Lurretik altxatzeko prest

Mikel Olazabalek ezker eskua erre zuen umetan sukaldeko txapan, eta hark eragindako orbaina ebakita, sei hilabete pasatxo egin ditu kantxetatik kanpo. Datorren larunbatean itzuliko da, Leitzan.

Mikel Olazabal, lurrean etzanda, Berasaluze VIII.aren kontrako lau t'erdiko partida batean. LUIS JAUREGIALTZO / A. PRESS.
jon eskudero
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Akabo kalbarioa. Urte erdia baino gehiago galtza zuriak jantzi gabe egon ondoren, datorren larunbatean itzuliko da kantxetara Mikel Olazabal (Areso, Nafarroa, 1986), Leitzako Amazabal pilotalekuan. Sei urte zituela ezker eskua erre zuen etxeko sukaldeko txapan, eta, hark eragindako orbaina lehertu zitzaionez, pilotari sentitu ezinik egon da. Azken partida otsailaren 2an jokatu zuen, Bigarren Mailako Txapelketakoa, eta pilotakada batean «triskantza» sentitu zuen esku barruan. Ordutik han eta hemen ibili da sendatzeko, baina denbora izan du botika onena. Luze egin zaio, momentu txar dezente igaro ditu, baina bueltatzeko irrikan dago. Peñagarikano izango du atzelari, eta Jaunarena eta Galarza aurkari.

Hainbeste denbora jokatu gabe egonda, ezinezkoa da sasoi betean egotea, eta Olazabalek ongi daki hori: «Binaka entrenamendu bakarra egin dut, eta erritmo falta izugarria daukat. Partida ona jokatzea zaila da, baina niretzat garrantzitsuena kantxara itzultzea da». Beldurra ere etsai izango du, hiru aldiz ireki baitzaio orbaina. Oraingo honetan, baina, erabat sendatuta daukala uste du. Badaezpada, hori bai, tako asko ipiniko du eskuan. Partidarik jokatu ez arren, kilometro batzuk egin dizkio autoari: «Logroñoko masaje emaile batekin aritu naiz gehienbat, eta oso gustura aritu ere. Eskuari mesede handia egin dio, baina takoekin ez dut asmatu». Larunbaterako eginda dauzka takoak Aspeko aurrelariak, ustez egokiak. Atzo probatu zituen Leitzan bertan, eta «kontentu» gelditu zen.

Txikitatik entrenatu izan da Leitzako Amazabal pilotalekuan, eta horrek zein han bilduko direnek lagundu egingo diote: «Ilusio izugarria egiten dit nire frontoi kutunenean itzultzeak, baina Jaunarena ere leitzarra da, eta haren aldekoak ere hainbat izango dira». Giro polita ziurtaturik dago, herrian afizio handia dago eta.

Nahi baino lo gehiago kendu dio lesioak Olazabali: «Askotan, min jasanezina sentitzen nuen eskuan, eta asko sufritu dut». Hala ere, ez da hori izan okerrena: «Zalantzarik gabe, lehengo mailara itzuliko naizen ez jakitea da txarrena. Buruari buelta asko ematen dizkiot». Ebakuntza egitea ere pentsatu izan du, baina ez da ausartu, eta ez da damutzen. Kirol arloari begira, berriz, baikorra da: «Duela bi urteko maila hartzea ez da erraza izango, baina niri esperantza ez dit inork kenduko. Askotan amesten dut onenen kontra jokatzearekin». Bi aldiz aritu izan da Lehen Mailako binakakoan ordezko gisa, eta lau t'erdian Bengoetxea VI.a hartu zuen mendean 2008an (16-22).

2007ko abuztuaren 13an egin zuen profesionaletako debuta Olazabalek. Kasualitatez, berriz jokatzen hasteko egunean lau urte beteko dira ordutik. Bi egunak alderatu ditu: «Egun hura ederra izan zen, baina orain orduan baino ilusio handiagoa daukat». Dena izango da berezia Aresokoarentzat, baina badaki momentu txar guztietan nortzuk eduki dituen alboan: «Senideek, lagunek eta bikotekideak izugarri babestu naute, eta asko eskertzen diet. Okerrena zera da, gaizki nagoenean eurek ordaintzen dutela nire jarrera». Mutil umila da Olazabal.

Pilotalekuetara ahalik eta gutxien joaten saiatu da, inbidiari aurre egiteko. Etxeko pantaila itzalita edukitzea, ordea, zailagoa da: «Askotan ez nuen nahi izaten partidarik ikusi, baina batzuk ikusi ditut». Burua, hala ere, beste nonbait edukitzen saiatu da: «Normalean egiten ez ditudan gauzetan jardun dut. Futbolean eta txirrindularitzan, esaterako».

Aspek aurrelari gazte ugari dauzka (Mendizabal III.a, Gorka, Apezetxea, Jaunarena, Idoate...), baina horrek ez du askorik kezkatzen Aresokoa. Besteak beste, maiatzean 2013ko abuztura arte luzatu baitzuen kontratua: «Nik nire lana ongi egiten badut bide luzea daukadala iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.