Europa ligan lortutako azken bi garaipenekin, sailkapenean gora begira jarri da Reala. Lehen zortzi taldeen artean kokatu asmo du. Hartara, final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu beharrik gabe, final-zortzirenetarako sailkatuko litzateke talde txuri-urdina. Bi partida falta dira multzokako fasea amaitzeko, eta gainditu beharreko lehen oztopoa ez da erraza izango. Lazio liderraren aurka jokatuko dute gaur Imanol Alguacilek zuzendutako jokalariek, etxetik kanpo.
Orain artekoekin, hamabigarren postuan da Reala, hamar punturekin. Bat gehiago du zortzigarrenak, Rangersek. Italiako taldeak, berriz, jokoan izandako hemezortzi puntuetatik hamasei bildu ditu, neurketa bat berdindu eta beste guztiak irabazita. Nagusi izan da, gainera: hiru gol baino ez ditu jaso, eta hamalau sartu.
Realak Erromako taldearen joera hautsi nahi du, hiru puntuak poltsikoratuta. Deialditik kanpo geratu dira Zakharyan eta Traore, min hartuta baitaude; baita Urko Gonzalez de Garate ere, teknikariak hala erabakita. Gainontzean, guztiak daude jokatzeko prest. Valentziaren aurka, hamaikakoan aldaketak egin zituen Alguacilek, jokalari garrantzitsu batzuei atseden emateko; tartean, Take Kubo eta Mikel Oiartzabal. Bihar, final-zortzirenetarako sailkatzea jokoan, bi izarrak hasieratik aritzea espero da.
Ez da neurketa erraza izango. Parean, geldiezin dabilen talde bat izango dute txuri-urdinek. Europa ligan ez ezik, ondo dabiltza ligan ere. Laugarren dira oraintxe. Gainera, gotorleku dute beren estadioa. Sasoi honetan, bakarrik Inter Milan izan da han irabazteko gai. Hori bai, egurra emanda: 0-6. Beste bost partida irabazi eta hiru berdindu ditu —horietako bi, azken bi neurketetan—.
Marco Baroni entrenatzaileak baditu, ordea, zelairatu ezingo dituen zenbait jokalari. Gehienak, defentsak: min hartuta daude Patric eta Manuel Lazzari, eta Samuel Gigot eta Luca Pellegrini jokalariek txartelak dituzte pilatuta. Azken horiek jokalari garrantzitsuak dira Italiako taldearentzat. Matias Vecino erdilaria ere min hartuta dago.
Xabi Prieto Realeko jokalari ohi eta klubaren ordezkari instituzionalaren arabera, partida zaila izango da, baina erreskadako hirugarren garaipena lortu nahi dute: «Erronka handia izango da, baina, aldi berean, taldeari ilusioa egiten dio».
Reala-Lazio
Lazio: Mandas; Marusic, Gila, Romagnoli, Nuno Tavares; Guendozi, Rovella; Tchaouna, Pedro, Zaccagni eta 'Taty' Castellanos.
Reala: Remiro; Aranburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez; Kubo, Oiartzabal eta Barrenetxea.
Epailea: Lawrence Visser (Belgika).
Lekua: Erromako estadio olinpikoa.
Ordua: 21: 00 (Movistar+)