Euskal piraguistak lehen egunetik hasi dira nabarmentzen Londresen, Munduko Eslalom Txapelketan. Maialen Chourrautek eta Olatz Arregik zilarrezko domina lortu dute gaur K1eko taldekakoan; Laia Sorribes katalana izan dute taldekide. Lasartearrak eta donostiarrak oso gertu izan dute urrezko domina, 29 ehunenera baino ez. Baina, azkenean, Australiarentzat izan da.
Londresen zilarra lortuta, Europako Txapelketako arantza atera dute Chourrautek eta Arregik: hirugarren izan ziren, baina Frantziak jarritako helegite baten ondorioz, brontzezko dominarik gabe geratu ziren.
Beste bi piraguistak eskura izan dituzte dominak gaur: Miren Lazkano donostiarra eta Klara Olazabal irundarra laugarren izan dira C1eko taldekakoan. Pau Etxaniz donostiarra, berriz, hamargarren izan da K1eko taldekakoan.
Lazkanok eta Olazabalek banakako lehiako kanporaketak jokatuko dituzte bihar.