Beste entrenatzaile bat izango du Alavesek datorren denboraldian, Espainiako Bigarren Mailan: Luis Garcia Plaza. Hark ordezkatuko du Julio Velazquez. Zortzi partida egin ditu taldea zuzentzen Velazquezek, eta ez da lortu Lehen Mailari eusteko helburua. Hiru partida irabazi dituzte jokalariek haren aginduetara, eta bost galdu.
Arabako taldeak Lehen Mailara igo nahi du datorren sasoian, eta Luis Garcia iaioa da hori lortzen: Levanterekin eta Mallorcarekin igo da maila nagusira. Hain zuzen, Mallorca zuzendu du denboraldi honetan entrenatzaile espainiarrak, baina klubak kargutik kendu zuen martxoan, taldeak zeraman bide eskasagatik. Javier Aguirrek ordezkatu zuen, eta, haren aginduetara, mailari eutsi dio Herrialde Katalanetako taldeak.
Entrenatzaile bat kendu, eta beste bat jarri: horrela dabil Alaves. Hamahiru izan ditu 2016an Espainiako Lehen Mailara igo zenetik. Orain, aro berri bati ekingo dio Bigarren Mailan, eta oraindik ez du jakinarazi zeinek hartuko duen aulkiko lanen ardura.
Hau adierazi du: utzita egon diren jokalariek ez dutela jarraituko. Ez dira bat eta bi, asko izan baitira egoera honetan aritu direnak sasoi honetan ere: Matt Miazga, Mamadou Loum, Gonzalo Escalante, Manu Garcia, Manu Vallejo eta Facundo Pellistri.