Las Palmas 2-3 Athletic

Majo sufrituta, baina irabazi egin du Athleticek Las Palmasen aurka

Lehen ordu erdian erakustaldia egin dute zuri-gorriek, eta nahikoa izan da liga hasiera motela gozatzeko. Bigarren zatia garratza izan da, garaipeneko hirugarren gola sartu arren, Las Palmasek bi gol sartu baititu, oldarkor.

Sancetek sartu du partidako lehen gola. ANGEL MEDINA / EFE
Sancetek sartu du partidako lehen gola. ANGEL MEDINA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko irailaren 15a
20:30
Entzun

Bi berdinketa eta bi porrotekin itzuli da Las Palmas Gran Canaria estadiora, Athleticen kontra gaur izan duen norgehiagokan zorte pixka bat izateko esperantzaz. Aurreko lau partidetan lortutako bi puntuak, ordea, bi horietan geratu dira azkenean. Zuri-gorriek kaskar hasi dute liga, baina aurkariak baino hobexeago; lau puntu eskasekin heldu dira Las Palmasen zelaira, eta hiru gehiagorekin itzuliko dira azkenean. Eta ez da izan etxekoak borrokatu ez direlako. 0-2 amaitu dute lehen zatia, eta erakustaldia egin du Las Palmasek, gero, bigarren zatian. 2-3 amaitu du markagailuak.

Athleticek jarri du baloia, eta, gogor saiatu diren arren, Las Palmasek hartu du baloia. Etxeko taldeak izan du lehen aukera serioa gola sartzeko; azkar ibili da Agirrezabala, ordea, eta ezerezean utzi ditu McBurnieren eta Rodriguezen jaurtiketak. Erakustaldia egin dute zuri-gorriek ondoren, eta iritsi dira Cillessen-en atera, baita Sancetek gola sartu ere zazpigarren minutuan, Gurutzetak baloia utzi ondoren. Denboraldiko hirugarrena du, hain zuzen.

Lehoien oldarraldia ez da amaitu, eta Iñaki Williams area barruan sartu da, Las Palmaseko atezainak jokaldia aurreikusi dio, eta baloia aldendu du atetik; Nico Williams ere saiatu da areatik gola sartzen, baina baloia desbideratuta jaurti du.

Las Palmas gogor aritu da zelai erdian. Jauregizarri atera diote partidako lehen txartel horia, Marvini gogor heldu baitio elastikotik. Baloia ostu du berriro Athleticek, eta Sancent bigarren gola sartzen saiatu da, Nicok baloia pasatu eta gero. Denbora izan du horretarako, kontrolatu egin du, nahiz eta zuzen-zuzenean kanpora joan den baloia. Alex Suarez Las Palmasekoak atera diote bigarren txartel horia. Aukerak ez zaizkio amaitu Athletici, eta, Iñakiren paseari esker, Oihanek gola sartu du, baina baliogabetu egin dute, jokoz kanpokoa izategatik.

Lehen zatiak eman du berea, eta Williams anaien arteko jokoak eman dio Athletici bigarren gola, 30. minutuan. Nicok Iñakiri pasatu dio baloia, eta Iñakik Nicori. Kolpe bakarrez eman dio hark baloiari, eta Cillessen-ek ezin izan du baloiak sarea ukitzea saihestu. Denboraldiko lehen gola du Nicok.

Gero eta zapore garratzagoa du partidak Luis Carrionen hamaikakoarentzat: zuri-gorrien atera zuzen jaurti du baloia Kirian Rodriguezek, eta, Agirrezabala gaindituta, baloia sartzear egon da. Azkenean, Paredesek lurrera bota du bere burua, eta baloia marra gain-gainetik atera. Horiek horrela, lehen zatiaren azken partean bien arteko lehia nagusitu da, eta Athleticek baloiaren kontrola galdu du. Hiru minutu luzatu du epaileak, eta etxekoak jabetu dira baloiaz. Bigarren txartel horia jaso du Athleticek; oraingoan, Ruiz de Galarretari eman diote Moleiro estu heltzeagatik. Dena den, balio izan duena partidaren lehen ordu erdia izan da, eta emaitza bikainarekin heldu da atsedenaldia zuri-gorrientzat. Bi Athletic ikusi dira, oldarkor bezain bizkor aritu dena bata, eta indarra galduz joan dena bestea.

Bigarren zati sufritua

Valverdek ez du aldaketarik egin bigarren zatirako; Carrionek, berriz, Gomez Campaña eta Suarez zelaitik atera ditu, eta Gonzalez eta Alex Muñoz hasi dira jokoan. Muñoz Agirrezabalarena hurbildu da, baina ezerezean geratu da Las Palmasen lehen gola sartzeko saiakera. Hurrengo aukera Iñaki Williamsek izan du ezkerrarekin, eta oso gutxigatik egin du huts.

Etxekoak baloiaren jabe dira oraindik ere, nahiz eta Athleticek defentsa zurruna den. Jauregizarrek nahikoa zuen bigarren txartel horia zelaitik ateratzeko, baina gorria atera diote, 56. minutuan. Hutsuneaz baliatu dira etxekoak. Baloia etsaien atetik gertu atera du Sandrok, eta zuzenean sartu du taldearen lehen gola, 59.ean.

Las Palmasen erakustaldia ikusita, jokoa aldatu behar izan du Valverdek, eta bi aldaketa iragarri ditu: Gurutzeta eta Ruiz de Galarreta atera ditu zelaitik, eta Prados eta Vesga zelairatu ditu. Kornerra atera du Nicok, Yurik jaso du baloia, baina pikutara jaurti. Beste aldaketa bat Las Palmasen: Javi Muñozen ordez sartu da Silva. Eta zerbaitetarako balio izan du, 64. minutuan izan baitu azken horrek berdinketarako aukera bikaina.

Carrionek asmatu du Fabiorekin, eta, lehen aukera izan eta bost minutura, buruarekin errematea egin du. Agirrezabala azkar ibili da, eta berdinketa saihestu du. Athleticen estrategia aldatzearren, 71. minutuan Berenguer eta Gomez sartu dira, eta Nico Williamsek eta Sancetek, gaurko golegileek, atseden hartu dute.

Athletic sufritzen ari zen, baina kemena atera dute 76. minutuan, eta defentsa gainditu du. Berenguerren erdiraketa jaso du Iñaki Williamsek, Paredesek jarraian, eta 1-3 jarri du markagailua. Partida amaitzeko hamar minutu geratzen zirela aldaketak etorri dira: De Marcos atera da, eta Gorosabel sartu; Las Palmasen, McBurnie eta McKennak atseden hartu dute, eta Benito eta Mata sartu dira.

Kornerra atera du Las Palmasek, eta azkarra izan da Alex Muñoz, eta Agirrezabalak ezin izan du baloia geratu. Muñozek 2-3 jarri du markagailua 83. minutuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.