Arrauna

Maialen Arrazola izango da Donostiarrako emakumezkoen traineruko entrenatzailea

San Juan talde historikoan taldekide izan ziren bederatzi arraunlari berriz elkartuko dira: Arrazola bera, Irati Larrañaga, Oihana Cereijo, Maria Mendizabal, Ioana Alijostes eta Andrea Oubiña batuko zaizkie lehendik taldean dauden Inder Paredes, Laura Goldarazena eta Irene Arbeori. 

jarraia172872.jpg
Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 24a
21:47
Entzun

Donostiarrako emakumezkoen traineruak entrenatzaile berria dauka, eta Maialen Arrazola da. Donostiar arraunlariak hiriko bi taldeetako baten ardura hartuko du —arraunean ere egingo du—, duela bi urtetik arrauneko lehia utzita egon ondoren. San Juanen itxi zuen orduko ibilbidea, eta, hain zuzen, talde hartan taldekide izandako beste zortzi arraunlari erakarri ditu egitasmo berri honetara:  Irati Larrañaga, Oihana Cereijo, Maria Mendizabal, Ioana Alijostes eta Andrea Oubiña dira berrikuntzak, eta lehendik daude taldean Inder Paredes, Laura Goldarazena eta Irene Arbeo. 

"Talde gaztea da, eta gazte horiek arraunlari handi bihurtu nahi ditugu. Horretarako ekarri ditut San Juandik nire konfiantzazko arraunlari horiek guztiak". Zuzendaritzak taldea "lehiakorrago" izatea nahi du, gaur arratsaldeko agerraldian Alberto Lopez presidenteak azaldu duenez. Taldea utziko dute Belen Garciak eta Nagore Arrutik.

Gizonezkoen bi taldeetako entrenatzaileen berri ere eman du klubak gaur, arraunlari berrien izenak eta taldea utziko dutenenak aipatzeaz gain. A taldean, Igor Makazagak laugarren sasoia beteko du, eta "aurtengoa baino orekatuagoa eta osoagoa izango da taldea. Gauza handiak egingo ditugula sentitzen dut". Arraunlari berriak ondorengo hauek dira: Iban Berdugo eta Iñaki Urtubia (Ondarroa), Endika Lopez (Hondarribia), Iñaki Arrieta (taldera itzuliko da), Mikel Iradi (B taldekoa) eta Joseba Larrarte (Zierbena). Koxme Burutaran aulki mugikorreko arraunlaria tostako arraunean hastekoa da, gainera. Jarraituko ez dutenak Ibon Basterretxea, Iñigo Collazo, Alain Osanbela (Hondarribia) eta Hegoi Intxauspe dira. 

Intxauspe izango da, hain zuzen, B taldeko entrenatzaile berria, Rufo Urtizbereak utzi egin behar izan duelako KAE 1eko taldea, lan kontuengatik. Harrobiko arraunlari gazteenekin segituko du lanean, hala ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.