Erraietan darama pilota Daniel Carballok (Zumaia, Gipuzkoa, 1971). Nerabezaroan hartu zuen familiaren lekukoa, eta ordutik ez da inoiz aldendu bihotzean daraman afiziotik. Pilotari ohia bakarrik ez, arkitektoa eta marrazkilaria ere bada, eta ikerketan eman ditu azken urteak. Gaitasun horiexek uztartzen ahalegindu da Beti Jai es una plaza lanean. Donostiako Creative Commons jaialdiaren aitortza jaso berri du.
Ideia bat proiektu batetik ez, premia batetik jaiotzen dela diozu dokumentalean. Zer behar sentitu zenuen zuk 'Beti Jai es una plaza' grabatzeko?
Bi behar: batetik, Chamberi auzoak ez duela espazio publiko duinik; eta bestetik, eraikinak argudio sendo bat behar zuela bere izena eta izana berreskuratzeko. Bizilagun askok existitzen denik ere ez dakite, eta altxor hori Madrilgo herritarrei ikusarazten saiatu naiz. Ahaztutakoa oroitzeko modua izan da nolabait.
Zerk bultzatuta murgildu zinen proiektuan?
Istorioaren amarrua aspaldi topatu nuen, kezkatzen nauen kontu bati tiraka. Historian zehar ezkutatu egin da pilotaren oinarria kaleko eta plazetako jokoan dagoela, ez frontoiko eta paretaren kontrako pilota jokoan. Frontoi itxien kontzeptua euskal herritarrek esportatu zuten Espainiara, baina pilotalekuak herriko plazen isla izan dira. Eta Madrilen ere bada horren aztarna: argi eta garbi ikus daiteke Beti Jaiko frontisaren alboko fatxadan; etxe edo udaletxe batena izan zitekeen lasai asko.
Zerk harritu zaitu gehien?
Kale-bizitza eskasa, tristea eta hotza dauka auzoak. Aisialdirako gune publiko gisa aprobetxatzea litzateke egokiena, baina zail ikusten dut, auzo guztia bizitza pribatura baitago bideratuta.
Plano subjektiboa erabili duzu hasieratik bukaerara. Zein helburuarekin?
Ikuslea auzoan murgiltzea nahi nuen, istorioa bertatik bertara bizitzea, Beti Jairen parte sentitzea, kameraren begietan jartzea. Horretarako, kanpotik datorren turista baten ikuspuntuan jarri naiz, plano mozketa bortitzekin Beti Jai ezagutzeko traba ugarirekin topo egingo duela erakusteko. Sistema erosoena da. Horrek, ordea, ez dit baretu Beti Jai barrura sartu ezinaren frustrazioa.
Kamera bat eta kito. Ahalik eta baliabide apurrenekin ekoitzi duzu dokumentala. Soinu artifizialik ere ez du: mutua da. Beti Jairen egoeraren metafora bat al da?
Bai. Gaur egungo egoeraren ispilu da. Madrilek altxor bat baldin badu, Beti Jai da, baina bizilagunak egiazki ez dira kontziente patio ezkutu horretan duten altxorraz, are gutxiago erakundeak. Ez dago sentsibilitate berezirik.
Mataderoarekin, Atotxako geltokiko estalkiarekin eta Almudena katedral atariko plazarekin alderatu duzu Beti Jai. Zeren antza izan beharko luke?
Mataderoarena; erabat irekia, anitza eta estalkirik gabea delako. Elkarbizitzarako gune bat izan beharko litzateke Beti Jai, XIX. mendetik zutik mantentzen den eraikin bakarra baita. Egurra metalezko egiturekin uztartzen lehena izan zen, eta pena litzateke hori galtzea.
Daniel Carballo. 'Beti Jai es una plaza' dokumentalaren egilea
«Madrilek altxorrik badu, Beti Jai da»
Madrildarrek Beti Jairen inguruan daukaten ezjakintasuna iraultzeko hondar alea jarri du ikus-entzunezko lan batean. Elkarbizitzarako gune bilakatu nahi du pilotaleku historikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu