Mailari eutsi, eta gero gerokoak

Aurreko sasoian baino gutxiago sufritu eta liga lehen multzoan amaitu nahiko luke Ordizia errugbi elkarteak. Les Abellesen zelaian abiatuko du denboraldia Goierriko taldeak, igandean (12:00).

Ordiziako jokalariak, asteartean Altamiran egindako entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Ordiziako jokalariak, asteartean Altamiran egindako entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko urriaren 3a
05:10
Entzun

Hogeigarren denboraldiz jarraian, Ordizia errugbi elkartearen gizonezkoen taldea Espainiako Ohorezko Mailan lehiatuko da. Goierriko taldearentzat aurreko sasoia zaila izan zen, ligako azken neurketan Bartzelona menderatu behar izan baitzuen jaitsierako kanporaketa ekidin ahal izateko. Federico Gallo argentinarrak jarraitzen du taldeko entrenatzailea izaten; hirugarren denboraldia izango du karguan, eta taldea, jokalarien kopuruari dagokionez, dezente aldatu da sasoi berrirako: hamar jokalarik utzi dute taldea, eta zazpi fitxaketa egin dituzte. Igandean, Valentziako Les Abelles taldearen zelaian ekingo diote denboraldiari (12:00).

Koro Bosque presidentea buru duen zuzendaritzako kide da Oier Iturrioz (Ordizia, Gipuzkoa, 1983), eta kirol zuzendariaren eginkizunak ere bere gain hartu ditu. «Espero dut denboraldi hau aurrekoa baino lasaiagoa izatea. Zuzendaritzaren ardura hartu genuen aurreko denboraldian, eta jabetu ginen lan asko genuela egiteko. Lau edo bost urterako egitasmoa da zuzendaritza honek hasieratik planteatu duena. Sasoi berrirako espero ditudan gauzetako bat da herriak taldearekin bat egitea, eta Altamirara taldea animatzera joatea. Horrek asko lagunduko liguke».

Aldaketa esanguratsu batekin dator ligako sistema. Izan ere, talde bat zuzenean jaitsi eta beste batek jaitsierako kanporaketa jokatu beharrean, sasoi honetan eta hurrengoan bi taldek zuzenean galduko dute maila, eta Ohorezko B Mailatik talde bakarra igoko da. Hala, 2026-27ko denboraldian, Ohorezko Mailan hamar talde ariko dira, hamabi beharrean. «Lehen itzulia jokatu ostean, liga bi multzotan banatuko da. Beheko multzoan sartuz gero, oso aukera gutxi izango da kanporaketak jokatzeko, eta, aldiz, arrisku handia maila galtzeko. Aurreko denboraldian ikusi zen bigarren multzo horretan egon ginen talde guztiak oso puntu gutxiko tartean geundela. Beraz, abenduan lehen multzoan sartzeko zorian egon zaitezke, baina azkenerako bigarren multzoko parte bazara, denboraldi amaieran maila gal zenezake. Lehen multzoan sartuz gero, bigarren itzuliko partida guztiak galdu arren, ezin zara Ohorezko B mailara jaitsi».

Iturriozek aitortu du aldaketa horrek «presio puntu bat» gehitzen duela. «Argi dagoena da lehenengo itzulia dela garrantzitsuena. Hil edo bizikoa da hasiera ona egitea. Horregatik, Fedek eskatuta, denboraldia amaitu ostean lanketa fisiko berezi bat egin genuen jokalariekin, denboraldiaurrera jada bete-betean ailegatzeko. Hori eginda, uste dugu lehen bloke honi ahalik eta modu hoberenean aurre egin ahal izango diogula».

Duela hiru denboraldi ligako finala jokatu arren, klubaren helburu nagusia datorren denboraldian Ohorezko Mailan aritzea da. «Argi dago helburua hori dela. Baina talde teknikoari eta jokalariei zuzendaritzakoek helarazi diegu lehen multzo horretan sartu behar dugula nahitaez. Behin hori egin eta gero, partidaz partida joango gara, ailegatzen garen tokiraino. Horretarako, lehen bezala, Altamira gotorleku izatea funtsezkoa da».

«Talde teknikoari eta jokalariei zuzendaritzakoek helarazi diegu lehen multzo horretan sartu behar dugula nahitaez»

OIER ITURRIOZOrdiziako kirol zuzendaria eta zuzendaritzako kidea

Ligako sistema aldaketaz landa, Iturriozek nabarmendu du Ohorezko Maila urtero «lehia handiagokoa eta zailagoa» dela. «Gu herri txiki bateko talde txiki bat gara. Ohorezko Mailako gainontzeko talde guztiak hirietako taldeak dira, eta urtetik urtera kluba are eta gehiago profesionalizatzeko aukera izaten dute. Profesionalak diren 40 jokalari dituzten taldeen aurka lehiatzen gara, eta hori, azkenerako, nabaritu egiten da».

Prestaketa eta prestatzaile fisikoa aldatzeaz gain, taldea eta jokatzeko modua ere aldatuz joan dira iazko abendutik. «Jokatzeko teknika eta defentsako sistema aldatu edo doitu ditu Fedek. Joan den urteko abenduan egin zituen lehen aldaketak, eta taldeak hobera egin zuen, nahiz eta denboraldi amaieran neurketa batzuk galdu. Taldeak aurreko sasoiko bigarren erdian izan zuen hobekuntzarekin eta orain egingo ditugun aldaketekin, hobeto arituko garela uste dut».

Taldearekin, «pozik»

Fede Gallo entrenatzailearen lanarekin «gustura» dago klubeko zuzendaritza, eta osatu duten taldearekin ere «pozik» daudela dio Iturriozek. «Kopuruari begiratzen badiozu, badirudi jokalari aldaketa asko izan ditugula, baina taldearen blokea mantendu nahi genuen, eta lortu dugu. Ekarri ditugun jokalariek urrats bat egiten lagunduko digute, batzuek heldutasuna emango diotelako taldeari, eta besteek beharrezkoa den gaztetasuna. Fitxaketak egin baditugu, postu horietarako etxeko jokalaririk ez genuelako egin ditugu. Ilusio handia dugu sasoi berri honetarako, eta iruditzen zait talde polita osatu ahal izan dugula».

Gutxi-asko, 40 jokalarirekin lan egin du Gallo entrenatzaileak denboraldiaurrean zehar, eta egin duten bost asteko lanarekin konforme amaitu dute alde guztiek. Orain, hori guztia Les Abellesen zelaian erakustea falta da. «Taldea batuta baldin badago eta dakigun jokoa egiten badugu, irabazteko aukera asko izango ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.