Bai baina ez. Errekor historikoa lortu du Arraun Lagunak-ek aurtengo denboraldian, emakumezkoetan zein gizonezkoetan inork egin gabea zuena eginda: denboraldiko ikurrina guztiak astindu ditu Andrea Astudillo patroiak, 15etik 15. Azkena, gaur: atzoko eta gaurko estropadetako denborak batuta onena izan denez, Arraun Lagunak-entzat izan da Zarauzko Ikurrina ere. Gaurkoak, ordea, distira pixka bat kendu dio errekorrari: Tolosaldearena izan da ontzirik azkarrena bigarren jardunaldian eta, beraz, Lugañenenek ez ditu ligako estropada guztiak irabazi, gaur bigarren izan baita. Era batera edo bestera, izugarria da Juan Mari Etxaberen kuadrillak jarri berri duen marka.
Emaitza horri esker, Tolosaldeak bigarren postua eskuratu du sailkapen nagusian. Denboraldi osoan lehia estua izan da Ramon Erostarberen taldearen, Orioren eta Donostiarraren artean, eta horren erakusle da amaierako sailkapena. Lau puntu eskasekoa izan da hiruren arteko tartea: Tolosaldea bigarren izan da 96 punturekin, Orio hirugarren 94rekin eta Donostiarra laugarren 92rekin. Urrun, Arraun Lagunak txapelduna 127rekin, eta Hondarribia, bosgarrena, 69rekin.
Denboraldiko azken estropada lehiatua izan da. Ohorezko txandan indartsu hasi da atzo bigarren izan zen Orio, baina minutuak pasatu ahala indarra ahitu zaie horiei. Ziabogan, gainera, gaur lehen txandan aritu den Tolosaldeak zuen markarik onena. Itzulerako luzean Orio atzean geratu da, eta Donostiako bi traineruak nor baino nor aritu dira. Ohiko moduan, Arraun Lagunak izan da indartsuena, baina gaurkoan ez du lortu Tolosaldearen denbora hobetzea. 11:15 denbora egin du Tolosaldeak, 11:18 Arraun Lagunak-ek eta 11:20 Donostiarrak.
Gainontzean, Hibaikak beste urtebetez Euskotren Ligan jarraituko duela berretsi du, Cabo da Cruzen kanporaketa jokatu beharko du mailari eusteko, eta Tiran ez da onenen artean izango datorren denboraldian. Arraunlarik denboraldiko erronkarik handienerako prestatu beharko dute orain: Kontxako Banderarako.