Lotsagabe zentzudunak

Hiru estropada jokatu dituzte KAE 1 ligan, eta hiruretan nagusitu da Zarautz. Hain ondo ibiltzearen oinarrian «gauza asko» daudela dio Gari Uranga entrenatzaile eta arraunlariak. Gazteen «ausardia» nabarmendu du.

Zarauzko arraunlariak, hilaren 16an Pasai Donibanen irabazitako bandera ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bazetorren Zarautz, bazetorren urtez urteko bilakaera onean, eta heldu da KAE 1 ligako puntaren puntara. Enbata traineruak urak harrotu ditu denboraldi hasieran, eta ez du kontrariorik oraingoz, hiru estropada jokatu eta hirurak irabazi baititu.

Pasai Donibanen (Gipuzkoa), lehen bi jardunaldietan, ibaian nagusitu zen: aurreneko egunean, erlojupekoan, eta, bigarrenean, ohiko eran, baina sei luze eta bost ziabogako eremuan. Donibane Lohizunen (Lapurdi), hirugarren jardunaldian, itsasoan ibili ziren, berriz ere bost ziabogako lekuan, eta han ere nagusitu zen. Halako hasierak egiten dituenean talde batek, galdera azkar etortzen da: ezustea da? Gari Uranga (Zarautz, Gipuzkoa, 1982) entrenatzaile eta arraunlarien ustez, denetarik dago: «Gure nahia zen lau onenen artean sartzea, ohorezko txandan arraun egin ahal izateko. Hor egonda, gero, aukerak handiagoak izaten dira bandera irabazteko. Helburu hori bete dugu, eta hiru bandera irabaztea gauza askoren batuketa dela esango nuke».

Prestaketa garaiko lana aipatu du lehendabizi: «Neguan lan ona egitea ezinbestekoa da, hori gabe nekez ibiliko baita ondo traineru bat udan». Ez da dudarik Zarautzek lan bikaina egin zuela prestaketa garaian, oraingo emaitzak ikusita. Zortea aipatu du bigarren eragiletzat, eta beste biak bezain beharrezkotzat: «Azken bi estropadetan, zorte ona izan dugu kale zozketan, eta horrek ere lagundu digu. Hala ez balitz, nekez irabaziko genituzkeen bi bandera horiek».

Lider dira zarauztarrak ligan, eta koska ere handitu dute hirugarrenarekiko: bederatzi puntura du Donostiarra B. Aurreneko biek izango dute aukera iraileko hirugarren asteburuan Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko, baina entrenatzaileak ez du horretaz txintik ere entzun nahi: «Helburuak ez ditugu aldatuko hasiera on honengatik. Estropadaz estropada joatea da gure asmoa, eta kanporaketarako sailkatzea egindako lanaren ondorio bat izango da, ez helburua».

Jakin, ondo daki azkar batean gal dezaketela orain duten tartea, liga estua eta berdindua izaten ari baita, espero zen bezala: «Lehen, lauzpabost talde geunden banderen lehian izateko hautagaien artean, eta Donostiarra B ere indartsu azaldu da. Beste bat da lehiarako. Horrek esan nahi du edozein estropadatan egun txar bat edukiz gero puntu asko galtzeko arriskua handia dela». Etzikoa egun beltz bat izan liteke arrisku hori gauzatzeko, Baionan jokatuko duten estropada, hain zuzen. Kezkatu samar dabil Uranga: «Ibaian da, eta ez da eremu zuzena; bihurguneak dauzka. Gainera, estropada jokatuko da ura behera doala, eta badut halako korapilo bat». Azkar uxatu du, ordea, kezka puntu hori: «Guk gurea egitera joan behar dugu. Han bertan ikusiko dugu nola dagoen eremua, eta dagoenarekin egin beharko dugu».

Hondarribiaren arraunkera

Baionan aurkitzen dutena aurkitzen dutela, baldintzei dagokionez, gauza bat dago garbi: Zarautzek dakien bezala egingo du arraunean, eta dakien hori ez da edozein eskolatako arraunkera. Uranga Hondarribian ibili zen urte luzez, eta atentzioa ematen du zer antzeko egiten duten arraun Zarautzek eta Hondarribiak, oso luze eta presarik gabe. «Batek baino gehiagok esan dit Hondarribiak bezala egiten dugula arraun, eta lausengutzat hartzen dut, garbi utzita asko falta zaigula haiek bezala arraun egiteko».

Hondarribian ikasitakoa Zarautzen erabiltzen ari dela esan du: «Azkenean, emaitza onak lortu genituen arraunkera horrekin han, eta normala da ni orain bera erabiltzen saiatzea. Gainera, esango nuke ez duela zailtasun handirik arraunkera horrek». Hartutako moldea edo bidea beste entrenatzaile batzuei ere ikusi die, eta ez da ari Hondarribiaren arraunkera erabiltzeaz: «Entrenatzaile bat hartu, gure ligakoa, eta zer taldetan arraun egin duen begiratzen bada, ikusiko da talde horietakoren batean erabilitako arraunkera ari da ezartzen orain zuzentzen duen horretan».

Ondo ikasi dute gazteek Urangak ekarritako arraunkera menderatzen: «Esanekoak dira». «Lotsagabeak» ere bai: «Badute puntu hori, baina ona da lehian ausart izateko». Beteranoak ere badira, Uranga bera, Aitor Jauregi eta Gaizka Garmendia, baina lana errazten omen diete gazteek: «Guk burua eta zentzua jarri beharrik ez daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.