Kauldi Odriozola. Bidasoako jokalaria

«Mailari eusteak baino zerbait gehiagok izan behar luke helburua»

Bigarren denboraldia jarraian izango du Irungo taldeak Asobal ligan, baita Kauldi Odriozolak ere. Ezker hegaleko gazteak aitortu du taldeak «aurrerapauso bat» eman behar duela denboraldi honetan.

Kerman Garralda
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bidasoak talde polita osatu du 2017-18ko denboraldirako. Tartean junior mailako munduko bi txapeldun ditu: Xoan Ledo atezaina eta Kauldi Odriozola hegalekoa (Zumaia, Gipuzkoa, 1997). Odriozolarekin hitz egin du BERRIAk, Asobal liga hastear.

Astebete falta da Asobal liga hasteko. Nola doaz prestaketa lanak?

Udan kanpoan egon naiz selekzioarekin, eta gero oporretan. Joan den astean hasi nintzen entrenatzen, taldekideak baino geroago. Erritmoa hartzea kosta egiten da, nekatuta gabiltza, baina taldea sasoiko ikusten dut.

Indartsu topatu dituzu taldekideak?

Haiek bizpahiru aste daramatzate entrenatzen, eta aldea nabari da. Aurten talde ona dugu, eta irrikaz gaude lehiatzen hasteko.

Egindako fitxaketek ilusioa piztu dute Irunen. Aurrerapauso bat ematea espero duzue?

Iaz igo berriak ginen, eta lehen urtea zaila izaten da. Halere, lortu genuen helburua, mailari eustea. Aurten, esan bezala, aurrerapauso bat eman behar dugu. Mailari eusteak baino zerbait gehiagok izan behar luke helburua, baina denboraldian zehar ikusiko dugu non gauden.

Taldean itxaropentsu zaudete, beraz.

Bai. Ahalik eta azkarren eutsi nahi diogu mailari, eta aurreko sasoiko postua hobetu. Eta taldea haziz joan dadila ere bai. Hori da gure helburua.

Xoan Ledo eta zu, munduko bi junior txapeldun. Gazteak izan arren, taldearen motorra izango zarete?

Ez dut uste. Hamasei jokalari gaude taldean, eta denak gara garrantzitsuak. Ez dago inor besteen gainetik, ez dugu izar bat partida oro dozena bat gol sartuko dituena. Bidasoaren ezaugarrietako bat da ardurak oso ongi banatzen ditugula, eta hori aprobetxatu behar dugu partidak irabazteko.

Halere, munduko txapeldun izanda, Jacobo Cuetarak, entrenatzaileak, gehiago eskatuko dizu. Presioa nabari duzu?

Ni beti saiatzen naiz nire onena ematen, eta aurten ere hala izango da. Hobeto edo okerrago aterako zait, baina entrenamendu eta partida guztietan neure burua estutuko dut. Baina presiorik ez dut; nik nirea egiten jarraitu behar dut.

Bigarren sasoia izango duzu Asobal ligan. Nolakoa izan zen lehen urtea? Hasiberririk onenaren saria eman zizuten.

Hasiera zaila izan zen. Hiru lesio izan nituen, eta ez nuen jarraipenik izan. Ilusio handia nuen Asobal ligan jokatzeko, baina lesioengatik ez jokatzea gogorra da. Halere, bigarren itzulian ondo aritu nintzen, eta asko gozatu nuen.

Hobeto moldatzea espero duzu oraingoan?

Aurten hasieratik ondo jokatu nahi dut. Aurreko denboraldian gorabeheratsu ibili nintzen. Ea liga amaierako sasoiari eusterik dudan.

Zer ikusten diozu zeure buruari hobetzeko?

Teknikoki, hegaleko jaurtiketak hobetu behar ditut. Eta psikologikoki, neure buruarengan konfiantza handiagoa izan behar dut. Erregularragoa izateko gakoa hor dagoela uste dut.

Orain, aurkariek hobeto ezagutuko zaituzte, eta gertuagotik zaindu. Horrek izutzen zaitu?

Egia da bigarren sasoia dudala Asobal ligan, eta ez dudala izango nuen ezusteko puntu hori. Halere, nik beti bezala jarraituko dut jokatzen. Eta ni gehiago zaintzen banaute, nire taldekideren bat libre dagoen seinale. Nik ezin badut gola sartu baina taldekide batek bai, ez dago arazorik. Garrantzitsuena taldea da.

Aurkariek gehiago ezagutzen zaituzte, eta munduko txapelketa erakusleiho ona da. Bidasoatik joateko eskaintzak izan al dituzu?

Oso gustura nago oraingoz, eta ez dut pentsatu ere egin kanpora joatea. Hurrengo denboraldian ikusiko dugu zer egiten dudan, baina kontratua dut, eta oso gustura nago etxean.

Ikasi ere egiten duzu, etxean zaude... Horrek lotzen al zaitu Bidasoara?

Leku askotan ikas daiteke, baina oraingoz hemen jarraituko dut.

Etorkizunean gustatuko litzaizuke talde handiago batera jauzi egitea?

Ez dut horretan pentsatzen. Oso gustura nago Bidasoan. Ikusiko dugu gerora zer gertatzen den, baina ez dut etorkizunean pentsatzen. Orain, taldean baino ez nago zentratuta, eta ahalik eta denboraldi onena egitean.

Eta aukera ikusten duzu junior selekziotik nagusira jauzi egiteko? Lagunarteko batean debuta egina duzu.

Zail ikusten dut. Espainiako selekzioan oso maila handia dago. Juniorretan lan ona egin dugu, baina selekzio nagusira jauzi handia dago. Gogotik lan egin beharko dut egun hori iristeko.

Eta, Bidasoara itzulita, taldearen gehiengoa gipuzkoarrek osatzen duzue. Nola ikusten duzu Gipuzkoako eskubaloia?

Egia esan, oso ongi ikusten dut. Asobal ligan gu gaude, Bidasoa; eta bigarren mailan, Zarautz dago. Haiek bertakoekin osatzen dute talde osoa. Maila apalagoetan ere maila ona dagoela uste dut, eta gazteak indartsu datoz.

Eta nola ikusten duzu Asobal liga? Garai gogorrak izan ditu ekonomikoki.

Orain dela urte batzuk oso maila handia zuen, eta diru asko mugitzen zuen. Gero, krisiaren ondorioz garai latzak izan ziren, baina egoerari buelta ematen ari gara.

Eta kirol ikuspegitik? Bartzelonak aurkaririk izango du?

Hori oso zaila da. Bartzelona Europako talderik onena izateko lehian egoten da urtero, eta Asobal liga txiki gelditzen zaio. Aurreko denboraldian pare bat taldek estutu zuten. Ikusiko dugu oraingoan gaindituko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.