Presiorik handiena daukaten egunetan agertzen dira talderik handienak. Hala egin du Bera Berak Espainiako Kopako finalerdiak irabazteko. 30-25 hartu du mendean Malaga. Donostiarrek Illunben jokatutako finalerdiak galdu zituzten duela bi urte, eta etxean jokatzen duen taldearen presioarekin jokatzen ari dira aurten ere. Kantxa bera eta egoera berdina bi urte beranduago. Oraingoan, ordea, garaipena eskuratu du Bera Berak, eta Espainiako Kopa irabazteko aukera izango du bigarren urtez jarraian. Bihar jokatuko du finala, Valladoliden aurka (13:30, Teledeporte).
Bi taldeek ondo baino hobeto ezagutzen zuten elkar. Izan ere, joan den igandean jokatu zuten elkarren aurka Espainiako Ohorezko Mailako finalerdietako joaneko partidan. Estu joan zen neurketa hura, eta donostiarrek 22-21 irabazi zuten. Gaurkoan, ordea, hasi eta buka nagusi izan dira. Datorren igandean berriro jokatuko dute elkarren aurka, ligako finalerdietako itzulerako partidan.
Gaurko neurketan hasiera bikaina izan du Bera Berak. Lehen erasoetan, indarrak neurtu dituzte bi taldeek (6-5), baina, geroztik, erakustaldia eman dute donostiarrek. Lehen hamabost saiakeretatik hamahiru gol bereganatuta, 13-6 jarri dira aurretik. Hiru izen nabarmendu dira besteen gainetik. Maddi Allak egun izugarria izan du atepean. Era guztietako jaurtiketak gelditu zituen. Datuak argiak ziren: Lehen hamabi saiakeretatik sei gelditu ditu Gorlizko atezainak. Erasoan Esther Arrojeria eta Laura Hernandez izan ditu gidari Bera Berak. Joko azkarra baliatu dute Alvarezen jokalariek une oro area ertzera iristeko, eta bertan erakustaldia eman dute biek. Seina gol sartu dituzte lehen zatian.
Malaga deseroso aritu da. Defentsan ez du asmatu donostiarrei bidea ixten, eta jaurtiketa erosoak egiteko aukera izan du Bera Berak. Erasoan ere asko landu behar izan du jokaldi bakoitza Malagak, eta Allarekin egin dute topo behin eta berriro. 18-10eko markagailuarekin joan dira jokalariak aldageletara.
Aldea kudeatuta
Atsedenaldira joan aurretik, bi minutuz egotzi du epaileak Lysa Tchaptchet. Markagailuan gerturatzeko aukera ona zuen Malagak, eta lehen bi erasoetan asmatzeak hauspotu egin ditu jokalariak. Lehen zatian baino hobeto aritu dira Espainiarrak, defentsan batez ere, eta baloi ugari galarazi dizkiete donostiarrek. Hiru golera murriztu zen aldea: 21-18.
Kirioak dantzan jartzeko modukoa zen egoera, baina orduan agertu da Bera Beraren txapeldun izaera; garaiz esnatu da. Defentsan aurrerapausoa emanda, kontraerasoak egiteko aukera izan dute, eta, 4-0 amaitutako partzialarekin, 25-18 jarri dira 45. minutuan. Ordutik aurrera, nahikoa izan du aldea kudeatzearekin. Malaga bost golera hurbildu dira gehienez ere, besteak beste, Allaren geldiketei esker.