Futbola. Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak

Makuak baieztatu du irabaziz gero Caparrosek zuzenduko duela Athletic

Hautagaiak bere kirol egitasmoa aurkeztu du, eta entrenatzaile espainiarra bertan izan da, babesa ematen

Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Jakina zen, agerikoa, baina atzo arte inork ez zuen ofizial egin. Joaquin Caparrosek entrenatuko du Athletic Fernando Garcia Makuak uztailaren 7an egingo diren lehendakaritzarako hauteskundeak irabazten baditu. Garcia Makuak atzo baieztatu zuen. «Espainiako Ligako sei edo zazpi entrenatzailek eskaini dute euren burua Athletic entrenatzeko, baina ez dugu inorekin hitz egin. Oso garbi izan dugu hasieratik Caparros dela gure entrenatzailea. Ez dugu inolako zalantzarik izan», aitortu zuen atzo Athleticeko presidentegaiak bere kirol egitasmoaren aurkezpenean.

Garcia Makuak hori esan baino lehen, baina, jakina zen Caparros zela aukeratua, entrenatzaile espainiarra hautagaiak atzo emandako prentsaurrekoan izan baitzen, hari babesa ematen. Abokatu bilbotarra presidente izanez gero, Caparrosek sasoi baterako sinatuko luke. Beraz, bosgarren sasoia beteko luke Athleticeko aulkian. «Ilusio handia dut. Merezi nuen talde honekin jarraitzea», esan zuen Caparrosek.

Utrerako entrenatzailearen eskutik lortu nahi du Garcia Makuak taldeak beste urrats bat egitea. «Athleticek talde klasikoa izan behar du Europan. Urtero aritu behar du, Txapeldunen Ligan edo Europako Ligan».

«Dirua dago taldea indartzeko»

Garcia Makua ere arlo ekonomikoaz mintzatu zen atzo goizean, kirol egitasmoa aurkeztu baino sei ordu lehenago. Bost puntu nabarmendu zituen: klubak sasoi honetan bi milioi euro ingururen irabaziak izango dituela; San Mames Barriaren eraikuntza lanek 152 milioi euroko kostua izan beharrean 140 milioi eurokoa izan dezaketela; presidente aukeratzen badute ez duela igoko bazkide kuota lehen urtean eta Europako Ligako lehen partida doakoa izango dela bazkideentzat;eta klubak baduela dirua beste jokalari bat fitxatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.