ALAVES 0-1 GIRONA

Luzapenean galdu du Alavesek Gironaren aurka, Mendizorrotzan

Lehen hogei minutuetan izan ezik, gainerakoan partida oso ona jokatu du Alavesek, baina garesti ordaindu du luzapenean egindako hutsa. Sailkapenean, zulotik gertu dira gasteiztarrak, hamazazpi puntu bilduta.

Jhon Solis, Gironaren gola ospatzen. Mussa Diarra eta Jesus Owono etsita ageri dira. L. RICO / EFE
Jhon Solis, Gironaren gola ospatzen. Mussa Diarra eta Jesus Owono etsita ageri dira. L. RICO / EFE
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 11
17:35
Entzun

Argia ikusi ezinda dabil Alaves. Gabonetako geldialdiaren ondoren, onbidera itzultzeko itxaropentsu zegoen gaur Gasteizko taldea, baina puntu bakar bat ere biltzerik ez du izan Gironaren aurka, Mendizorrotzan. Partida duina jokatu du Eduardo Coudetek zuzendutako taldeak; berdinketa ez ezik, garaipena ere merezi izan du tarte askotan. Luzapenean egindako huts larri bat garesti ordaindu du, ordea. Diarrak ez du asmatu baloia urruntzen, eta Solisek sartu du neurketako gol bakarra, 91. minutuan. Kolpe izugarria hartu du Alavesek, Coudetek berak aitortu duenez: «Gehiegi barkatu dugu, eta Gironak sareetara bidali du partida guztian egin duen jaurtiketa bakarra. Minduta gaude. Zaila da azaltzea nola galdu dugun partida».

Alavesek oraindik ez du garaipenik lortu Coudeten aroan. Hirutik hiru berdinduak zituen orain arte, eta gaur galdu du estreinakoz. Garaipenaren premiak eta tentsioak eraginda, asko sufritu du etxeko taldeak lehen hogei minutuetan. Gironaren presioa izugarria izan da, eta Alavesek gaitasunik ez du izan itomen horretatik ateratzeko. Baloia luze jo beste aukerarik ez dute izan jokalariek. Gainera, kataluniarrek min egin dute geldikako jokaldietan. Hori bai, zailtasunak igarota, indarrak berdinduz joan dira pixkanaka. Halabeharrez, entrenatzaileak bi aldaketa egin behar izan ditu 28. minutuan, batera: Jordanek eta Carlos Martinek zelaia utzi dute min hartuta, eta Gebara eta Conechny irten dira haien ordez.

Mugarri bilakatu dira aldaketak, handik aurrera Alaves izan baita nagusi. Atsedenaldira bitartean, ia une oro izan du baloia oinetan, eta hegaletatik min egin du. Manu Sanchez fin ibili da ezkerretik, baita Carlos Vicente ere, eskuinetik. Erdiraketa ugari ipini dituzte area barruan, baina errematea falta izan zaie etxekoei. Gol aukera garbirik ez dute sortu. Penalti bat ere alde izan dute, baina epaileak ezerezean utzi du, errepikapen bideoari jaramon eginda.

Conechyren aukera argia

Atsedenaldira golik sartu gabe ailegatu arren, konfiantzaz eta laineza hartuta amaitu dute lehen zatia etxeko jokalariek, eta berdin ekin diote bigarrenari. Neke fisikoak eraginda, zelaian gero eta hutsune gehiago sortu dira, eta Coudetenak azti ibili dira kontraerasoan. Era horretan sortu da Alavesen gol aukerarik garbiena, 63. minutuan. Carlos Vicentek metro askoan eraman du baloia eskuin hegaletik, eta aparteko pasea egin dio Conechnyri. Ate aurrean bakarrik egon arren, kanpora bidali du baloia hark. «Gehiegi barkatzen duenak ordaindu egiten du gero», adierazi du Coudetek.

Eta horixe gertatu da. Mendizorrotzan bildutako zaleek gogotik bultzatu arren, Alaves ez da gai izan golik sartzeko, eta bazirudien berdinketarekin konformatu beharko zuela. Huts larri batek aldatu du emaitza. Diarrak hanka sartu du, eta Solisek maisuki asmatu du Owonoren aurrean, luzapenean. «Minduta egonagatik ere, oso ondo jokatu dugu, eta hori hartuko dut gogoan. Adorea eman behar diet jokalariei», aitortu du entrenatzaileak.

ALAVES-GIRONA
Alaves. Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez (Villalibre, 92. min.); Blanco, Jordan (Gebara, 30. min.); Carlos Vicente, Guridi, Carlos Martin (Conechny, 30. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 72. min.).
Girona. Gazzaniga; Arnau, David Lopez, Krejci, Blind; Bryan Gil (Jhon Solis, 77. min.), Ivan Martin (Romeu, 45. min.), Herrera, Miguel Hernandez (Danjuma, 33. min.); Van de Beek (Tsigankov, 70. min.); eta Abel Ruiz (Stuani, 70. min.).
Golak. 0-1. Jhon Solisek (91. min.).

Athleticek 1-2 irabazi du, eta Eibarrek, 0-3 galdu

Onetik eta txarretik izan du gaurko jardunaldiak Lehen Mailako euskal taldeentzat. Athleticek laugarrenez jarraian irabazi du: 1-2 gailendu da Espanyolen aurka. Laia Ballestek —bere atean— eta Clara Pinedok sartu dituzte zuri-gorrien golak. Hirugarren da Athletic. Eibarrek, aldiz, galdu egin du etxean: 0-3 Sevillaren aurka. 

Realak bihar jokatuko du, Valentziaren zelaian (12:00, Gol). Urteko lehen garaipena lortu nahi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.