Aspaldi esaten zen bazegoela Leitzan (Nafarroa) pilotan izugarri jokatzen zuen neska bat oso-oso gaztea. «Ona dator Goiuri, ona dator Goiuri», esaten zuten hura jokatzen ikusi zutenek. Goiuri Zabaletaz ari ziren (Leitza, 2009).
Bada, iritsi da, eta txiki ari da uzten haren inguruan zeuden aurreikuspen guztiak. Atzo, Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapela irabazi zuen. Nagusitasunez gailendu zitzaion finalean Amaia Aldairi, Sestaon (Bizkaia): 22-11. Lorpen handia da hori, Aldaik jantzi baitzuen txapela aurreko hiru ekitaldietan; inork ez zuen egin halakorik. Azkenekoan, Zabaletari irabazi zion finalean: 22-13. Oraingoan, ordea, leitzarra nagusitu zitzaion. Lehen txapela du maila nagusiko lau eta erdikoan. Ondo bidean, ez da azkena izango. 15 urte besterik ez du. Luzarorako etorri da.
Ametsa hitza esan du gehien azken orduetan. Halaxe definitu zuen txapela irabazi berritan sentitzen zuena, eta horri eutsi dio biharamunean ere. «Ametsetan ari naiz oraindik ere. Helburua gorenera iristea zen, baina ez nuen espero horren azkar lortuko nuenik. 15 urte besterik ez dut. Ezustean harrapatu nau honek guztiak, eta oraindik ez dut barneratu. Egun batzuk beharko ditut lortu dudana sinesteko».
Une ederrak bizi izan ditu azken 24 orduetan. Lehena, partida bukatu bezain laster botilero lanetan ari zen aitarekin besarkatu zenekoa: «22. tantoa egin, eta garaipena nola ospatu ez nekiela geratu nintzen. Aitarengana joan nintzen zuzenean, eta sekulako besarkada eman genion elkarri. Oso une berezia izan zen, eta ezin izan nion eutsi negarrari».
Ez du ahaztu txapela buruan jarri ziotenekoa ere: «Nire ondoan egon diren pertsona guztiez eta egin dudan lan guztiaz gogoratu nintzen. 'Ametsa bete duzu, Goiuri', horixe pentsatu nuen. Eta hori egiten nuen bitartean, parean harmaila beteta ikusten nuen, txaloka. Sinestezina izan zen».
Gozatu egin zuen ere txapela ospatzeko Sestaon bertan egin zuten bazkarian. «Gustura egon ginen. Gero, etxera itzuli ginen, eta lasai egon eta gero, berehala oheratu nintzen; neka-neka eginda nengoen, eta, gainera, goiz altxatu beharra nuen eskolara joateko». Zoriontsu oheratu zen, eta zoriontsu esnatu da. Aste hasiera ona izan du. «Lagunek harrera polita egin didate eskolan».
«Ametsetan ari naiz oraindik ere. Helburua gorenera iristea zen, baina ez nuen espero horren azkar lortuko nuenik. 15 urte besterik ez dut»
GOIURI ZABALETAAurrera klubeko pilotaria
Ez du ikusi finala telebistan, baina badaki partida «ia biribila» egin zuela. «Egin nahi genuena egin genuen: Amaia mugiarazi eta deseroso sentiarazi. Oso ondo jokatu nuen: sakez eta dejadaz min egin nion, eta pilota asko arrimatu nuen paretara; hura, aldiz, ez zen gai izan bere onena emateko». Mesede egin zion bigarren finala izateak. «Iaz, lehen finala nuen lau eta erdikoan, eta nahiko urduri aritu nintzen. Aurten, ordea, iazko esperientzia izan dut lagun, eta, horri esker, lasaixeago eta sendoago aritu naiz».
Hain zuzen, horretan hobetu du gehien. «Pazientzia handiagoa dut tantoa jokatzeko orduan. Lehen, askotan, presaka aritzen nintzen, eta errazago galtzen nuen tantoa. Orain, ordea, erregularrago ari naiz, eta hobeto jokatzen dut: ikasi egin dut zer egin behar dudan une bakoitzean. Teknika ere hobetu dut, eta askoz hobeto moldatzen naiz aireko jokoan. Indarra falta zait oraindik, baina ari naiz horretan ere hobetzen».
Iritsi bakarrik ez, iraun egin nahi du. «Ahalik eta gehien iraun nahi dut gorenean, eta, horretarako, gogor jarraituko dut lanean, orain arte egin dudan bezala. Ahalik eta partida gehien jokatu nahi dut, eta txapel gehiago irabazten baditut, bikain. Oso zaila izango da, aurkari gogor asko baitaude, eta gazteak indartsu gatozelako. Gainera, txapeldunaren presioa izango dut. Baina helburua pilotaz gozatzen jarraitzea da. Ez baduzu gozatzen, beherakadak gertatu ohi dira».
Maila nagusiko lau eta erdikoan txapeldun izan den hirugarren leitzarra da: Abel Barriolari eta Oinatz Bengoetxeari batu zaie. «Oinatzekin dut harreman handiena, eta Abelekin tarteka egoten naiz. Txapeldun handiak izan dira biak. Niretzat gauza handia da txapeldun izan diren leitzarren artean egotea. Ea haien antzeko ibilbidea egin dezakedan».