Maitasuna, txapelik onena

Galarretak omenaldi hunkigarri batekin agurtu du Koteto Ezkurra. Banaka 11 txapel irabazi ditu, baina izandako gertutasunagatik eta jarreragatik oroituko dute pilotazaleek.

Koteto Ezkurra, Galarreta bete zuten ikusleak agurtzen, atzo. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
Hernani
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Magiaz eta emozioz bete zen atzo Hernaniko Galarreta pilotalekua, erremontearen katedrala. Eta ez zen gutxiagorako, erretiroa hartu baitzuen historiako erremontistarik onenetakoak, onenak ez esatearren: Koteto Ezkurrak. 28 urte pasako ibilbide oparoaren ondoren, azken partida jokatu zuen doneztebarrak, eta gainezka egin zuen pilotalekuak. Ezkurrak ez ezik, hainbat zalek ere isuri zituzten malkoak. Okasioak hala merezita, inoiz baino jende gehiago bildu zen harmailan, eta hunkigarri joan zen omenaldia. Ez zen ezer faltan izan: argazkiak, dantzak, bertsoak, opariak, iraganeko irudiak... Ezkurrari azkeneko partida galtzea tokatu zitzaion arren, zoriontsu esan zuen agur. «Oso hunkituta nago. Izugarria izan da jaso dudan maitasuna, eta edozein txapelek baino gehiago balio dit. Eskerrik asko».

Galarretaren kanpoaldean igar zitekeen eguerdirako zerbait berezia bazetorrela. Aspaldian bertako aparkalekua hutsik samarrik sumatu arren, atzo arazoak izan baitziren autoa egoki uzteko. Zain zeuden denak Ezkurraren agurreko lehia ikusteko, baina omenaldia txapa airera bota baino lehen hasi zen. Zuzeneko musika lagun, lehengo eta oraingo erremontista guztiek egin zioten ongietorria. Ondoren joaldunek ekarri zioten zesta —tartean zen bere semeetako bat—, eta geroago erremontearekin jositako dantza erakustaldi bikaina egin zuen Villabonako Oinkari dantza taldeak. Azkenik, Tomas Rekondok bota zuen txapa airera.

Lehen ekitaldi hori igarota, hasi zen eguneko norgehiagoka. Ezkurrak Etxeberria III.a zuen lagun, bere kintakoa, eta aurkari izan ziren Zeberio II.a eta Ion. Emozioek gain hartuta edo, hasiera eskasa izan zuten gorriek, eta kosta egin zitzaien partidan sartzea. Ia beti atzetik izan ziren: 7-10, 10-14 eta 16-23. Pilotazaleen gogoa asebete gabe zegoen artean, baina orduantxe azaldu zen Ezkurraren kasta. Urduritasuna alde batera utzita, berak eman zion erritmoa jokoari, eta pixkanaka orekatuz joan zen lehia: 30na. Tarte horretan bere kalitatearen berri eman zuen, eta erakutsi zuen sasoi onean hartuko duela erretiroa.

Pilotalekua bero-bero zegoen, omenaldiak biribila izateko Ezkurraren garaipena besterik ez baitzuen falta. Tanto onenak Ezkurrak berak egin zituen, eta argi geratu zen zergatik jantzi duen 11 aldiz banakako txapela eta bost aldiz binakakoa. Hori bai, Zeberio II.ak eta Ionek ez zuten ezer oparitu nahi izan, eta gehiago izan ziren. Azkenerako, 35-40 galdu zuen Ezkurrak azken partida.

Amaiera «zoriontsua»

Azken tantoarekin bat, pentsatu izango zuen doneztebarrak iritsi zitzaiola kantxatik betiko joateko ordua, baina omenaldiari beste apur bat falta zitzaion oraindik. Pilotazaleen txalo zaparradari bideo batek eman zion jarraipena, eta bertan pilota munduko hainbat pertsonak esker oneko hitzak izan zituzten Ezkurrarentzat. Izan ere, bere kalitatearen gainetik, jarreragatik eta gertutasunagatik izan da hain maitatua Ezkurra. «Galarretako zaleak bikain tratatu nau nire ibilbidean, eta batez ere hori eskertu nahi dut». Esker oneko hitzez gain, eskaera zehatza egin zuen. «Egoera oso zailean dago erremontea, eta eskatu nahi diet instituzioei eta politikariei laguntzeko, bestela amaiera txarra izango baitugu».

Hitz horien ondoren oparien garaia iritsi zen, eta inork ez zuen hutsik egin nahi izan. Presente izan ziren, besteak beste, Doneztebeko Udala, Oriamendi enpresa, Nafarroako Pilota Federazioa eta beste. Hori bai, hunkigarriena alabak eskaini zion dantza izan zen. Amaitzeko, El Rey rantxera ipini zioten, eta, mikrofonoa eskutan, kantatuz esan zuen agur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.