Makila eta saskia

Xanti Uterga Doneztebeko alkatea da maiatzaz geroztik, eta buruz buruko erremonte finala jokatuko du larunbatean.

Xanti Uterga aginte makilarekin, Doneztebeko alkate kargua hartu zuen egunean. TTIPI-TTAPA.
Imanol Magro Eizmendi.
Hernani
2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Oposizioko zinegotziek ere nik irabaztea nahi dute. Hori uste dut behintzat! Herrikoak dira, eta ziur nago nire alde egongo direla», esan du umoreko Xanti Utergak (Doneztebe, Nafarroa, 1983). 13 urte dira erremontean profesional bidea hasi zuenetik. Iragan maiatzaz geroztik, baina, ardura handi berri bat du, Doneztebeko alkate hautatu baitzuten. Eskuin eskuansaskia darama eta ezkerrean aginte makila. Karguak, hala ere, ez du bere jarduna oztopatu, larunbatean bere ibilbideko partidarik garrantzitsuena jokatuko baitu: buruz buruko txapelketako finala, Javier Urrizaren aurka.

«Jendeak politikan sartu naizela esaten dit, baina nik ez dut hala bizi. Niretzat herrigintza da, edo deitu nahi duzun bezala. Politika, Iruñean edo Madrilen, hemen ni beste gazte bat naiz. Gurea herri bateko kargua da, eta nik herriaren alde egin nahi dut bakarrik», azaldu du Utergak. Ez da ohikoa kirolariak zerrendetan ikustea, baina azken urteetan hainbat pilotari eta pilotari ohi sartu dira alderdien zerrendetan. Titin III.a, Peio Martinez de Eulate eta Karlos Armendariz zinegotzi izan ziren, Iñigo Pascual Ahal Dugu-ren zerrendetan joan zen Nafarroako hauteskundeetan, Mikel Belloso Gazteluko alkate izan zen... Dena den, Hego Euskal Herrian joera berria dena Ipar Euskal Herrian ohikoa da, eta hainbat pilotari ohi dago udaletan. Michel Iriarte Biriatuko alkatea profesional izan zen trinketan, baita Beñat Intxauspe ere, Hazparneko ordezkaria kontseiluan;Robert Dufourcq Milafrangako alkatea zazpi aldiz izan zen Frantziako txapeldun, eta, Jean Paul Diribarne Bardozeko alkatea eta François Lambert Izpurakoa munduko txapeldun izan ziren 1982an.

Uterga EH Bildu koalizioko zerrendan aurkeztu zen. «Herriak—Doneztebek 1.644 biztanle ditu— aldaketa bat behar zuela ikusten genuen, triste samar zegoela. Duela zortzi hilabete lagun talde bat elkartu ginen, bakoitza bere ideiekin, bere ikuspuntuekin... Solastatzen hasi ginen, eta hautagaitza aurkeztea erabaki genuen». Bilduk gehiengoa lortu zuen, 555 boz eta sei zinegotzirekin. PSN da udaleko beste indar politikoa: 266 boz eta hiru zinegotzirekin.

Uda lasaia izan du karguan, eta orain, udazkenean, hasiko da udaleko mugimendua. Doneztebe ez da oso handia, baina inguruan herri txiki asko ditu, eta eskualdeko erreferentzia da. Erremonteak udaleko lana hobeto eramaten laguntzen dio Utergari. «Pilotalekuan ez dago buruko minik; udalean, aldiz, bai. Han, bai». Utergari, izan ere, krisi garaiak kudeatzea egokitu zaio, hala erremontean nola udalean. «Ez dira garai onak, baina erremontean gauzak apur bat zuzentzen ari direla iruditzen zait. Enpresa ari da lanean. Udalean, berriz, diru laguntzak-eta eskatzeko garaia da, baina sos gutxi dago toki guztietan. Batean ikasitakoak bestera eramaten saiatuko naiz, eta alderantziz».

Lesio larrien ondoren

Buruz buruko lehen finala du—ibilbideko bigarrena, binakako txapeldun izan zen 2013an—, baina lasai dago. «Gu pilotalekura gozatzera irteten gara, badago nahiko sufrimendu bizitzan». Bizi filosofia ona da, Uterga erremontea uzteko zorian egon baitzen 2012an. Leitzako paper fabrikan lanean ari zela —Basogintza modulua ikasi zuen— makina batek ezkerreko besoa harrapatu eta ia hamar hilabete egon zen jokatu gabe. Hasieran besoa gal zezakeela esan zioten. Orain, baina, beste modu batera ikusten du. «Geldirik egotea gogorra da, etxean sartuta... Baina tira, orain, une gozoetan, oroitzen zara garai txarrekin eta ikusten duzu pasatakoek merezi izan dutela». Javi Urrizak, bere larunbateko aurkariak, antzeko egoera pasatu berri du. Belauneko lesio baten erruz zortzi hilabete geldirik egon delako. «Pozik nago Javi berriz ere jokatzen ikusteaz. Biok antzeko egoerak pasatu ditugu, eta final batean topo egitea gauza handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.