua da. Bizi-bizi jokatzen saiatuko da».
Maleta bete konfiantza
Craiovari nagusitasunez irabazi izanak emandako bultzada baliatu nahi du Bera Berak gaur, Danimarkan, Nykobing Falster ezustean hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu