Maitasuna ez da maiztasuna

Txente Garciak hamazazpi urte egin ditu profesionaletan, baina erretiratzeko garaia dela iritzi dio. Bizikletan egin nahi zuen, baina ezin izan du. Euskal txirrindularitzak kide mitiko bati esan dio agur.

Eusebio Unzue  eta Txente Garcia Acosta, atzo, Gorraizko hotel batean emaniko prentsaurrekoaren ondoren . IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Protagonismorik gabe. Diskretasun osoz eta umiltasunez. Bizikleta gainean aritzen zen bezalaxe agurtu zen atzo Txente Garcia Acosta, Gorraizen, Nafarroan. Profesional mailan hamazazpi urte egin ondoren, hala beharrak eraginda esan dio agurtxirrindularitzari: «Abuztuan Espainiako Vueltan izandako erorikotik ez naiz erabat osatu. Nire nahia bizikleta gainean agurtzea zen, baina ezin izan dut». Kirolaren alde iluna 39 urterekin ezagutu du Tafallakoak, baina horrek ez du bere ibilbidea inondik inora ilundu: «Aspalditik neukan pentsatuta erretiroa hartzea, baina ez era honetan. Txirrindularitzak dena eman dit, eta nik ere bai berari. Ezer ez bezala maitatu dut», zihoen hunkiturik. Ordea, maitasuna ez da maiztasuna.

Fina, langilea eta jakintsua. Adjektibo horiekin definitu daiteke Txente Garciaren jarduna. Zerbaitetan nabarmendu baldin bada, hori taldekideei emaniko laguntza ezin hobean izan da, eta horregatik maitatu dute hainbeste tropelean. Besteak beste, Indurain, Olano, Zuelle eta Valverderen bizkartzaina izan da. Liderra non, Txente han. Dena den, ez da liderren itzalpean geratu Tafallakoak egindako lana: «Eurei laguntzea zen nire zeregin nagusia eta bakarra, eta helmugan eskuak eurek altxatzen zituzten. Garaipen horiek, halere, nireak balira bezala sentitu ditut. Asko eman diet nire liderrei, baina eurek niri askoz gehiago».

Ezinbesteko txirrindularia zen Eusebio Unzue eta Jose Miguel Etxebarrirentzako. Euren eskutik debutatu zuen 1995ean Banestorekin, eta geroztik beti partekatu izan dute taldea, babesleak aldatu arren. Unzuek lore ugari bota zizkion Txenteri atzoko prentsaurrekoan: «Esker oneko hitzak besterik ez dauzkat berarentzat. Ongi daki ze iritzi daukadan berari buruz, eta badaki nahi duenerako hemen gauzkala. Besoak zabalduta hartuko dugu».

Unzue eta Etxebarri ahalik eta talde indartsuena egiten ahalegintzen ziren urtero itzuli handietarako, eta Txente beti barruan sartzen zuten: «Ordezkaezina da. Denetik egiten zuen taldean, eta ezinbestekoa zen guretzat. Txirrindulari handia egin zen guregana etorri zenean, eta handien moduan agurtu da», adierazi zuen Unzuek. Utzi dituen zenbakiei erreparatu besterik ez dago lan onaz jabetzeko.

Guztira hogeita zazpi itzuli handietan hartu du parte. Hamabi urtez jarraian Frantziako Tourrean zein Espainiako Vueltan, eta eginkizuna taldekideei laguntzea bazuen ere, etapa garrantzitsuak irabazitakoa da. 2000. urtean garaipen gogoangarria lortu zuen Tourrean, Draguignanen amaitu zen etapan. Nicolas Jalabert Laurent ospetsuaren anaiarekin zihoan ihesaldian, eta hura ura edaten hastea nahikoa izan zuen erasoa jo eta helmugara bakarrik iristeko. Tafallakoaren palmaresean gorriz markatuta dago egun hura. Espainiako Itzulian, bestalde, bi etapatan nagusitutakoa da, 1997an eta 2002an.

Indurainen garaiko bakarra

Miguel Indurainek profesionaletan eman zituen urteetatik lehian jarraitzen zuen bakarra Txente Garcia zen. Debutatu eta lehen bi urteak txapeldun handiaren ondoan egin zituen, Banesto taldean. Biak nafarrak izaki, ezin hobeto ulertzen zuten elkar, eta garaipen askotako gidari izan zuen Indurainek Tafallakoa. Pereirok ere badu egoera horren berri, Frantziako Tourra irabazitakoa baita Txente Garciaren laguntza apartari esker. Valverderekin, berriz, Espainiako Itzulian gertatu zen egoera berbera.

Negar malkoei eutsi ezinik hitz egin zuen protagonistak kameren aurrean, eta urte guzti hauetan alboan izan dituen guztiak hartu nahi izan zituen gogoan: «Zerrenda oso luzea da. Lagunak, jarraitzaileak eta taldeko kide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet bihotzez, baina batez ere familiari».

Bizikleta gainean «haur batek baino gehiago» gozatu duela adierazi zuen, eta profesionaletan ez bada ere, entrenatzen jarraituko duela argi utzi zuen. Etorkizunean zeri helduko dion, ordea, argitzeke dauka. Txirrindularitzaren munduan jarraitu, kotxearen barruan, edo beste zerbaitetan jardun. Argi dagoena zera da, tropelak faltan botako duela, eta euskal txirrindularitzak kide mitiko bati esan diola agur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.