Maisuak badu bere eskola

Marcelo Bielsa ekarpen handia ari zaio egiten futbolari, jokatzeko berezko era eman diolako. Gainera, eredu hori segida ari da izaten, hainbat entrenatzaile dabilelako argentinarraren bideari segika.

Aitor Manterola Garate.
2015eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Hainbat irizpide erabiltzen da futbola historian zehar izaten ari den bilakaera neurtzeko, eta jokatzeko ereduak biltzen dira horietako batean. Azken hamarkadetako bilakaera hiru mugarri handiren barruan zehazten da: Herbehereen jokatzeko era, Rinus Michels entrenatzailearen lanean oinarritua; Arrigo Sacchik Milan handi hartan ezarri zuena da bigarrena; etaPep Guardiola eta haren Bartzelona paregabea hirugarrena. Bidea egite horretan laguntza ezinbestekoa izan dute hirurek garaipena. Irabazle izan behar dela ematen du jokatzeko eredu bati mugarri titulua emateko.

Entrenatzaile batek futbolari egin liezaiokeen ekarpenik handiena da jokatzeko era bat eredutzat jartzea eta beste batzuek jarraipena ematea. Bada eredu horien artean bidea egiten ari den beste bat azken urteetan: Marcelo Bielsarena. Esan liteke ez dagoela ageri-agerian; besteak beste, titulu handiren bat irabaztea falta izan zaiolako. Garaipenen bidez bakarrik eredu bat eredu den zehaztea ez da bidezkoa, eta Bielsarenak ederki azaltzen du irabaztearen argi distiratsuetatik aparte ere egin daitekeela ekarpen handia.

Asko ari zaio ematen futbolari Athleticeko entrenatzaile ohia. Isil-isilik eta lanean serio demonio. Orain gutxi arte, orain dela urte gutxi batzuk arte, harekin bakarrik lotzen zen eredu hori. Euskal Herriko futbolak zorte handia izan zuen bertatik bertara ezagutu ahal izan zuelako zein den Rosarioko (Argentina) entrenatzailearen eredua. 2011-2012 denboraldiko Athletic hura zaleen gogoan ondo iltzatuta geratu da, baina ez zuen koparik altxatu, eta ematen du han geratu zela, han hasi eta hantxe bukatu zela eredu ikusgarri hura.

Hemen bertan loraldi gozoa izan zuen Bielsaren ereduak, eta Europa osoa liluraz begira jarri zitzaion Athletic haren jokatzeko era ikusgarriari. Baina joan zen Bielsa, eta eraman zuen berekin jokatzeko era berezko hori. Bertako entrenatzaile askok goraipatu zuen eredu hura, baina praktikan, jarraitzailerik apenas izan duen; ez, behintzat, goi mailako futbolean.

Bestelako kontu batzuk izan dira, ordea, haren jaioterrian, Argentinan. Han bai, han sortzen joan da Bielsaren jarraitzaile andana, eta maisuari gertatzen ari zaion bezala, oharkabean bezala sortu dira lore berriak. Jarraitzaile horietako gehienek zuzeneko lotura izan dute Bielsarekin berarekin: haren lantaldean arituak dira, edota Bielsa bera izan zuten entrenatzaile. Zerrenda luzea da, eta azken urteetan luzatzen ari da, gainera.

Talde handienetako batean lanean aritzeko aukera izan zuelako, sona handiena Gerardo Martino Tata-k izan du. Aurreko denboraldian Bartzelonako entrenatzaile izendatu zutenean, leku askotan nabarmendu zen Bielsaren ereduaren jarraitzailea zela. Bartzelonan beste bide bati heldu behar izan zion, oso zaila delako plaza horretan oso berea ez duten beste eredu bat ezartzea. Baina Bartzelonan azaldu aurretik, bere betiko taldean, Newell's Old Boysen ezarri zuen Bielsaren jokatzeko eredu bizi, ausart eta ikusgarria. Liga irabazi zuen, eta Libertadores Kopan, finalerdiak harrapatu zituen egun Argentinako selekzioko entrenatzaile denak. 2013an izan zen hori guztia. Martinok Bielsa izan zuen entrenatzaile Rosariokoak lehen aldiz Newell's zuzendu zuenean, 90eko hamarkadaren hasieran.

Argentinako titulua jokoan zela, 1991n, Boca Juniorsi 1-0 irabazi zion Bielsaren Newell's hark, eta golaren jokaldian, Martinoz gain maisuaren jarraitzaile leiala den beste batek hartu zuen parte: Eduardo Berizzok sartu zuen gola, egun Celtako entrenatzaileak, Martinoren erdiraketa baliatuz.

Bielsaren baitan hasia zen josten orain azaldu den eskolarena, haren jarraitzaileena. Berizzoren lana orain egin da ezagun, hemen gertu ari delako lanean. Orain jakin da Bielsaren jokatzeko ereduaren antzekoa darabilela. Inor ez da harritu lotura horretaz, Berizzoren biografian badelako Bielsarekin lotzen duen beste mugarri bat, Newell'seko hartaz gain: Bielsaren laguntzailea izan zen Txileko selekzioan, 2007tik 2010era. Maisuaren albo-alboan aritu ahal izan zen ikasten ikaslea.

Bielsak zuzendu dituen beste bi jokalari eta bere jarraitzaile bihurtu direnak Mauricio Pocchettino (Tottenham) eta Marcelo Gallardo (River Plate) dira. Berriki irabazi du Riverrek Hego Amerikako Kopa.

Sampaoli, Dario Franco...

«Gustatzen zait nola ari den jokatzen River hau, eta Bielsa ere ari da bere ideia ezartzen Frantzian». Jorge Sampaoli argentinarrak esanak dira hitz horiek. Txileko selekzioko entrenatzailea da, eta Munduko Kopa ona jokatu zuen iaz. Bielsaren jarraitzailea da hura ere, eta harekin aurretik lotura izan ez duten bakanetakoa da. Badira beste batzuk ere: Dario Franco (Defensa y Justicia), Javier Torrente (Bielsaren laguntzailea Olympique Marseillan), eta Claudio Vivas Athleticen laguntzaile izan zuena, esate baterako.

Zerrenda luzea da. Luzatzen ari da. Eta etorriko dira gehiago. Bielsaren ekarpena ez da geratuko Michels, Sacchi eta Guardiolak egindakoaren alboan, eta ez da bidezkoa izango hala gertatzea, Bielsa asko ari zaiolako ematen futbolari. Eskola sortu du, eta entrenatzaile baten lana neurtzeko tituluak bezain fidagarria da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.