Magia dauka oinetan

Gaztetatik nabarmendu zen Adnan Januzaj. Manchester Unitedek fitxatu zuen, baina ez han, eta ez Borussia Dortmunden eta Sunderlanden utzita aritu denean ez du maila eman. Realean eman nahi du. Gaur ez du jokatuko.

jon eskudero
Donostia
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Heldu berria da, baina etxean bezala suma daiteke Zubietako berdegunean Adnan Januzaj. Bi denboraldiz itzalpean egon ondoren, berriz ere futbolari sentitzeko helburuarekin iritsi da Donostiara, eta bat baino gehiago aho zabalik utzi du dagoeneko, ezker oinean duen kalitateagatik. Manchester Uniteden proiektuan harekin kontatzen ez zutela eta, utzita jokatu du azken bi sasoietan: Borussia Dortmunden lehenbizi, Alemanian, eta Sunderlanden gero, Ingalaterran. Bietan ere arrakastatik urrun ibili da, baina Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak konfiantza itsua izan du jokalariarengan, eta uda honetan ilusiorik handiena eragin duen fitxaketa izan da. Imanol Agirretxeren itzulerarekin batera, denboraldi-aurrean Januzajen ekarpena izan da albiste onena, baina ligan estreinatzeko itxaron egin beharko du. Izan ere, atzo entrenatzen ari zela min hartu zuen, eta ez da gaur ariko Balaidosen.

Futbola jolas moduan ulertzen du Januzajek, ondo pasatzeko tresna gisa. «Munduko futbolari onenetakoa izatea da nire helburua, eta horretarako gozatu egin behar da», esan zuen aurkezpen egunean. Horregatik aukeratu du Donostia, uste baitu taldearen ezaugarriek bat egiten dutela bere jokoarekin. Urrunera joan gabe, Sunderlanden David Moyesen aginduetara jokatu zuen iragan sasoian, baina ez nahi bezain gustura. Aurrelari gisa kokatzen zuen Realeko entrenatzaile ohiak, eta batez ere kontraerasoan ateratzeko agindua zuten jokalariek. Hortaz, bere kalitatea baliatzeko aukera handirik gabe aritu zen, eta emaitzek ez diote gezurrik. 21 partida jokatuta, gol bakarra sartu zuen.

Sunderlanden ez ezik, Borussia Dortmunden ere ibilbide motza eta tristea eduki zuen. Gaztetatik nabarmendu izan da, eta talde handien arreta bereganatu, baina inon ez du lortu kalitatezko jauzia egiterik. Bruselan eta Anderlechten hazi ondotik, 16 urterekin heldu zen Manchester Unitedera, baina aurreikusitako mailarik eman ezinda ibili da. Ezinak ahaztuta, Realaren jokoan gustura eta eroso sentitzen dela aitortu izan du, eta denboraldi-aurrean antzeman zaio. Kalitate handiko zantzuak azaldu ditu, irribarretsu parte hartu du ariketa guztietan, beste bat gehiago bezala. Gainera, taldekideekin lehen egunetik konektatu du, batez ere Kevin Rodriguesekin eta David Zurutuzarekin, biek frantsesa menderatzen baitute. Zurutuzak berak esana da hainbeste kalitate duen gazterik inoiz ez duela ikusi Zubietan.

Denboraldi-aurrean minuturik gehien jokatu duen jokalarietako bat izan da. Girondins Bordelreen aurka jokatu zuen lehen partida, Irunen (Gipuzkoa), eta, aurrelari gisa zelairatu zenez, ez zuen bere kalitatearen berri eman. Saint Etienneren kontra ezker hegalean kokatu zuen Eusebio Sacristanek, eta Kevinekin batera jokaldi dotoreak osatu zituen ezker hegaletik. Hala ere, Groningenen aurka jokatu zuen ondoen, eskuin hegalean, Alvaro Odriozolarekin. Hegal bizia eta kalitate handikoa osatu zuten. Guztira 396 minutu jokatu ditu Januzajek sasoi-aurrean, eta gol bat sartu eta goleko bi pase eman ditu.

Carlos Velaren antzeko ibilia izan du, gaztetan talde handien arreta bereganatu ostean, hara-hona ibili baitzen, Realera iritsi eta hemen suspertu arte. Ondo bidean, belgikarrak hartuko dio tokia Velari. Hori bai, gaurko partida etxetik ikusi beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.