Grezian egin zuen herenegun, eta Bilbon egin du gaur, etxean: bi eskuekin gogor eutsi, eta ahalik eta gorena altxatu du kopa Xavi Rabaseda Bilbo Basketeko kapitainak, Bilboko udaletxeko balkoi nagusian. Hasi da festa Bizkaiko hiriburuan. PAOK Tesalonika garaituta, Bilbo Basket da aurtengo FIBAren Europako Kopako irabazlea. Momentu ezin hobean lortu du goi mailako lehen garaikurra: klubaren sorreraren 25. urteurrenean. Hori ospatzeko, milaka zale bildu dira gaur Bilbon. Udaletxeko balkoitik, klubeko kideek argi utzi diete bertaratu direnei: «Hau guztiok batera lortu dugu».
Bilbo Basket udaletxera iritsi baino ordubete lehenago hasi da eraikinaren aurrean jendea elkartzen. Askok taldearen bufanda eraman dute soinean, eta beste batzuek, banderak. Herritar gazteenek hartu dute lehen lerroa. Miribillan egin bezala, Hirukoa zale taldea arduratu da giroa berotzeaz. Jendea behera eta gora mugiarazi dute, «txapeldunak» eta «Bilbo Basket» oihukatu, eta bengala beltzak eta gorriak piztu.
«Urduri baino urduriago bizi izan genuen partida», gogoratu du saskibaloi taldeari harrera egitera hurbildu den Aitziber Gutierrez zaleak. Izan ere, sufrituta garaitu zuen Bilbo Basketek Greziako taldea. Horrela bizi izanak, baina, badu bere alde ona: «Are gusturago geratu ginen gero, garaituta». Gutierrezek adierazi duenez, «harrotasunez» bizitzeko eguna da gaurkoa.
Gutierrezen aurpegiak islatu bezala, poztasuna eta maitasuna izan dira nagusi gaur Bilbon. Amaiezinak izan dira oihuak eta txaloak, eta horiek areagotu egin dira Bilbo Basketen autobusa iritsi eta jokalariak agertu direnean.
«Ahalik eta ondoena prestatu ditugu partidak, eta denok batera sekulakoa egin dugu»
JAUME PONSARNAUBilbo Basketeko entrenatzailea
Udaletxearen eskaileretan egin die harrera Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, eta dantzariek egindako pasilloa gurutzatuta, eraikinean sartu dira taldeko kide guztiak. Balkoira atera baino lehen, Jaume Ponsarnau taldeko entrenatzaileak eskerrak eman dizkie garaipena «posible» egin duten guztiei, besteak beste kalean haien zain zegoen jendeari, «lan izugarria» egin duten jokalariei, baita lantalde osoari ere. «Ahalik eta ondoena prestatu ditugu partidak, eta denok batera sekulakoa egin dugu», aitortu du. Udaletxearen barruan esan ditu hitzok Ponsarnauk, leihoetatik kanpoko zalaparta eta oihuak sartu bitartean.
Ez diete zaleei itxaronarazi nahi izan, eta segituan atera dira balkoira, Queen musika taldearen We are the champions abestiaren erritmoan. Rabaseda izan da azkenetarikoa, kopa eskuetan. Kapitaina izan da kopa altxatzen lehenengoa, baina esku guztietatik igaro da gero. «Hau guztiok batera lortu dugu», oihukatu du Ponsarnauk, eskuarekin zale guztiak borobiltzen zituen zirkulua eginez.

Javi Salgado bigarren entrenatzaileak ere hartu du hitza. Hogei urteko jokalari ibilbidearen erdia baino gehiago Bilbo Basketen egin zuen, 2019an erretiroa hartu zuen arte. Halere, betiko taldeari lotuta segitzea erabaki zuen. «Oso harro gaude titulua hau lortu dugulako, baino are harroago gaude zuekin partekatu ahal dugulako; beti egon zarete hor, egoera onetan zein txarretan, eta horregatik, oso pozik gaude zuek hemen izateaz», adierazi du.
«Askoren lehena»
«Pozik eta hunkituta» agertu da Rabaseda. «Kirol ibilbidean ez dira titulu asko irabazten; beraz, irabazten dugunean, aprobetxatu egin behar dugu». Historikotzat jo du klubak lehen titulua irabazi izana, eta azaldu horrek agerian uzten duela taldea «lan ona» egiten ari dela. «Garaipen hau amets bat izaten hasi zen, pixkanaka-pixkanaka helburutzat jarri genuen, eta, azkenean, lortu ahal izan dugu». Kapitainak espero du titulu hau «askoren lehena» izatea.
Oraindik partida batzuk ditu aurretik Bilbo Basketek, denboraldiari amaiera emateko. Rabasedak azaldu duenez, orain arte izan duten «dinamika ona» aprobetxatzen saiatuko dira. Hala ere, bukatuko duten moduan bukatuta ere, argi utzi du urte honen «oroitzapen ona» izango dutela.
«Kirol ibilbidean ez dira titulu asko irabazten; beraz, irabazten dugunean, aprobetxatu egin behar dugu»
XAVI RABASEDABilbo Basketeko kapitaina
Festa ez da udaletxean bertan amaitu. Udaletxetik atera direnean, taldeko kideak autobusera igo dira, eta Bizkaiko Foru Aldundirako bidea hartu dute. Aldundian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak harrera egin die, eta balkoira atera dira bertan ere, herritarrak azkeneko aldiz agurtzeko.
Izan ere, badirudi inork ez duela ospakizunari amaiera emateko gogorik. «Poz-pozik» dago Virginia Luis Garcia, haren seme Ametsekin eta alaba Ilargirekin. «Ilargik Bilbo Basketen fundazioan jokatzen du ikastolan, eta, haren entrenatzailea balkoian zegoenez, etorri egin gara», azaldu du. Luisek aitortu duenez, «saskibaloiaren mundua nahikoa berria» da berarentzat, baina «izugarria» iruditzen zaio. Partidak ikustera joaten dira maiz, eta giroa «ikaragarria» dela adierazi du. «Hemendik aurrera, ospatzen jarraituko dugu», gehitu du.