Lurrikara denean, heldulekua behar

Sadiq Umarrek eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi du Realak hura fitxatu eta gutxira. Kolpetik geratu behar izan du Donostian abiatutako bide berria. Osatze aldian, taldekideen eta entrenatzaileen «babesa» garrantzitsua izango dela azaldu du Itziar Aldaburu kirol psikologoak.

Imanol Soroa fisioterapeuta eta Sadiq Umar, aldagelerako bidean, aurrelariak min hartu eta gero. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lesio larriak, egutegia etsai. Goi mailako kirolari batentzat ez dago min hartzeko garai onik. Beti izango du kaltea. Dena den, egitasmo bati erabat lotuta dagoen eta toki batean egonkortuta dagoen pertsona bati eramangarriagoa egiten zaio. Aldiz, zailagoa da astinduak bizimodu berri batekin bat egiten duenean. Lurrikarabati bestea gehitzen zaio, eta halakoetan, heldulekua behar izaten da.

Hein batean, horixe gertatu zaio Sadiq Umar Realeko jokalariari. Aurrelari nigeriarrak eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi du Donostiara heldu eta 11 egunera. Hutsetik hasitako bidea kolpetik geratu da. Halako egoerei emandako erantzuna «bakoitzaren araberakoa» izan ohi dela azaldu du Itziar Aldaburukirol psikologoak (Zarautz, Gipuzkoa, 1998). Haren esanetan, «jokalariak nola hartzen duen» funtsezkoa da egoera kudeatzeko garaian: «Psikologikoki, modu ezberdinetara erantzun daiteke. Hor daude estresa, autoestimua, berriz maila horretara ailegatzeko beldurra... Kudeatzeko, lehenik eta behin, inguruko jendearen babesa da garrantzitsuena».

Horrez gain, helburu «txiki eta errealak» finkatzeko beharra azpimarratu du Aldaburuk. Kontrara, osatze bidean ez ei da lagungarria izango.

Aldabururen esanetan, argi dago zenbat eta autoestimu handiagoa eduki edo egoera kudeatzeko gaitasun handiagoa eduki, orduan eta errazago landuko duela egoera. Ordea, estresaren agerpena jazo daiteke bide horretan: «Azkarregi itzuli nahi bada jokatzera, estresak guztiz jan dezake. Buruak gorputza maneia dezake, eta zenbat eta lasaiago eta autoestimu hobearekin hartu, orduan eta hobea da».

Izan ere, luzerako lesioa da Sadiqena. Onenean, urte erdi egingo du jokatu gabe, eta osatze aldi batek dituen gorabeherak bizi ditzake denbora tarte horretan. Aldaburuk zehaztu duenez, ez da prozesu lineala izaten. «Gorabehera asko izaten ditu. Egun batzuetan, norberak bere burua ondo ikusten du, eta goraldia bizi daiteke. Beste egun batzuetan, ordea, gorputzak ez du berdin erantzuten, eta gauzak ez dira horren argi ikusten».

Horrez gain, aintzat hartzekoa da «minaren faktorea». Hau da, «zenbat eta min gehiago sentitu, itzulera orduan eta urrunago ikustea. Halakoetan zaila egoera linealki bizitzea».

Realeko jokalariaren kasuak, halaber, baditu beste zenbait ertz ere. Alexander Isaken salmentaren osteko itzalpean ailegatu zen Donostiara. Arrapaladan egindako mugimendu baten ostean fitxatu zuen Donostiako klubak Almeria taldetik. Realaren historiako fitxaketarik garestiena bilakatu zen aurrelariarena: klub txuri-urdinak hogei milioi euro inguru ordaindu zizkion jatorrizko klubari.

Hari askoko mataza osatu da haren inguruan. Hasi berri duen ibilbidea oztopatuta ikustea beti da kontu gaitza. Zer esanik ez Sadiquen lesioa egokitzapen prozesu betean jazo dela jakinda: «Oso garrantzitsua da osatze aldia taldekideekin egitea ahal duen heinean, [Donostiarako] egokitze garaia bukatzeko. Hamar egunean ez du egokitzapena egiteko denborarik ematen, eta horregatik da garrantzitsua. Bai entrenatzaileek eta bai jokalariek mantendu egin behar dute kontaktua».

Fokupean egotearen gaia

Aurrelariaren egoera erabat aldatu da denbora gutxian. Talde aldaketaz gain, Isak ordeztu beharra suertatu zaio, eta haren hutsunea betetzeko ardurarekin fitxatu zuen Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak. Ikusmin handia izan zuen haren ailegaerak, eta arretagunean zegoenean hartu du min: «Egia da jokalariak ohituta daudela [arretaguneanegotera]», azpimarratu du Aldaburuk.

Halere, zera gehitu du psikologo zarauztarrak: «Jokalariak pentsa dezake: diru asko egon da tartean, eta eskaini behar dut besteak egiten zuen hori [Isakek], edo gehiago. Hamar egun eskas pasatu eta gero min hartu badut, zer esango du jendeak? Jokalari batek ohituta egon beharko luke, baina arretagunean sentitzen bada, litekeena da eragina izatea». Horrek guztiak estres mailan eta horrekin lotura duenean zerikusia izan dezakeela nabarmendu du Aldaburuk.

Hiru lesio denbora gutxian

Realak zoria etsai izan du aldi luzeko lesioei dagokienez. Erasoko hiru jokalarik tankera bertsuko kalteak bizitu dituzte azken urtean: Carlos Fernandezek —osatu ezinean dago—, Mikel Oiartzabalek, eta Sadiqek berak. Desio gabe, ohiko bilakatu da halako egoera bat Anoetan.

Horrek multzoaren aldartean eragin dezakeen galdetuta, Aldaburuk uste du faktore horiek kontuan hartzea dela haien lana. Izan ere, dioenez, lesio bat bestearen atzetik gertatuta, «edalontziak gainezka» egin dezake, etagerta liteke jokalariek «beste lesio bat balitz bezala» hartzea. Erreakzio hori saihesten egin behar da saialdia, psikologoaren aburuz: «Kolpe latza izan daiteke, eta taldearen erreakzioa garrantzitsua da, batez ere, jokalariaren beraren oreka mantentzeko».

Sadiqek bi alderdi uztartu beharko ditu aurrerantzean. Batetik, fisikoa, belauna bere onera ahalik eta lasterrena itzultzeko. Arlo psikologikoa izango da bestea. Bien arteko oreka hori lortzean egongo da osatze aldiaren arrakastaren gakoa. Nigeriarrak bihar bertan hasiko du suspertze prozesua, ebakuntza egingo baitiote Gasteizen. Mikel Sanchez doktorea eta haren taldea arduratuko dira horretaz.

Hortik aurrera, bide luze eta malkartsu bat abiatuko du, berriz ere zelaian aritzeko xedez. Lurrikara bat bizi izatea egokitu zaio Donostiara iritsi orduko. Haren ondorioak gainditzeko lanean aritu beharko du aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.