Luze geratzeko asmoz itzuli dira

Bederatzi urteren ondoren, Euskotren ligan arituko da aurten Zumaia; eta, sei urteren ondoren, Eusko Label ligan San Juan. Mailari eustea eta sasoiaz disfrutatzea dute helburu.

Zumaiako trainerua. IÑAKI SUAREZ
IÑAKI SUAREZ
Jone Bastida Alzuru.
2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zumaiak eta San Juanek nahi baino gehiago itxaron behar izan dute gorengo mailara itzultzeko, baina azkenean, lortu dute. Bederatzi urteren ondoren, Euskotren ligan arituko da Zumaia, eta sei urteren ondoren, Eusko Label ligan San Juan. «Gustura» daude bi taldeak, eta anbiziotsu. Nagusiki, mailari eutsi eta denboraldiaz disfrutatzea dute helburu: gai izango direla uste dute. Horretarako lanean ari dira, jo eta su.

«Entrenamendu gogorrak ari gara egiten; taldea oso indartsu sumatzen dut», azpimarratu du Amane Jimenez Zumaiako patroiak (Azpeitia, Gipuzkoa, 2004). Bide beretik jo du Oier Mugarza San Juaneko arraunlariak ere (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999): «Momentuz 26 arraunlari ari gara, eta horrek bi traineru uretaratzea ahalbidetzen digu. Ondorioz, hor sortzen den lehiak askoz hobeak izatera eramaten gaitu. Entrenamendu oso gogorrak dira, oso luzeak, baina lortzen ari garen emaitzak ez dira txarrak, eta horrek ere ematen digu jarraitzeko gogoa».

Bien lehen urtea izango da maila nagusian, eta debutatzeko «gogotsu» daude. Ez haiena bakarrik, taldekide gehienak ere aurrenekoz arituko dira Euskotren eta Eusko Label ligetan. Ez dute uste esperientzia falta oztopo izango denik, ordea; talde gaztea izanda ere, zertarako gai diren demostratu nahi dute. 

Gainera, joan den urteko blokeari eusteko gai izan dira biak. Hori funtsekoa dela uste du Jimenezek. Indartu ere egin dute taldea: «Arrauna utzita egon diren batzuk itzuli dira: badakite arrauna zer den, badakite zer den estropadetako urduritasuna, zer den sufritzea, egunero entrenatu behar izatea. Eta gazte bat ere igo da; horrek poza ematen du».

Gustura daude orain arte egindako lanarekin: «Gure helburua da horrelaxe segitzea udaberrian, eta udan, dugun mailarik onena eman eta, ahal badugu, kanporaketak ekiditea. Entrenamenduetakoa estropada guztietan demostratu nahi dugu».

«Entrenamendu gogorrak ari gara egiten; taldea oso indartsu sumatzen dut»

AMANE JIMENEZZumaiako patroia

Zaharrak berri San Juanen ere; taldearen berri eman du Mugarzak: «Aurreko urtetik hona lau arraunlarik utzi dute taldea, baina beste bi-hiru pertsona etorri dira. Multzoa mantendu dugu, eta, hala ere, aurten talde hobea ikusten dut osotasunean. Multzo oso polita dugu».

Ilusioa ere gainezka dute. Zumaia azkenekoz 2015. urtean aritu zen Euskotren ligan, eta ordutik arraunlariak «beren momentua noiz iritsiko zain» zeuden, Jimenezen arabera. Azkenean, iaz lortu zuten igotzea, bigarren urtez jarraian kanporaketak jokatu ostean. Euskotrenen egonkortzea dute xede: «Ea luzerako den; espero dut baietz».

Tarte txikiagoa egin du San Juanek KAE1 ligan, baina luze egin zaie; hain zuzen, Pasai Donibaneko taldea 2018tik ez dabil maila nagusian. «Lau arraunlari gara sei urte hauetan taldean segitu dugunak. Urte oso gogorrak izan dira, eta oso desberdinak. Urtero helburua mailaz igotzea izan da, eta urtero frustrazioz bizi izan dugu lortu ez izana. Aurreko urtean ja Joseba Fernandezekin lortu genituen emaitzak, Endika Zalduak egin zuen lanari puntu hori gehituta. Herrian ilusioa dago». Orain, gozatzea dagokie: «Disfrutatu egin nahi dugu, mundu hori zer den ikusi. Eta gero, noski, mantendu egin nahi dugu. Hortik gora datorren guztia oso ona izango da. Gure interesak beti goian daude».

Mugarzak egiten ari diren lanean jarri du arreta; izan ere, azaldu du oraindik zaila dela aurkarien inguruko ondorioak ateratzea. «Gutxi gorabeherako ideiak badituzu: Orio ondo ibiliko dela, Bermeo ere bai. Zierbena eta Donostiarra ere goian ibiliko dira. Hondarribiak ere etapa aldaketa eduki du, eta ikusi beharko da nola funtzionatzen duen. Eta gero, Getaria, Kaiku... horiek guztiak uste dut aurreko urtean baino puntu bat beherago egongo direla. Neguko estropadetako emaitzak kontu handiz hartzekoak dira. Guk gure lana egingo dugu, eta ahal badugu sailkapenaren erdian lasai-lasai ibili, hobe».

«Multzoa mantendu dugu, eta, hala ere, aurten talde hobea ikusten dut osotasunean. Multzo oso polita dugu»

OIER MUGARZASan Juaneko arraunlaria

Jimenezek garbiago du zein izango diren beren aurkari zuzenak. Hiru aipatu ditu: Astillero, Hondarribia eta Hibaika. «Arraun Lagunak, adibidez, beste maila batean dago. Donostiarrak, Tolosaldeak eta Oriok ere ja esperientzia dute, indartsu daude. Baina tira, nik beti diot: haien parean jarritakoan ez gara kikilduko, ez gara txikituko. Gu ere Euskotrenen bagaude, zerbaitegatik gaude: merezi dugulako». Konfiantza eta konpromisoa, behintzat, sobran dute.

Igoera lortzeko gakoak

Iaz aspaldiko sasoirik onena eginda itzuli ziren Zumaia eta San Juan goi mailara. Bi gako aipatu ditu Jimenezek: bat, taldean aldaketa gutxi egon izana; eta bi, entrenatzaile bera aritzea —Kike Manterola—. «Horrek jarraipen bat ematen digu». Hala ere, iazko sasoia «gogorra» izan zela aitortu du. Ez zuten lortu liga irabaztea —estropada askotan ehunen aldea izan zuten Astillerorekin—, ezta Kontxarako sailkatzea ere. Bai, ordea, helburu nagusia: Euskotrenera igotzea. «Gustura geratu ginen», nabarmendu du.

Aho zapore gozoarekin oroitzen du iazko denboraldia Mugarzak ere: «Talde oso ona genuen: ez bakarrik fisikoki, baita laguntasunari dagokionez ere. Harrobiarekin funtzionatzen dugu asko. Entrenamendu oso onak egin genituen, neguari oso ondo eutsi genion, bakarkako lana ere oso ondo egin genuen, eta gure ilusio horrek eraman gintuen horra». Azaldu du estropada guztietan «aldaketa asko» egin zituztela, eta horrela beren arteko «lehia sano bat» izan zutela, on egin ziena.

Lortu zuten ametsa, eta uda iristeko irrikaz daude orain biak: disfrutatu eta beren onena emateko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.