Lortu du azkenean

Anna van der Breggenek aurrenekoz irabazi du erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa. Chloe Dygert erori egin da, azkarrena zela

DARIO BELINGHERI / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Anna van der Breggen herbeheretarra irabazi eta irabazi dabil azken egunetan: aurreko larunbatean, Italiako Giroa irabazi zuen hirugarren aldiz, eta atzo, erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa, aurrenekoz. Imolako (Italia) 31,7 kilometroko ibilbide lauan azkarrena izan zen, eta, horrenbestez, lortu zuen hainbeste desiratzen zuen urrezko domina erlojuaren aurkako lehian; aurreko bost aldietatik lautan bigarren geratu zen. Zilarrezko domina Marlen Reusser suitzarrarentzat izan zen; Van der Breggenek baino hamabost segundo gehiago egin zituen. Hirugarren sailkatua irabazlearen herrikide Ellen van Dijk izan zen, harengandik 31 segundora.

Hiru horiekin batera behar zuen egon Chloe Dygert estatubatuarrak. Edo hiruren gainetik, horrela ari baitzen 14,7. kilometroko erreferentzian. Reusserri 26 segundo ateratzen zizkion, eta Van der Breggeni, 36. Baina zorte txarra azaldu zitzaion bihurgune batean handik gutxira. Kontrola galdu, eta errepide bazterreko hesira eraman zuen bizikletak. Haren gainetik pasatu zen, ebaki handia egin zuen eskuin hankan, eta itzulipurdika joan zen maldan behera pixka batean, handik gertu geratu arte. Akabo iazko urrezko domina berriz lortzeko aukerak. Lehen ere lesio larriak izandakoa da estatubatuarra, eta atzokoa gehitu beharko die horiei.

Gertakari larri horrek erabat aldatu zuen lasterketa. Ibilbideko bigarren zatia leundu egiten zuen aldeko haizeak, eta hor erabaki zen dominen jokoa. Bikain moldatu zen Van der Breggen, eta jan egin zion Reusserri lehen erreferentziako hamar segundoren aldea. Suitzarrak lortu zuen bigarren lekuari eustea, Van Dijk izan zen hirugarren, eta laugarren leku etsigarrian Lisa Brenauer alemaniarra geratu zen, 45 segundora. Grace Brown australiarra sailkatu zen bosgarren, minutu bat geroago. Lourdes Oiarbide izan zen euskal herritar bakarra, eta 37. bukatu zuen, 5.44 minutura.

Van der Breggen, Reusser eta Van Dijk ez dira ezagun zaharrak podium batean. Izan ere, abuztuan, Europako Txapelketan, hirurak izan ziren dominen irabazleak. Baina Van Dijk bigarren izan zen, eta Reusser hirugarren. Atzoko garailearen palmares oparoan bada pare bat bider gertatu den zerbait: haren aurrean zihoana erortzeagatik izan zen bera garaile. Atzo bezala, azken batean. Duela lau urte, Olinpiar Jokoetan urrea irabazi zuen Annemiek van Vleuten erori egin zelako; 2018an, Munduko Txapelketan beste hainbeste gertatu zen. Eta aurtengo Giroan ere, Van Vleuten erori egin zen, lider zela.

Atzoko garaipenarekin, txapelketa guztiak dauzka irabazita erlojuaren aurkako eta errepideko proban: Herbehereetako, Europako eta munduko txapelketak. Olinpiar Jokoetan, duela lau urte, garaile izan zen errepideko proban 30 urteko herbeheretarra.

Pello Bilbaoren txanda gaur

Emakumezkoen ibilbide bera izango dute gaur gizonezkoek. Irteeran izango da Pello Bilbao, beste 56 txirrindularirekin batera. Aurreneko aldiz ariko da erlojuaren aurka Munduko Txapelketan, eta esan du lehen hamarretan sartzea «sekulako emaitza» izango litzatekeela. Faboritoa Rohan Dennis da, azken bi urteetako garailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.