Maccabi Tel Aviv Israelgo saskibaloi taldea Baskoniaren aurka jokatzekoa da otsailaren 7an, Gasteizen. Euroligako partida hori bertan behera uzteko eskatu dute, ordea, dozenaka eragile eta kirolarik. Gaur, ohar bidez eta ekitaldi batean, Palestinaren aldeko elkartasuna adierazi dute, eta Israelgo «erregimen koloniala» salatu. 195 lagun pasatxoren sinadurak bildu dituztela nabarmendu dute. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Montserrat Brotons Araskiko jokalaria, Naia Zubiaga Lointek Gernikako jokalaria, Mikel Aranburu Realeko jokalari ohia eta Alex Txikon alpinista.
Adierazi dutenez, Tel Aviveko taldeak «rol garrantzitsua» du Israelgo armadaren kanpainetan, hura zuritzen baitu. Gainera, gaitzetsi dute otsailaren 7an jokatuko den partida bezalako ekitaldiek nazioartean «normaltasun irudia» helarazteko balio diotela Israeli. Hori dela eta, manifestazio nazionalera deitu dute partida egunerako, Gasteizen. Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora lelopean egingo dute.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak sustatu du ekinaldia; haren iritziz, Maccabi Tel Aviven aurkako partida bertan behera uzteak eta halako ekinaldiek «erregimen israeldarra estutu dezakete genozidioa gelditzeko».
Ez da lehen aldia Baskoniaren eta Maccabi Tel Aviven arteko partida batek harrabotsa eragiten duela. Iaz, adibidez, otsailaren 1ean jokatu zuten norgehiagoka. Hango hartan ere egin zuten manifestazioa Gasteizen, eta Baskoniaren hainbat zalek Palestinaren aldeko aldarriak egin zituzten Buesa Arenan.