Beste denboraldi batez Realean jarraituko duela jakinarazi eta biharamunean, ez zuen edonolako harrera izan Xabi Prietok Zubietan. Txalo artean hartu zuten taldekideek, eta ordu eta erdiko lan saioa egin ondotik agertu zen kazetarien aurrera. Pozez eta hunkiturik mintzatu zen kapitaina. «Inoiz baino maitatuagoa sentitzen naiz, eta emozioz bete naute zorion mezuek. Ilusioz eta gogoz gainezka nago beste sasoi batez jarraitzeko, eta ohorea izango da elastiko txuri-urdinarekin lehian segitzea». Hamabost denboraldi osatuko ditu Realean, eta klubaren historiaren lerroetan letra larriz agertuko da haren izena,500 partidako langa gaindituko baitu ondo bidean.
Erabakia hartu beharrak buruhausteak sortu dizkiola aitortu zuen. «Joan den astean bildu nintzen Jokin Aperribai presidentearekin, baina ez neukan garbi zer egin. Azken egunotan erabaki dut lehian jarraituko dudala, indartsu sentitzen bainaiz fisikoki zein psikologikoki». Halere, denboraldi hasieran ez zuen uste erabaki hori hartuko zuenik, erretiroa gertuago ikusten baitzuen. «Banekien ekainean amaituko nuela lan hitzarmena, eta data hori iltzatuta neukan buruan. Pentsatzen nuen Realeko ibilbidea orduan amaituko nuela». Baina ez. Ingurukoek konbentzitzen lan egin dutela aitortu arren, berak izan du azken hitza. «Gazteei atea zabalik uztea zen nire helburua hasieran, baina aurrera jarraitzea erabaki dut, maitatua sentitzen naizelako eta gozatzen ari naizelako».
Taldea egiten ari den denboraldi txukunak ere lagundu dio erabakia hartzeko garaian. «Nik neuk zelaian ikusi nahi nuen ea gai ote nintzen lehian segitzeko, eta sumatu dut sasoi onean nagoela eta berme osoarekin luzatu dudala hitzarmena. Taldeari dagokionez, berriz, datorren sasoian Europan egoteak motibatu egiten du norbera». Horixe da aurrera begira daukan helburua. «Europara sailkatzea eta gozatzen jarraitzea».
500 partidako langa
Realarekin partida gehien jokatu duten jokalarien zerrendan goi-goian agertuko da Prietoren izena. Gaur-gaurkoz, 488 partida ofizial ditu jokatuak, eta bost jokalari baino ez ditu gainetik: Alberto Gorriz Bixio (599), Juanan Larrañaga (589), Jesus Zamora (588), Luis Miguel Arkonada (551) eta Miguel Fuentes (495). Baliteke azken hori sasoi honetan bertan gainditzea. «Gezurra dirudi kopuru horietara iritsi izana. Zahartzen ari naizen seinale izango da. Halere, zenbaki horiei ez diet gehiegi begiratzen, baina oso polita da jokalari horien pare agertzea eta 500 partidako langa gainditzea».
Hau izango ote da azken kontratu berritzea? «Ez dakit. Pentsatzen nuen ez nuela segituko, eta begira non nagoen. Beraz, ezin esan dezaket hurrengo urtean zer erabakiko dudan». Oraingoz, lanean jarraitu nahi du. «Polita izango da datorren sasoian Europan aritzea, eta zergatik ez tituluren bat irabazi? Amets hori betetzea bikaina izango litzateke».
«Maitatua sentitzen naiz, eta gozatzen ari naiz; horregatik jarraituko dut»
Erabakiak «buruhauste ugari» sortu dizkiola aitortu arren, pozez eta ilusioz azaldu da Xabi Prieto beste urtebetez Realean segituko duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu