Bolada onari eutsi nahi dio Athleticek

Talde zuri-gorriak hamasei partida daramatza jarraian galdu gabe ligan, eta onenen artean dagoela berretsi nahi du gaur, Atletico Madrilen zelaian. Denboraldiko jokalaririk onena faltako du Valverdek: Oihan Sancet.

Alex Berenguer eta Koke lehian, lehen itzuliko partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Alex Berenguer eta Koke lehian, lehen itzuliko partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2025eko martxoaren 1a
05:05
Entzun

Noizbait iritsiko da, baina oraindik partidarik galdu gabe jarraitu nahi du Athleticek ligan. Iazko urriaren 6an Gironaren zelaian galdu zuenetik, hamasei neurketa daramatzate zuri-gorriek galdu gabe, eta eutsi egin nahi diote bolada bikainari. Bada, erronka handia izango dute gaur, Atletico Madrilen zelaia bisitatuko baitute. Ligako plazarik gaiztoenetako batean jokatuko du Ernesto Valverderen taldeak, baina jokalariek erakutsi dute edonori aurre egiteko gai direla. Irabazi egin dute amets egiteko aukera, eta, hiru puntuak bilduta, mahai gainean kolpea jo nahi dute. Izan ere, irabazteak sari handia ekarriko luke: Txapeldunen Ligako postuetan egonkortzeaz gain, liga irabazteko lehian murgilduko litzateke Athletic.

Hitz handiak dira horiek, baina Valverdek fede eta berme handiko taldea eraiki du. Datuek ez diote gezurrik. Hiru partida soilik galdu ditu Athleticek ligan, eta hiru horietatik bi luzapenean galdu ditu. Gironaren aurka bata, eta Atletico Madril beraren kontra bestea, San Mamesen. Hirugarrena Bartzelonaren zelaian galdu zuten zuri-gorriek. Estatistika distiratsuak dira, eta jokalariak ez dira besteak baino gutxiago sentitu inoren aurka. Sinesteko motiboak eman dituzte, eta konfiantzaz gainezka iritsiko dira gaurko lehiara, joan den jardunaldian Valladolidi 7-1 irabazi eta gero.

Konfiantzaz gain, freskotasuna izango du ardatz taldeak. Valverderen multzoa ohituta dago intentsitate handiz jokatzera eta presioa goian egitera, eta horretarako beharrezkoa da jokalariek hankak fresko izatea. Bada, aste barruan partidarik jokatu ez dutenez, sasoi betean izango dira zuri-gorriak erronkari aurre egiteko. Hasieratik amaierara arte lehia biribila osatu beharko dute Metropolitanon estreinakoz irabazteko. Izan ere, ligan, Bilboko taldeak ez du zelai hartan inoiz irabazi.

Ernesto Valverde ez da fio, eta, atzo ohartarazi zuenez, aurkari «indartsua» izango dute parean: «Ligan gol gutxien jaso duen taldea da, eta partidetako azken minutuetan puntu asko lortu ditu. Adi egon behar dugu».

Athleticekoak ez bezala, nekatuta iritsiko dira partidara Atletico Madrileko jokalariak. Espainiako Kopako finalerdietako joanekoa jokatu zuen joan den asteartean Diego Simeoneren taldeak, eta launa berdindu zuen, Bartzelonaren aurka. Joan-etorriko lehia izaki, ahituta bukatu zuten partida jokalariek, eta pentsatzekoa da horren ondorioak nabarituko dituztela. Dena den, ligako talderik orekatuena dauka Atletico Madrilek, eta berme handiko taldea zelairatuko du Simeonek.

Athletici dagokionez, denboraldiko jokalaririk onena faltako du Valverdek: Oihan Sancet. Sasoi honetan bosgarren aldiz min hartu du jokalari nafarrak, eta hiruzpalau astez zelaitik kanpo egon beharko du, gainkarga bat baitu eskuin hankan. Lesioen ondorioz, erdilariak ezin izan du jokatu hamar partidatan, eta taldeak asko igarri du haren falta. Izan ere, hamar partida horietatik soilik hiru irabazi ditu Athleticek, lau berdindu eta hiru galdu. Taldearen dinamika ona aintzat hartuta, ez dira datu onak. Besteak beste, Espainiako Superkopan eta Espainiako Kopan ez zuen jokatu Sancetek, eta zuri-gorriak bi lehiaketetatik kanpo geratu ziren. Sancet ez ezik, Alvaro Djalok ere min hartuta dago oraindik.

Atletico Madril-Athletic

Atletico Madril: Oblak; Nahuel Molina, Gimenez, Le Normand, Javi Galan; De Paul, Barrios, G. Simeone, Samu Lino; Sorloth eta Julian Alvarez.

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta, Jauregizar; I. Williams, Berenguer, Nico Williams; eta Guruzeta.

Epailea: Jesus Gil Manzano.

Tokia: Riyadh Air Metropolitano.

Ordua: 21:00 (Movistar La Liga).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.