Londresko Olinpiar Jokoen ondorena

Luzea da negua

Iraganean ezkutatu dira jada Olinpiar Jokoak, eta beste erronka batzuk finkatzen ari dira kirolari gehienak, 2016ko Rio de Janeiroko jokoak buruan. Atsedenik gabeko lehia gogorra da guztiena.

unai zubeldia
Donostia
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ahaztu markak, dominak, diplomak, txaloak eta omenaldiak. Desagertu dira Olinpiar Jokoetan aritu diren kirolariak. Lau urterako desagertu ere. Entrenamendu gogorren berotasuna gorabehera, lau urteko negu luzea daukate zain. Rio de Janeiro daukate batzuek buruan; urtez urteko erronkak nahiago dituzte beste batzuek. Baina berrindartu nahian dabiltza guzti-guztiak. Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatutako lau kirolarirekin hizketan aritu da BERRIA: Mikel Odriozola, Maider Unda, Maialen Chourraut eta Ander Romaraterekin.

MIKEL ODRIOZOLA

Atleta

Ate guztiak zabalik

Erdi errenka amaitu zuen Mikel Odriozolak (Errenteria, Gipuzkoa, 1973) ibilketako 50 kilometroko proba. Hitzak elkarri lotzea ere kosta egiten zitzaion orain bi hilabeteko eguerdi sargori hartan. Mailarik onenetik urrun ibili zen Londresen. «Aurretik izan nuen infekzioak ez zidan batere lagundu, plangintza guztia hankaz gora jarri zidalako. Sailkatzeko arazoak izan nituen, eta amaierako emaitza ere ez zen ona izan. Gorputzari ahalegina eskatu nionean, ez zidan erantzun».

Berotasun hura baretuta, familiaren ondoan «atseden hartzea» besterik ez du izan buruan. Baina bizi-bizirik dauka etorkizunari buruzko hausnarketa. «Beste olinpiar ziklo bat bai, ez... Analisi sakona egin dut bi hilabeteotan; prestaketa fisikoa alde batera utzita, burua prestatu dut gehiago». Naturaltasunez hartu du Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente kargua. «Betikoa izango naiz ni; atleta naiz. Egunerokoan, tarteka, beste lan batzuk ere egin beharko ditut, baina lehengoari eutsiko diot. Nire esku dago nire etorkizuna». Leku guztietara iristen dira krisi hotsak. «Eta ez da erraza jende gazteak aurrera egitea, diru laguntzak beharrezkoak direlako». Aldaketa usaina dago Espainiako Atletismo Federazioan. «Baina horrek guri ez digu gehiegi eragingo. Lanari dagokionez, Gipuzkoakoak ez, Euskadiko Federazioak dauka harreman gertukoagoa Espainiakoarekin».

Lau urtekoa da olinpiar ziklo bakoitza, eta, 39 urte beteta, gehiegitxo ez ote den... «Ez dut baztertzen Rio de Janeirora joatea, baina urtez urte aztertuko dut nola nagoen. Ez dut egingo epe luzeko aurreikuspenik». Amaierako egunik ez du zehaztu. «Nahiz eta buruan badauzkadan aukera batzuk. Olinpiar ziklo honetan izango da, baina ez dakit urtebete barru izango den edo lau urte barru». Londresera joan aurreko urtebetean «oso entrenamendu onak» egin zituela aitortu du. «Eta horrek konfiantza handia eman dit, nahiz eta gero emaitzetan huts egin».

Entrenamendu gogorren bideari eusteko, gertuko erronkak behar izaten ditu kirolariak. Belarriko infekzio larri samarra tarteko, «ebakuntza txiki bat» egin zain dago orain, baina berehala hasiko da «pixkanaka entrenatzen». 50 kilometroko Espainiako Txapelketara iritsi nahiko luke sasoi onean. «Erronkarik gertukoena hori da; gero gerokoak». Etxean, betidanik, «babes handia» sentitu du Odriozolak. «Eta eskertu beharrean nago. Hala ere, azken urteotan denbora dezente pasatu dut etxean. Txapelketetara ere nirekin joaten dira askotan, eta horrela errazagoa da sufritzea, lan hau gustukoa dudala ikusten dutelako eurek ere». Rio de Janeirori aterik itxi gabe, onerako edo txarrerako, gorputzak esango dio zer egin behar duen.

MAIDER UNDA

Borrokalaria

Gozatzea da errezeta

Kostata jarri da Maider Unda (Aramaio, Araba, 1977) Londresi begira. «Berez ez dit gauza askorik esaten Londres hitzak, baina nire bizitzan beti amestu dudan momentu horixe bizi izan nuen bertan». Brontzezko domina kolkoratzea eta saltoka eta oihuka erotuta jartzea, biak bat izan ziren abuztuaren 9 arratsalde hartan. «Kirolari batek beti edukitzen du buruan egunen batean Olinpiar Jokoetara iristea eta domina bat lortzea. Nik lortu dut!».

Nolabaiteko errealitate faltsu bat bizi izan zuen, hala ere, Undak Londresen. Domina, txaloak, negar malkoak, elkarrizketak... Baina etxera itzuli eta... «Denak berdin jarraitzen du». Nabaritu du dominaren pisua. «Denek atera nahi izaten dute argazkia nirekin, baina beti bezala bizi nahi dut nik». Gertukoekin nabaritu du, bereziki, aldaketa. «Domina eskuratuta, gorago nagoela iruditzen zaie, baina betikoa naiz ni». Omenaldiz omenaldi ibili da Unda azken hilabete eta erdian. «Baina argi daukat talde handi baten garaipena izan dela nirea; nirekin lan egin duten guztiena, nahiz eta nire izena agertu leku guztietan. Lan egiteko modu baten emaitza izan da». 35 urte beteta dago arabarra, eta urtez urteko erronkei ekingo die orain. «Une honetan ez daukat erronkarik buruan; kirolarekin disfrutatzen jarraitu nahi dut. Argi daukat minez hasten naizenean utzi egingo dudala kirol hau». Baina oraindik ez da iritsi egun hori.

Gauza asko dauzkalako egiteko aurretik. «Hori bai, oso luzea da lau urteko olinpiar zikloa. Rio de Janeiro oso urrun dago oraindik, nahiz eta ez dudan itxiko aterik. Domina bat daukat jokoetan, eta ez nago onenengandik urrun». Baina gertuagoko erronkak jarriko dizkio bere buruari. «Ohorea daukat orain jokoan, ezin dudalako galdu edonoren aurka; gutxieneko maila bat eskatzen du horrek». Olinpiar Jokoekin amaitu zituen aurtengo erronkak. «Eta datorren urteko apirilean hasiko naiz berriz ere lehian, Europako Txapelketan; gero iritsiko dira Mediterraneoko Jokoak. Hor jada maila ona ematea espero dut».

«Bost eguneko oporraldi txiki bat» izan zuen Undak Londrestik bueltan. «Oso laburra». Eta azokaz azoka ibili da ordutik. «Gaztaren munduan sartuta nabil buru-belarri, eta bide horri ere helduko diot aurrerantzean». Amatasunaren gaia ere plazaratu du arabarrak. «Emozionalki oso gauza garrantzitsua da ama izatea. Gurea ez da kirola egitea bakarrik; kanpora atera behar izaten dugu askotan, eta hor ikusten dut arazo gehien». Kirola eginez gozatzeari uzten dionean helduko dio bizitzako beste alor horri.

MAIALEN CHOURRAUT

Piraguista

Inoiz ez begiratu atzera

«Londreskoa ahaztuta, oraina bizitzen ari naiz. Ez zait gustatzen gertatu dena berriz gogoratzea, ez onerako eta ez txarrerako». Hiru asteko atsedenaren ondoren, bost bat aste daramatza Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983) entrenamenduetan murgilduta. «Polita izan zen han lehiatzea eta domina eskuratzea. Baina aurrera begiratu behar da». Segundo bakar bat ere ez du galdu Londresko balentriari begira. Dominaren bat eskuratzeko faborito argietako bat zen jokoetan, eta brontzezkoarekin itzuli zen etxera.

Xehetasunik txikiena ere zehatz-mehatz aztertu zalea da lasartearra. «Baina Londreskoari ez nion gehiegi begiratu, egunero gauza berberei buruz hizketan ariko ginelako bestela». Domina kolkoratu eta hurrengo egunetan, «dezenteko itolarria» sentitu zuen. «Baina orain oso lasai nabil, berriz ere, La Seu d'Urgellen [Katalunia]. Herri txiki bat da, eta lasaitasun handia daukagu».

«Hobetzea» dago lasartearraren buruan. «Piraguan hobeto ibiltzea; egunetik egunera teknikoki ahalik eta gehien hobetzea». Lehiaketarik gabeko epe luze bat izango du orain Chourrautek. «Irailean iritsiko da Pragako Munduko Txapelketa; AEBetan izango da 2014an; eta Londresen 2015ean, Olinpiar Jokoetara joateko urtebete faltako denean. Hor jada puntuak pilatzen hasi beharko dugu». Urruti dagoela ematen du. «Baina berehala iritsiko dira Rioko jokoak». Horregatik pilatu nahi ditu orain «entrenamenduetako ordu on horiek».

Chourrauten burua hizketan hasitakoan, argi dago bizi-bizirik dauzkala jada 2016ko Olinpiar Jokoak. «Nahiz eta egia den zaila dela Espainiako selekzioan tarte bat egitea, selekzio bakoitzak piraguista bakarra eraman dezakeelako jokoetara. Lehia handia izango dugu gure artean». Badaki erronka zaila daukala parean. Baina Londreserako egin duen prestaketa berbera egingo du Rio de Janeirorako. «Antzeko prestaketa egingo dugu; asko gustatzen zait beste kirolariek egiten dutena ikustea eta aztertzea, eta aukeraren bat sortuko da, agian, tarte honetan. Baina, gainerakoan, oso antzekoa izango da bidea».

Minutu asko pasatzerako azaleratu da piraguismoan daukaten «laguntza falta». «Espainiako Federazioa geldirik egongo da otsaila-martxora arte, eta gu neguan joaten gara, normalean, kanpora, hotzari ihes eginez. Ez da erraza izango, beraz». Hori bai, teknologia berriak baliatuta, Internet bidez «jarraipen zehatza» egingo die aurkari guztiei. «Ahalko banu, bakoitzaren etxean sartuko nintzateke eguneko 24 orduetan, zer egiten duten aztertzeko».

Undaren modu berean, Chourrautek ere oso bizirik dauka amatasunaren gaia. «Gai horrekin nork ez du hausnarketarik egiten! Kanpoan bizi naizela kontuan hartuta, ordea, ez da erraza. Baina gauza bat nahi duzunean, bitartekoak jartzen dira helburua lortzeko». Adibide bat jarri du lasartearrak. «Pekingo jokoetan domina eskuratu zuen piraguista batek haurra izan zuen hurrengo urtean; urte hartan Munduko Txapelketako finalean sartu zen; hurrengo Munduko Txapelketandomina eskuratu zuen; eta 2011n ere finalean sartu zen; aurten ez da sailkatu jokoetarako, baina oso goian jarraitzen du». Chourraut jabetzen da «oso gogorra» dela amatasuna eta goi mailako kirola uztartzea. Eta horregatik eskatu die «babes handiagoa» erakundeei.

ANDER ROMARATE

Igerilaria

Ebakuntza eta triatloia

«Harrigarria izan zen Londresen gertatu zen guztia». 18 urteko gazte baten esana da. Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen gazte batena. Igerilaria da Ander Romarate (Eibar, Gipuzkoa, 1994), eta hiru probatan aritu zen Londresen: bular estiloko 100 metrokoan, bizkar estiloko 100 metrokoan eta 4x100 metro estiloetan. Azken bietan diploma eskuratuta itzuli zen etxera. «Londresen egotea bera nahikoa helburu zen; banekien finalean sartzea oso zaila izango zela, eta oso gustura itzuli nintzen bi diploma lortuta».

Hurrengo astean egingo dioten ebakuntza dauka orain buruan. «Denbora dezente daramat igerilekuetatik kanpo, eta ez dakit nola itzuliko naizen uda partean. Munduko Txapelketa izango dugu udan, baina ikusiko dugu nola nagoen». Badaki Londresekin etapa bat amaitu zaiola. «Beste erronka batzuk finkatu beharko ditugu orain». Baina, ebakuntza horrek ahalbidetzen dion neurrian, «beste kirol batzuk» probatu nahiko lituzke hurrengo udatik aurrera. «Triatloia daukat buruan», dio, ziur. «Rio de Janeiron sartuko da triatloia Paralinpiar Jokoetan, eta asmo hori daukat. Denetik probatuko dut, hala ere». Behin frogak eginda, «beste mentalitate batekin» joan nahiko luke Brasil aldera. «Londresen bi diploma eskuratuta, dominaren bat lortzeko helburua dauka Rio de Janeiron».

Diru laguntza gutxi jasotzen dituzte paralinpiarrek. «Nahiz eta komunikabideak geroz eta indar handiagoa ematen ari diren Paralinpiar Jokoei. Gure kirolak bigarren mailakoak ez, hirugarren edo laugarren mailakoak dira. Lor daiteke kiroletik bizitzea, baina ADO beka beharrezkoa da horretarako». Eta hori da zailena, ADO beka jasotzera iristea. «Izugarrizko emaitzak behar izaten dira bertan sartzeko, eta norberak lortu behar izaten ditu emaitza horiek. Oso zaila da».

Batxilergo ikasketak amaitzen ari da Romarate. «Eta saiatuko naiz dauzkadan tarteetan gogor entrenatzen. Baina badakit lanean hasten naizenean asko zailduko zaizkidala gauzak, ia ezinezkoa delako zortzi orduz lan egin ondoren sei bat orduko entrenamenduak egitea». Baina «erronka pertsonal gisa» hartzen du Romaratek kirola. Horrela bakarrik uler daiteke itzalean dagoen kirol batean egunero-egunero lauzpabost orduko entrenamendu gogorrak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.