Euskadiko Esku Pilota Federazioak nazioartekoan kide izateko eskaera egin du, eta erantzuna jaso ere bai: Nazioarteko Federazioaren Zuzendaritzako kideek bilera telematikoa egin zuten herenegun, eta, bertan, Xavier Cazauvon federazioko presidenteak proposatu zuen 90 eguneko epean ezohiko batzar bat egitea Mexiko Hirian Nazioarteko Federazioaren estatutuak aldatu behar diren edo ez eztabaidatzeko. Uztailaren erdialdea baino lehen egin beharko litzateke ezohiko batzar hori.
2002an eduki zuen gertuen Euskadiko Federazioak Nazioarteko Federazioko kide izatea. Iruñean Munduko Txapelketa jokatzen ari zela izan zen. Orduko hartan, Venezuelako ordezkaritzak proposatu zuen estatutuak aldatzea Euskadiko Federazioak egindako eskaerari bide emateko, baina Nazioarteko Federazioko batzarrak atzera bota zuen. Venezuelaren eskaerak aldeko hogei boto jaso zituen, kontrako 30, eta bost abstentzio. Orain, ordea, Nazioarteko Federazioko presidenteak berak proposatu du gaia jorratzea.Aldaketa esanguratsua da hori. Gaur egun, 31 herrialdek dute ordezkaritza Nazioarteko Federazioan.
Euskadiko Federazioa Nazioarteko Federazioko kide moduan onartuko balute, Euskadiko Federazioko pilotariek nazioarteko txapelketa guztiak jokatuko lituzkete, munduko txapelketatik hasita. 2026an jokatuko da hurrengoa, San Luisen (Argentina). 2030ekoa, beraz, Euskal Herrian izango da, Bilbon eta Gernika-Lumon (Bizkaia).
Espainiako Kirolaren Legea
Espainiako Kongresuak Kirolaren Legea onartu eta bost hilabetera etorri da berria. EAJk baiezkoa eman zion legeari, PSOErekin ituna egin ostean. Urrian, Miarritzen (Lapurdi) Munduko Txapelketa jokatzen ari zela eman zuten itunaren berri, eta azaro hasieran onartu zuten legea. Bertan, selekzioek nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.
Itunaren berri eman zen egunean bertan jakinarazi zuten gutxienez bi kirolek betetzen zituztela nazioartean lehiatzeko baldintza horiek: pilotak eta surfak. Bietako Euskadiko federazioek aspaldi egina dute eskaera nazioarteko federazioan ordezkaritza izateko, baita futbolekoak, mendiko kiroletakoak, herri kiroletakoak, boxeokoak eta halterofiliakoak ere. Duela gutxi beste zazpi batu zaizkie: igeriketakoa, piraguismokoa, squashekoa, xakekoa, mahai tenisekoa, eskrimakoa eta automobilismokoa. Batzuek ezezkoa jaso dute, eta beste batzuk zain daude oraindik.
Mahai gainean dago
Euskadiko Pilota Federazioak Nazioarteko Federazioko kide izateko eskaera egin du. Xavier Cazauvon presidenteak proposatu du 90 eguneko epean ezohiko batzar bat egitea horretaz eztabaidatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu