Aitor Etxaburu. Helvetia Anaitasunako entrenatzailea

«Mailari eustea ez da nahikoa jada; ez dugu atzera egin nahi»

Denboraldi-aurreko lanaren emaitzak ikusten hasteko ordua da. Larunbat honetan Asobal ligari ekinen dio Anaitasunak, Cangasen pistan. Norgehiagoka zaila espero du Aitor Etxaburuk, baina taldea lehiaketan murgiltzeko irrikan dela erran du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Laugarren denboraldia du orain hasten dena Helvetia Anaitasunarekin Aitor Etxaburuk (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Kontent da Iruñean, eta Asobal ligari ekiteko prest. Hiru jokalari berri ariko dira nafarrekin, baina aurreko urteotako bide beretik aurrera egiteko asmoz da taldea.

Etzi ekinen diozue berriz Asobal ligari; lanean hasteko gogoz?

Bai, hasteko irrikan gara. Denboraldi-aurrea prestatzen hasi ginenean bost aste denbora gutxi zela iruditzen zitzaigun, baina azken bi asteak luzeegiak izan dira guretzat. Lehiaketaren beharra sumatzen da taldean jada.

Zer moduz dago taldea?

Jokalariak ilusioz beteta dira; lanean hasteko gogo handiz. Jokalari guztiak dira, gainera, pistara ateratzeko moduan, zorionez. Arazo txikiren bat badu baten batek, baina larunbaterako denak ongi izanen direla zalantzarik ez dut. Ligaren hasierako betiko zalantzak hor dira, noski; ikusi beharko dugu gure jokoa egiteko gai garen eta hasierako urduritasunak zein neurritan eragiten digun.

Taldea martxan jartzeko ordua da, jokalariak ongi egokitu diren ikustekoa.

Hala da. Denboraldi-aurreko lana gauza bat da, eta lehiaketa, bertze bat. Ligak ematen digun zera berezi hori denboraldiak aurrera egin ahala lortuko dugu. Orain da dena martxan jartzeko ordua, hutsetik hasteko ordua, nolabait. Talde guztiak egoera berean gara, eta horrek denoi egiten digu mesede, noski.

Cangasi egingo diozue bisita; zer-nolako partida espero duzu?

Aurreko denboraldiarekin alderatuta, aldaketa gutxi egin du Cangasek. Egia da atezaina aldatu duela eta eragina izan dezakeela aldaketa horrek. Javier Santana, gainera, gurekin da orain [Cangasen aritu zen Santana]. Postu erabakigarria izaten da hori. Hala ere, betiko Cangas izanen da, nire ustez. Hagitz talde zaila da. Pista zaila da. Hotza eta iluna. Cangasek gora egiten du beti bere zaleen aurrean. Beraz, partida zaila izanen da. Aurreko denboraldian, adibidez, Cangasen etxean galdu egin genuen.

Zuek ere aldaketa gutxi egin duzue taldean; hiru jokalari berri etorri dira Iruñera. Errazten du lana horrek?

Beti da zaila jokalariak taldera egokitzea. Egia da, hala ere, aldaketa gutxi egin dugula eta horrek errazten duela taldeak bere jokatzeko moduarekin aurrera jarraitu ahal izatea. Baina gauza bat da entrenatzaileak bertzeen jokatzeko modua aztertuz dituen asmoak eta bertze gauza bat da asmo horiek edo garatu nahi duen jokatzeko modu hori nola gauzatzen den. Aldaketa gutxi egin arren, postu berean aritzen diren bi jokalarik gauza ezberdinak ematen ahal dizkiote taldeari eta jokatzeko moduari.

Javier Santana atezaina, Alex Garza pibota eta Iker Antonio eskuin albokoa dira jokalari berriak. Zer emanen diote taldeari?

Santana egonen da atean. Aldaketak ez dut uste taldearen jokatzeko moduari anitz eraginen dionik. Horrek ez du erran nahi, hala ere, atezainaren ekarpena garrantzitsua izanen ez denik. Garzak Latorreren tokia beteko du. Antzekoak dira biak. Garzak ongi defendatzen du, eta erasoan ere aritzen ahal da. Jokalari azkarra da, eta uste dut ongi egokitzen ahal dela. Iker Antoniok, berriz, aukera emanen digu defentsan aldaketa anitz egiteko. Ziurrenik, haren eragina sumatuko da gehien gure jokatzeko moduan,postu horrek duen garrantziarengatik. Nik uste dut ongi ari garela lanean. Betiko bide beretik ari gara: hainbat defentsa sistema lantzen, sasoi fisikoari ere garrantzi handia ematen. Gero, pistak, aurkariak, partida bakoitzak emanen dizkigute kontuan hartu beharreko gainerako elementuak.

Matias Schulz atezainak utzi du Anaitasuna. Azken denboraldietan jokalari garrantzitsua izan zen. Sumatuko da haren hutsa?

Edozein jokalariren hutsa sumatzen da beti. Matias denek maite dute anitz. Arrastoa utzi du. Hala ere, ni hagitz lasai nago, ez nau kezkatzen aldaketak. Aurreko denboraldian ere aritu zen Alejandro Sanchez, eta lan ona egin zuen. Sasoi honetan ere lan ona eginen duela ziur naiz, eta Santana ere ona da; lan ona eginen du.

Aurreko denboraldian zazpigarren izan zineten. Oraingoan, zein da helburua?

Batere presiorik gabe, gutxienez aurreko denboraldiko bera lortu nahi dugu. Mailari eustea ez da nahikoa jada. Urrats bat egin dugu aurrera, eta ez dugu atzera egin nahi. Baina ez dugu batere presiorik sentitzen, eta badakigu aurrekoan zazpigarren bukatu izanak ez digula oraingo denboraldian postu horri berez eusteko eskubidea ematen.

Liga Atletico Madrid gabe, baina Bidasoarekin. Zer deritzozu?

Pena da Atletico Madriden gisako taldeak desagertzea. Bartzelona, bai eta Logroño ere, gelditu dira goiko aldean, eta haien eta bertze taldeen arteko aldea gero eta handiagoa da. Oraingo egoerak ere ematen du aukera bertako gero eta jokalari gehiago ikusteko pistan. Bidasoa Asobal ligara itzuli izanak poz handia ematen dit. Sufrituko dute, zalantzarik gabe, baina pozgarria da. Historia luzeko taldea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.