Lehen partidak ez zuen horrelakorik pentsatzen utzi. Sasoi bat lehenago maila galdu eta gero, Baiona Top 14ra itzuli berri zen, eta Toulon handiari irabazi zion, Jean Daugerren (28-23). Goi mailako partida izan zen, irekia eta joko anitzekoa. Mahai gainean kolpe handia jo zuen Baionak, eta Top 14ra gauzak ongi egiteko asmoz itzuli zela erakutsi.
Bi hilabete berantago, baina, goitik behera aldatu da egoera. Agorril bukaerako garaipen horren ondotik, beste partida bakar bat ere irabazterik ez du izan talde xuri-urdinak. Asterik aste, porrotak bata bestearen gibeletik pilatu ditu, eta sailkapeneko puntu bakarrak etxean Lyonen eta Castresen aurka lortutako berdinketei esker lortu ditu.
Bederatzi partidetatik sei galduta, azken postuan dago sailkapenean Baiona. Gainera, asteak pasatu ahala, zuloan sakonago sartzen ari da, eta salbazioa geroz eta urrunago dauka. Gaur-gaurkoz, Paue da jaitsiera postuetatik kanpo dagoen lehen taldea. Bederatzi punturen aldea du Biarnoko taldeak, Baionarekiko. Zulo handia da hori, Pauek bi aldiz huts egiteko parada duelako, Baionak aitzina hartu gabe.
Uda bukaerako ametsak eta ilusioak gibelean gelditu dira, eta Top 14ko errealitate gordinera itzuli da Baiona. Egoera kezkagarria da oso, eta porrotaren espiral negatiboan jarraitzen du. Horrelakoetan ohikoa izaten den bezala, faktore guztiak aurka izan ditu Lapurdiko hiriburuko taldeak. Taldeko jokalari garrantzitsu anitz min hartuta izan ditu, batik bat lehen lerroan. Egoeraren larria ikusita, Aretz Iginiz hendaiarrak pentsatu baino lehenago jokatzen hasi behar izan du berriz, eskuin besoko bizepseko lesioa erabat sendatu gabe.
Horiei guztiei taldearen kudeaketa txarra eta esperientzia falta erantsi behar zaizkie. «Entrenamenduetan ongi ari gara, baina partidetan baloiak lurrera erortzen zaizkigu, zangoz jokatu beharreko baloiak eskuz jokatzen ditugu... burua joaten zaigu», aitortu du Vincent Etxeto Baionako kirol zuzendariak. Haren oinarriei eutsiz, Baionak joko irekiaren aldeko parioa egin du, bainajoko molde horren zorroztasun tekniko eta taktikoa ez ditu beti erakutsi.
Horren azken adibidea Racingen aurkako lehia izan da: «Partidan sartuta geunden, 3-9 galtzen, eta aitzina hartzeko aukera genuen. Dortoka entsegu marratik metro batera erori, eta hurrengo jokaldian 3-16ko entsegua jaso genuen», gogoratu du Etxetok. Asteak aitzinatu ahala, jokalarien gainean presioa areagotuz doa: «Jokalariok badakigu ez dugula gehiago huts egiteko aukerarik. Horrek presioa eransten digu, eta horrela zaila da lasai jokatzea eta petorik ez egitea. Sorgin-gurpil batean gaude», azaldu du Jean Monribot kapitainak.
Gaur, beste aukera bat
Egoera kezkagarria da, eta dagoeneko kalkuluekin erotzeko denborarik ez du Baionak. «Irabazita bakarrik emanen diogu bukaera bolada txar honi», azpimarratu du Etxetok. Horretarako, edozein plaza da ona, eta lehen aukera Briveko Amedee Domenech zelaia izanen da, gaur bertan. «Oldartu beharra daukagu, eta beste itxura bat eman. Gure ohorea eta urguilua erakutsi behar ditugu». Pierre Gayraud bigarren lerroko jokalariak egin du iraultzarako deialdi hori.
Oldarraldiak egiteko plaza txarra da Brivekoa, ordea. Frantziako taldea eskola zaharrekoa da. Etxetik kanpo ez dabil oso fin, azkeneko bi sasoietan hobetu egin duen arren. Etxean, aldiz, bere aitzinekoen indar eta gogortasunean oinarritzen da, eta biziki zaila da hari irabaztea. «Joan den astean 40 puntu jaso zituzten —16-40 galdu zuten Clermonten aurka—,eta errebantxa gogoz izanen dira, ziur», ohartarazi du Baionako entrenatzaileak. Hori, hala ere, gutxienekoa da jada, eta Baionak bere buruari begiratu beharko dio maila hobetu eta emaitza onak jasotzen hasteko.
Mailari neurria hartu ezinik
Top 14ko lehen herena jokatu delarik, Baiona azken postuan sailkatuta dago, partida bakarra irabazita. Gaur hasi nahi du susperraldia, Briven irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu