Olatua. Horrela deitzen diote azkeneko bi urteetan zesta-puntak izan duen goraldiari. Izena aukeran datorkio, baina labur geratzen da. Olatuak sortu eta denbora gutxira hausten dira. Zesta-puntaren olatua, ordea, ez da oraindik hautsi; goi-goian eusten dio.
Horren adibide argia da Winter Series txapelketa. Gora egin du urtez urte. Hirugarren aldia marka guztiak apurtzen ari da. Hamabi jaialdi jokatu dira, eta guztietan bete dira Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoiko 2.000 eserlekuak. 24.000 ikusle dira zesta-punta bertatik bertara ikusten. Horiei guztiei, gainera, gauean telebista aurrean jartzen diren ikusleak gehitu behar zaizkie. Astelehenek aspaldi utzi zioten buruzuri izateari. Zesta-puntaren egunak dira, gozatzeko egunak dira.
Horrelakoak izango dira baita hurrengo biak ere. Finalerdiak jokatuko dituzte, eta, ohiturari eutsiz, sarrera guztiak ziztu bizian saldu dira: sei minutuan. Datorren astelehenean, Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika ariko dira Johan Sorozabalen eta Imanol Lopezen aurka (19:30). Otsailaren 5ean, berriz, Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak Jean Olharanen eta Julen del Rioren kontra jokatuko dute. Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute otsailaren 18an, igande eguerdiz. Galtzaileak, berriz, hirugarren eta laugarren posturako partidan ariko dira otsailaren 12an, astelehen arratsaldez.
Harmailan ikusiko ditu guztiak Xabi Barandikak (Gernika-Lumo, 1990). Etxeko puntistak aurreko bi ekitaldiak jokatu zituen, eta iaz txapeldunorde izan zen Lekerikarekin. Baina aspalditik dago min hartuta. Eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen udan, eta oraindik hilabete batzuk falta zaizkio berriro jokatzeko. Ondo bidean, uda baino lehen jokatu ahal izango du berriro. Bitartean, ikusle fina da frontoian, baina aitortu du inbidiak ez diola uzten ikusle moduan bete-betean gozatzen. «Sekulako giroa dago astelehenero frontoian. Ikusleak ikusgarri ari dira ekitaldi honetan. Gustura egongo nintzateke kantxan. Askotan irudikatzen dut neure burua han, zein jokaldi egingo nuen pentsatzen».
Ikusle moduan aztertu du txapelketak orain arte emandakoa. «Erdizka» utzi duela azaldu du: «Ez da egon partida oso politik. Iaz, halako asko egon ziren: biribilak eta emozio handikoak. Aurten, aldiz, ez da halakorik egon. Partida asko bi setetan erabaki dira, eta horrek emozioa kentzen dio ikuskizunari». Datuek indarra ematen diote uste horri: hamabi partidetatik bederatzi erabaki dira bi setetan; hots, hirutan besterik ez dira jokatu hiru set. Iaz, ligaxkan, bostetan jokatu behar izan zuten set erabakigarria. Barandikak ez daki zehazki zein den arrazoia, baina susmoa du bikote batzuk besteen gainetik egoteak eragin duela desoreka hori egotea.
Goikoetxea eta Lekerika, nahieran
Goikoetxeak eta Lekerikak osatutako bikotea nabarmendu du. «Oso erraz irabazi dituzte partida denak: ez dute galdu set bakar bat ere. Oso eroso eta gustura aritu dira. Leke izan da onena beti, eta Goikok ez du jokoan sartzeko beharrik izan. Bagenekien beste bikoteak baino koska bat gorago daudela, baina ikusleok eskertuko genuen baten batek haiek estu hartzea». Aurrelari zumaiarra eta atzelari gernikarra nagusitasunez gailendu dira A multzoan. Hamabi puntu lortu dituzte, lor zitezkeen guztiak. Olharan eta Del Rio bigarren izan dira, zazpirekin, hiru partidetatik bi irabazita.
Lehia estuagoa egon da B multzoan: Erkiagak eta Ibarluzeak hamar puntu lortu dituzte, eta Johanek eta Lopezek, bederatzi. «Johanek eta Lopezek gaizki ekin zioten txapelketari, lehen partidan Erkiagaren eta Ibarluzearen aurka hiru setetan galduta. Horrek presioa eragin zien. Azkenean, bigarren izan dira. Erkiagak eta Ibarluzeak, berriz, ez diote lehen postuari ihes egiten utzi. Erkiagak berriro erakutsi du artista dela. Hark lortu ditu tantorik politenak. Ikusgarria da nola errematatzen duen eta nola bihurritzen den errebotea eramateko. Hura izan da multzo horretako onena. Ibarluzeak ez du txapelketa biribila egin; azken partidan, adibidez, ez zen ondo aritu, baina, hala ere, Erkiagak aurrera atera zuen neurketa».
«Orain dator azken traka. Lau oilarrak elkartu dira: Goiko, Lopez, Erkiaga eta Olharan. Finalerdiek sekulako itxura dute»
XABI BARANDIKA Puntista
Barandikaren ustez, ezustekotik gutxi du bi finalerdien osaketak. «Nortzuk jokatuko zuten galdetuz gero, %90ek asmatuko genuen». Hala ere, partida horiek iristeko «irrikaz» dago. Sinetsita dago «onena iristeko» dagoela. «Orain dator azken traka. Lau oilarrak elkartu dira: Goiko, Lopez, Erkiaga eta Olharan. Finalerdiek sekulako astindua emango diote txapelketari; irauli egingo dute. Pilota biribila da, eta ezin da asmatu, baina azken txanpak sekulako itxura du».
Haren ustez, «final aurreratua» da datorren astelehenean Goikoetxeak eta Lekerikak Johanen eta Lopezen aurka jokatuko duten finalerdia. «Partida izugarria da. Bi bikoteek argi dute egitekoa: Johanek eta Lopezek atzean nagusitu nahiko dute; besteek, ordea, kontrakoa egin nahiko dute: Goiko jokoan sartzea». Argi du noren alde egin apustu: «Nik hasi aurretik esan nuen Goikok eta Lekek irabaziko zutela txapela, eta horri eusten diot».
Otsailaren 5eko finalerdian, berriz, Erkiaga eta Ibarluzea jo ditu faboritotzat. «Erkiagarekin hitz egin dut, eta, haren ustez, bikote gaitza da Olharan eta Del Riorena. Del Rio oso ondo ari da, baina aldea dago aurkarien aurrelaria Erkiaga edo beste bat izatea. Ibarluzeak lehen partidan jokatu zuen bezain ondo jokatzen badu, haiek dira faborito».