Imanol Arregi. Osasuna Magnako entrenatzaile ohia

«Maila galdu izan bagenu, ez nuen taldea utziko»

Hogei urteren ondoren, Osasuna Magna areto futboleko aulkia utzi du Arregik. Sentipen «arraroa» duela dio. Atseden hartu, eta etorkizunean beste proiektu bati heltzeko ilusioa dauka.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Irurtzun
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun

Osasuna Magna Xota Lehen Mailan arituko da datorren denboraldian, baina ez da Imanol Arregiren (Irurtzun, Nafarroa, 1971) aginduetara arituko. Irurtzundarrak aitortu duenez, «aspaldi» hartu zuen taldea uzteko erabakia, baina erabaki hori «atzeratuz» joan da. Atseden hartzen ari da, hurrengo erronkaren esperoan. «Exigentea izango naiz aukeratzerakoan».

Bi hamarkadaz Xotako entrenatzaile izan ostean, taldea uztea erabaki duzu. Nola sentitzen zara?

Sentipen arraroa da, 18 urte nituenetik, gehienez, bi hilabete baino ez naizelako egon lanik egin gabe. Erabakia aspaldi hartua nuen, baina, gauza bat edo bestea dela, atzeratuz joan naiz. Klubak behar ninduelako jarraitu dut. Esaterako, maila galdu izan bagenu, ez nuen taldea utziko, sekula. Orain lasai nago, baina arrotza egiten zait egoera.

Bada, zergatik orain?

Pandemia hasi aurretik taldea uzteko erabakia hartu nuen, baina, kluba egoera zailean zegoenez, ezin nuen alde egin. Taldea goitik behera aldatu zen, jokalari garrantzitsu askok alde egin zuten, eta ez zegoen diru asko fitxaketetara bideratzeko. Jende oso gaztea fitxatu genuen, hemen garatu zitezen. Egoera oso ezberdina da orain.

Taldearen gainbehera ez da urte batetik bestera gertatu den zerbait izan, ezta?

Ez. Sasoi honetan azken jardunaldira arte borrokatu behar izan dugu mailari eusteko, baina aurreko bi denboraldietako egoera ere antzekoa izan da. Urtero jokalari garrantzitsuren bat galdu dugu ekonomikoki ezin genituelako jasotzen zituzten eskaintzak berdindu. Taldea, agian, momenturen batean neurriz kanpo ere hazi da. Ziklo berri batean gaude, oinarri ona dago, eta hiru edo lau fitxaketarekin asmatzea behar da.

Zure bigarren entrenatzaile izan den Miguel Hernandez da entrenatzaile nagusi berria. Aukerarik onena zen?

Bai. Nirekin hasieratik egon den norbait da, eta kluba zein taldea ezin hobeto ezagutzen ditu. Ez du taldeko dinamika eta jokatzeko modua asko aldatuko, eta hori bermatzea ere garrantzitsua zen. Oso jokatzeko modu argia eta egituratua dugu, eta kanpoko norbaitek hori dena aldatzea ez litzateke ona.

Roberto Martilek jokalari eta bigarren entrenatzaile lanak uztartuko ditu. Zer iritzi duzu?

Palote [Roberto Martil] urtarrilean itzuliko da lanera —belaunetako batean duen lesio larritik osatzen ari da—, goizenez. Baliteke tarte horretan oso lan garrantzitsua egitea. Erretiroa gertu dauka, eta izan daitekeen horretara bideratzea da asmoa. Etorkizunean klubeko entrenatzailea izango da, lehen taldekoa edo harrobikoa, baina entrenatzailea, ziur; balio du horretarako.

Dani Saldiseren itzulera ere ziurtzat ematen da. Garrantzitsua litzateke?

Bai, ea gauzatzen den. Egin genezakeen fitxaketarik onena da ziurrenik. Etortzen bada, dirua galduz izango da, beste modurik ez dagoelako, baina hau bere etxea da. Taldeari falta zaizkion gola eta esperientzia dauzka, badaki nola jokatzen dugun, eta konpromiso erabatekoa luke. Urtero errendimendu handia eman duen jokalaria da.

Beraz, gol eta esperientzia falta izan dira taldearen ahulguneak?

Bai, argi eta garbi. Gol gutxien jaso dituzten taldeetan laugarrena izan gara, eta, aldi berean, gol aukera gehien izan dituztenetako bat. Horri lotuta, buruz buruko gehien huts egin dituen taldea ere bagara. Irakurketa erraza da, baina azterketa sakona egin behar da. Ez da gure jokalariek golak sartzen ez dakitelako, talde txikia dugunez jokalari bakoitzak minutu asko jokatu behar dituelako baizik. Gure jokatzeko modua, erasoan zein defentsan, oso exigentea da, eta, hainbeste minutu maila horretan jokatzen dituzunean, nekatuta zaudenean, ate aurrean asmatzea zailagoa da. Jokalari bakar bat ere ez da bere ohiko gol kopuruetara ailegatu.

Etenaldi bat egin duzu zure ibilbidean, baina entrenatzen jarraitzeko gogoa duzula argi utzi duzu.

Ingurukoei beti esan diet taldea noizbait utziko nuela. Kanpoan entrenatzeko aukerak, egitasmo bat hutsetik hasteak, beti erakarri nau. Urte hauetan eskaintza mordoa jaso dut, baina ia beti ezezkoa eman dut lehendabiziko deian. Orain atseden hartu nahi dudan arren, badakit beste nonbait entrenatzeko gogoa dudala. Erronka bat nahi dut, eta exijentea izango naiz aukeratzerakoan. Lan egiten utzi behar didate, eta, hori nabaritu ezean, nahiago dut etxean egon. Hori bai, lehenago edo beranduago hemen bukatuko dut, Xotako lehen taldean edo harrobian, edo, gutxienez, Irurtzunen.

Tatono Arregi anaia klubeko presidentea da. Nolakoa izan da harreman hori urte hauetan guztietan?

Jokatzeari utzi nionean, nire asmoa gazte mailako talde bat entrenatzea zen. Kontua da klubak pare bat entrenatzailerekin hitz egin zuela; denek ezezkoa eman zuten, eta, azkenean, niri eskaini zidaten. Zuzendaritzako kide guztiak ados zeuden, eta, beraz, onartu egin nuen. Tato-rekin eta zuzendaritzako gainontzeko kideekin harreman oso ona izan dut, erraza. Nire kluba da, eta badakite ez dudala klubaren aurka ezer egingo. Zuzendaritzan dauden guztiek dakite zer den areto futbola, eta horregatik ere bada berezia talde hau.

Aspaldi Irunean jokatu arren, Xotak Irurtzunekin duen harreman estu hori bere horretan mantentzen da?

Xota beti Irurtzun izango da, Iruñean edo San Petersburgon jokatuagatik ere. Anaitasuna kiroldegia asko gustatzen zait, baina taldea Irurtzungoa da. Gu hemen jaio eta hazi ginen, eta hemen lortu genuen ohorezko mailara igotzea. Klubaren oinarria eta harrobia oraindik ere Irurtzunen daude, eta segi dezala horrela. Orain bezala, Xotako lehen taldean beti egon dira Irurtzungo jokalariak. Irurtzun eta Xota banaezinak dira: ezin da bata bestea gabe ulertu. Iruñea eta Nafarroa ordezkatzen ditugu, eta horregatik ere harro sentitzen gara, baina taldea Irurtzungoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.