Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Lurrikara txiki bat, Tourmaleten behera

Gaur 20 urte jantzi zuen Miguel Indurainek lehen aldiz Tourreko maillot horia, Val Louronen amaitu zen etapan. Historiari hori kolorea eman zion nafarrak.

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Tourmaleten lurrikara txiki bat sentitzen da urtero-urtero. Gaurko egunarekin. Uztailaren 19arekin. 1991tik, lurrikara txiki bat beti. «Miguel, Miguel! Itxoin Chiapucciri». Tourmaletetik Abartzuzara, Atarrabiatik barrena pasatuta, oihartzuna entzuten da oraindik. Esaldi horrekin hasi zen jainkotzen Miguel Indurain handia. Banesto taldeko autotik iritsi zen oihua. Jose Miguel Etxabarri abartzuzarra, taldeko managerra, jabetzen hasita zegoen historia aldatzera zihoala. Eguzkitan urtu beharrean, Tourmaleten gora ito zituen Claudio Chiapuccik Greg LeMond, Laurent Fignon, Gianni Bugno eta gainerakoak. Eta beherakoan, lehen bihurgunean erotu zuen Tourra. Pedro Delgado Banestoko taldeburua Portaleten eta Aubisquen ezinean zebilen ordurako, eta, Tourmalet ematen ari zen epaiarekin, Indurain deabru txikiaren atzetik joan zen. Ordutik hori kolorea eduki zuen atarrabiarraren pedalkada bakoitzak.

Gaur bete dira 20 urte Miguel Indurainek Frantziako Tourreko maillot horia lehen aldiz jantzi zuenetik. Val Louronen jantzi, eta 1996ra arte ez zuen erantzi. Bjarne Riis danimarkarrak baretu zuen nafarra —Riisek orain lau urte aitortu zuen dopatuta irabazi zuela 1996ko Tour hura—. Bost Tour, bost monumentu. Pirinioak eta Alpeak eserita igo behar direla erakutsi zuen nafarrak; erlojupekoena triskantza eragiteko modalitatea zela irakatsi zuen; metro gehien buruko pedalkadekin egiten zirela ikusarazi zuen.

Espainiako Vueltan bigarren eginda, Delgadoren ondoan Banestoko taldeburu gisa ekin zion 1991ko Tourrari. «Errepideak jarriko du bakoitza bere lekuan». Etxabarriren esana da hori. Lyonen hasi zen orain 20 urteko Tourra, 5,4 kilometroko aitzin-etaparekin. Thierry Marie frantziarrak jantzi zuen lehen maillot horia, eta bederatzi segundo galdu zituen atarrabiarrak. Greg LeMond zen gertutik zaindu beharrekoa, aurreko urtean Tourra hirugarrenez irabazita zegoelako; hirugarren postuan ekin zion Tourrari, Marierengandik hiru segundora.

Hori bai, lehen etapan, Lyonen hasi eta Lyonen bertan amaitu zenekoan, kolpe handia eman zuen estatubatuarrak, hamar laguneko ihesalditxoan sartu eta 1.44 minuturen aldea lortuta. Lehen egunetik bertatik egurra izan zen 1991ko Tourrean. Ariostearen taldekako erlojupeko garaipena, De Wilde eta Abdujaparoven esprint bana, Nijdam eta Van Poppelen indar erakustaldiak... Aitzin-etapako maillot horia berreskuratuta ekin zion Thierry Mariek zazpigarren etapari, 73 kilometroko erlojupekoari.

Eta egun horretan bertan eman zuen Indurainek Tourreko lehen kolpea, etapa irabazita. Zortzi segundo atera zizkion LeMondi —lider jarri zen berriz ere—, 1.31 Bugnori, 2.05 Delgadori, 2.55 Leblanci, 3.39 Fignoni, 4.04 Chiapucciri... Pirinioetako infernura bidean txukundu zuen Charly Mottet frantziarrak erlojupekoan egindako lan txar-txarra —sei minutu galdu zituen—, Saint Herblainen eta Jacan etapa bana irabazita. Leblanc iritsi zen hazita Pirinioetara, 2.35era zeukalako LeMond, 3.52ra Mottet, 4.44ra Indurain, 6.26ra Bugno... Zaleak kritiko zeuden ordurako Banestoren jarrerarekin, Jacako etapan izandako grina faltagatik; ezbaian zegoen Indurainek ardura hartzeko zeukan gaitasuna.

232 kilometroko infernua

Inor gutxik espero zuen Pirinioetako etapa nagusian izango zen triskantza. Portalet, Aubisque, Tourmalet, Aspin eta Val Louron. 232 kilometroko infernua. Aubisquen hasi zen faboritoen arteko egurra, baina Tourmaleten egin zuen triskantza Chiapucci txikiak. Erritmo bizia jarri, eta ito egin zituen Delgado eta LeMond; eta ezinaren mugan utzi beste asko. Gorakoan galbahea egin, eta beherakoan hautsi zuen lasterketa italiarrak. Itsu-itsuan, haren bila joan zen Indurain. Begiradarekin hitz egin zuten. Batentzat etapa, eta bestearentzat liderraren maillota. Leblanc liderrak 12.36 minutu galdu zituen Val Louronen. Aldaketa Tourrean; lurrikara txiki bat. Nafarrak hiru minutura urrundu zuen Mottet, 3.10era Bugno, 4.06ra Chiapucci...

Eustea zen kontua. Eta eutsi bazuen, eutsi zuen. Ohikoa zuen lasaitasunarekin eta potentziarekin. Alpeak falta zitzaizkion artean Tour hari. Baina errepideak eginda zeukan hautaketa. Banesto talde guztia bere esanetara zeukala —umil onartu zuen Delgadok belaunaldi aldaketa—, hainbestean eutsi zioten Bugno, Fignon eta LeMond hirukoak Gapera bidean egindako eraso hirukoitzari. Eta maisutasunez Bugnok Alpe d'Huezen gora egindako igoerari —Jean Francois Bernardek jarritako erritmo bizi-biziak etsipena sortu zuen Bugnorengan—. Indurainena zen Tourra. Txirrindulari ezberdin harena. Ahulgunerik ez zeukan nafar puskarena.

Parisera iritsi bezperan 57 kilometroko erlojupekoan beste gozatu bat hartuta, uztailaren 28an igo zen Indurain zerura. 20 urte geroago, oraindik nabaritzen da Tourmaleteko lurrikara txiki hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.