Luzarorako etorri dira

Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markinarrek irabazi dute Winter Series txapelketaren lehenbiziko ekitaldia. «Oso pozik» daude biak. Eskatu dute aurrerantzean ere «apustu egin» dadila emakumezkoen zesta-puntaren alde.

Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, Winter Series txapelketako txapelekin, herenegun, Ezkurdi frontoian. J. FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Winter Series zesta-puntako txapelketaren aurreneko ekitaldia irabazi dutela ospatzeko denborarik ez dute izan Erika Mugartegik (Markina-Xemein, Bizkaia, 2008) eta Arai Lejardik (Markina-Xemein, 2007). Astelehen gauean jantzi zuten txapela, Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi frontoian, eta, atzo goizean goiz, eskolan zeuden. Behintzat, ongietorri polita egin zieten. «Bideo bat jarri digute, eta jende askok zoriondu gaitu; askok ikusi zuten finala. Asko eskertzen dugu. Ea asteburuan ospatu dezakegun», azaldu du Lejardik telefonoaren bestaldetik. Ondoan du Mugartegi. Txapela irabazi berritan, lagundu dieten guztiekin gogoratu dira; batez ere, etxekoekin.

Txapelketa biribila egin dute: bi partida jokatu dituzte, biak irabazi dituzte, eta ez dute set bakar bat ere galdu. Hori guztia, bikoterik gazteena izanda. «Oso pozik gaude. Lehen partida nagusitasunez irabazi genuen [15-8 eta 15-4, Helena Barrenetxearen eta Eneritz Lizardiren aurka]; finala, ordea, askoz gogorragoa izan zen: bi setetan irabazi genien Maiteri [Ortiz de Mendibil] eta Maialeni [Aldazabal], baina lasai-lasai gal genezakeen bigarrena, eta, agian hirugarrena ere bai. Zorionez, emaitzari buelta emanda irabazi genuen bigarrena», esan du Mugartegik.

Zerbait izatekotan, bikote oso sendoa izan dira, arrakalarik gabekoa. «Aurrean ez ditugu tanto asko egin, baina atzean bai», zehaztu du Lejardik. Biek argi dute «mesede handia» egin diela elkar horren ondo ezagutzeak. «Herri berekoak gara, antzeko adina dugu [urtebete gehiago du Lejardik], eta elkarrekin hasi ginen zesta-puntako eskolan. Urte pila bat daramagu elkarrekin jokatzen, eta oso ondo moldatzen gara; hori abantaila da», azpimarratu du Mugartegik. Ez da elkarrekin irabazi duten lehen txapelketa garrantzitsua. Iaz, 22 urtez azpiko Europako txapeldun izan ziren Tolosan (Okzitania).

Bikotekidearen dohainak nabarmentzeko eskatuta, Lejardik aipatu du Mugartegik ez duela pilotarik galtzen, eta errebesez asko atzeratzen duela pilota. Bikotekideak, berriz, harengatik esan du oso sendoa dela atzean, eta eskuinarekin min handia egiten duela.

Atzetik datozenen akuilu

Haiek txapela irabazteaz harago, «oso pozik» daude txapelketa «arrakastatsua» izan delako. «Espero genuen jendea etorriko zela partidak ikustera, baina ez horrenbeste; frontoia bete egin da. Pozgarria da, guretzat eta atzetik datozenentzat. Oso garrantzitsua da etorkizunari begira. Orain arte, mutilen partidak bakarrik ikus zitezkeen telebistan, baina txapelketa honi esker, gu ere irten gara, eta jendeak ikusi ahal izan du guk ere ondo joka dezakegula», esan du Mugartegik. Luzarorako etorri dira, eta, Lejardiren ustez, txapelketak balioko du neska gehiago animatzeko. «Gero eta gehiago gara. Markinan, lehen lau ginen, eta orain, hamar».

Goranzko joerari eusteko, biek eskatu dute aurtengoak segida izan dezala. Baita hau ere: «Gustatuko litzaiguke txapelketa luzeagoa izatea: bikote gehiagok jokatzea edo bikote kopuru berak jokatuz gero, denak denen aurka aritzea, ligaxka batean. Lasaiago jokatuko genuke; aurtengo sistemarekin, egun txarra baduzu, kalean geratzen zara berehala. Mailak gora egiteko balioko luke: zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta hobeto ariko ginateke», azaldu du Lejardik. Eskaera bera egin diete beste txapelketen antolatzaileei: «Kontuan har gaitzatela; gu prest gaude jokatzeko, desiratzen gaude; horretarako entseatzen dugu», esan du Mugartegik.

Ondo antolatua dute astea: bitan entrenatzen dira, ordu erdiz, eta asteburuetan partidak jokatzen dituzte. Biak hasi ziren oso gazte, familiaren aurreko belaunaldiei jarraituz: Erikaren aita Josu Mugartegi Atain da, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan txapeldun izandakoa; Arairen aita, osaba eta aitona, berriz, AEBetan aritu ziren. Batek puntista du anaia ere, eta besteak, ahizpa: Gorka Mugartegi eta Lur Lejardi. Oso ohikoa da hori zesta-puntan, eta areago Markinan, tradizio handiko kirola baita han. Zestak harrapatuak ditu biak. «Oso polita da, jokatzeko entretenigarria, eta ikusgarria; dena dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.