Motibazioa galduta nengoen, eta aldaketa bat behar nuen». Denboraldiaren erdi partean sentimendu kontrajarriak izan zituen Lara Arruabarrena tolosarrak. «Albert Torresek [entrenatzailea] esaten zizkidan gauzak jada ez nituen neure egiten lehen bezala, eta pistan ez nengoen eroso». Andoni Vivanco entrenatzailearekin gogoratu zen orduan gipuzkoarra. «Oso egonkortuta nengoen, eta gauzak beste modu batera esango zizkidan norbait behar nuen».
Berehala nabaritu da aldaketa horren ondorioa: joan den larunbatean Seulgo Torneoa irabazi zuen tolosarrak, finalean Monica Niculescu errumaniarra 6-0, 2-6 eta 6-0 mendean hartuta. WTA Torneoko bigarren garaipena du Arruabarrenak, baina lau urte luze igaro dira jada azkenekotik: 2012an Bogotako Torneoa irabazi zuen, eta, bakarka, gozatu handirik hartu gabe egon da ordutik. 2013an Caliko Torneoan nagusitu zen, baina WTA barruan 125s mailakoa da txapelketa hori.
«Nire kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena izan da Seulgoa». Tenislariak ez du izan zalantza handirik. «Bogotakoa baino gogorragoa izan da torneo hau. 19 urte neuzkan orduan, baina garaipen hari ez nion eman zeukan garrantzirik. Orain ikusi dut zein zaila den torneo bat irabaztea». Seulen finalera arteko ibilbidea da horren erakusgarri: tolosarra ez zen zerrendaburua, baina Louisa Chirico estatubatuarra kanporatu zuen bigarren partidan (4-6, 7-6 eta 7-6) —zortzigarren zerrendaburua—, Johanna Larsson suediarra final-laurdenetan (6-4 eta 6-0), eta Patricia Maria Tig errumaniarra finalerdietan (6-1 eta 6-2). Gorabehera askoko finalean, berriz, 6-0eko bikoitza lortu zuen Niculescuren aurka, tartean set bat galduta (6-2).
Baina finaleko partidari ez, Chricoren aurkakoari eman dio Arruabarrenak garrantzi handia: «Oso luzea izan zen, guztietan luzeena, eta partida irabazteko bi sake izan zituen aurkariak». Buruak lagundu zion estatubatuarra azpiratzen. «Eta konfiantza handia eman zidan garaipen horrek».
Hain zuzen ere, horixe eduki du galduta denboraldi honetan: konfiantza. Oso urte gogorra izan du tolosarrak, eta kirol arlotik kanpoko zalaparta batek ere zipriztindu du. Urtarrilean, Australiako Irekian, David Marrerorekin bikotea osatuz jokatu zuen Arruabarrenak Andrea Hlavackova eta Lukasz Kuboten aurka, eta, apustu etxeetan izandako neurri gabeko apustuak aintzat hartuta, partida hura nahita galduko zuten susmoa sortu zen berehala. 6-0 eta 6-3 galdu zuten Marrerok eta Arruabarrenak, eta hogei minutu eskas iraun zuen lehen setak, oso denbora gutxi.
Maiatz amaieran jakinarazi zuten partida hartan ez zela izan legez kanpoko ezertxo ere, baina tentsio handiko hilabeteak bizi behar izan zituen tolosarrak. Horrek ere edukiko zuen zerikusirik, noski, emaitza kaskarretan. «Oso urte gorabeheratsua izan da. Garaipen onen bat edo beste lortu dut, baina bolada txar batzuk ere izan ditut tartean». Azken hilabeteotan, ordea, «gogotik» lan egin du gipuzkoarrak. «Fisikoki eta jokoan. Serio aritu naiz lanean, oso kontzentratuta».
30 onenei begira jarri da
WTA zerrendan 70. postua zuen orain arteko onena, orain hiru urtekoa, baina 61. posturaino goratu du Seulgo Torneoko garaipenak. Hori bai, daukanari begira gelditzeko asmo handirik ez dauka Arruabarrenak. «30 onenen artean sartu nahiko nuke hurrengo urtearen amaieran. Kirol arloa aztertuta, uste dut gai naizela». Gainerako arloak ahaztu gabe, noski, baina burua landu nahi du gehiago, gorako pauso bakoitza sendoagoa izan dadin.
Seulen finaleraino iritsita, Wuhango Torneoan, Txinan, bakarkako lehian parte hartu ezinik gelditu da gipuzkoarra. Baina binakakoan ariko da, gaur bertan, Euskal Herrian 10:00 inguru direnean. Oksana Kalaxnikova georgiarrarekin osatuko du bikotea, eta Timea Bacsinszky suitzarra eta Svetlana Kuznetsova errusiarra izango ditu aurkari. Irabaziz gero, Timea Babos hungariarra eta Jaroslava Xvedova kazakhstandarra, edo Maria Irigoyen argentinarra eta Tatjana Maria alemaniarra izango ditu aurkari final-zortzirenetan. Wuhango Torneoa amaituta, beste bitan parte hartuko du urtea amaitu aurretik. «Eta zer edo zer garrantzitsua lor dezakedala sentitzen dut».
Lara Arruabarrena
Maitasun handiz
Entrenatzailea aldatu berritan konfiantza berreskuratuta, Seulgo Torneoa irabazi du tolosarrak, WTA zirkuituko bigarrena. Inoizko posturik onenean dago sailkapenean: 61.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu