Ez dute erre nahi

Azken jardunaldiko partida erabakigarria jokatuko dute bihar Araskik eta IDK-k, Cadi La Seuren eta Ensinoren kontra. Gasteizko taldeak irabaztea nahikoa du mailari eusteko; Donostiakoak, berriz, irabazteaz gain, Araskik edo Celtak galtzea behar du.

IDK-ko eta Araskiko jokalariak elkar agurtzen. GORKA RUBIO / FOKU
IDK-ko eta Araskiko jokalariak elkar agurtzen. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kale edo bale. Ligako azken jardunaldia jokatuko dute bihar IDK-k eta Araskik, eta biek dute jokoan mailari eustea. Azken-aurreko postua dago airean, Ardoik dagoeneko galdua baitu maila. IDKren, Araskiren eta Celtaren artean dago sua, eta bihar jakingo da hiruretako zein erreko den eta zer bi talde salbatuko diren. Bai arabarren eta bai gipuzkoarren proiekturako zaplazteko handia litzateke kategoriaz jaistea.

Hirurek bederatzi partida irabazi dituzte sasoi honetan, eta puntuz berdinduta daude. Oraintxe, baina, IDK dago zuloan, elkarren kontrako lehietan berak baititu emaitzarik txarrenak. Beraz, Donostiako taldeak irabazita ere, beharrezkoa du Araskik edo Celtak galtzea.

Hobeto dago Araski. Irabaziko balu, ziurtatua izango luke Espainiako Ohorezko Mailan segitzea, aurkarien emaitzei erreparatu gabe. Galduko balu, berriz, gasteiztarren aukera bakarra IDK-k ere galtzea litzateke.

Baina ekuazioan badaude eragina duten faktore gehiago: garrantzitsuenetako bat, biharko aurkariaren egoera. Ustez, bi euskal taldeen aldekoa da hori, haien kontrarioek ez baitute ezer jokoan. Araskik Cadi La Seuren kontra jokatuko du, etxean (19:00); IDK-k, berriz, Ensinoren kontra, etxetik kanpo (19:00).

Bestelakoa da Celtaren testuingurua; sailkapenean goian dagoen Valentziari egingo dio bisita, eta Herrialde Katalanetako taldeak bigarren edo hirugarren postuan amaitzea du jokoan —liga irabazteko kanporaketetarako eragina du—. Hain zuzen, joan den sasoian ligaxka bigarren amaitu zuen Valentziak, eta liga irabazi zuen gero.

Hala ere, itxurazko abantaila hori «aho biko arma bat da», Azu Muguruza IDK-ko entrenatzaileak abisatu duenez. Argi dago zergatik: haien aurkariak presiorik gabe aterako dira pistara. Beraz, funtsezkotzat jo du grinatsu aritzea: «Partidari energia handiz egin beharko diogu aurre. Pistara atera orduko erakutsi behar dugu dena emango dugula. Taldeak oldarkor aritu behar du».

«Pistara atera orduko erakutsi behar dugu dena emango dugula. Taldeak oldarkor aritu behar du»

AZU MUGURUZAIDK-ko entrenatzailea

Made Urieta Araskiko entrenatzaileak, berriz, esan du garrantzitsua izango dela defentsan adi eta sendo egotea, baita jokalari guztiek lana gogor egitea ere. «Gure esku dago, ez gaude aurkariek galdu edo irabaztearen menpe. Irabazten badugu, matematikoki eutsiko diogu mailari; irabazi egin behar dugu», adierazi du, irmo.

Emozioak kudeatzea gako

Halako lehia erabakigarrietan, berebiziko pisua du arlo psikologikoak. Muguruzak eta Urietak, biek ala biek aipatu dute. Hala esan du Araskiko teknikariak: «Askotan, huts bat egindakoan, hori larriagotzeko joera dago, ondo egin nahi duzulako. Orduan, funtsezkoa izango da hori guztia ondo kudeatzea; bai entrenatzaile taldeak, bai jokalariek».

Azaldu duenez, Araski halako egoera «hauskor» batean dagoen lehen aldia da: «Aurreko denboraldietan, beranduenik hiruzpalau jardunaldiren faltan lortu dugu mailari eustea, eta orain azken jardunaldian ari gara borrokan. Inork ez du egoera honetan egon nahi, baina halaxe gaude». Hala ere, argi du: «Taldea gogoz dago zaleei Espainiako Ohorezko Mailan segitzea bermatuko ligukeen garaipena oparitzeko».

«Taldea gogoz dago zaleei Espainiako Ohorezko Mailan segitzea bermatuko ligukeen garaipena oparitzeko»

MADE URIETAAraskiko entrenatzailea

Muguruzak ere aipatu du partida «zaila» izango dela, «batez ere mentalki», eta uste du gakoa emozioak ondo kudeatzea izango dela. «Lehian, tarte batzuetan zu ondo zaude, eta aurkaria ez; gero, alderantziz izaten da. Ondo kudeatu beharko ditugu beheraldiak, ezin dugu pot egin».

Denboraldian, hain zuzen, taldeari kostatu zaio zenbait egoera gobernatzea: «Liga gogor batean gaude; hutsak egiten badituzu, taldeak ez baditu irabazten partida jakin batzuk, espero ez duzun egoera bat datorkizu gainera. Hori kudeatzea zaila da. Uste dut hori gertatu zaigula. Azkenean, faktore asko izan dira. Jokalariei kostatu zaie barneratzea nola zeuden».

Baina iragana iragan da, eta datorrenari heltzea besterik ez dago. Mailari eusteko azken aukera izango dute bihar Araskik eta IDK-k, eta lehiarako gogotsu daude bi taldeak, konfiantzarekin. Lanean ondo ari direla azpimarratu dute bi entrenatzaileek, eta landutakoa pistan demostratu asmo dute. Prest daude, beraz, lehia erabakigarrirako. Gauza bakarra dute buruan: irabaztea eta mailari eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.